Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Marrazoen bila

Goizeko zazpiak dira eta sei lagun gaude ontziaren zain. Bost mexikar eta neu. Lehen aldia da marrazo artean naizela igeri egitekoa. Steven Spielbergen “Jaws” filma geure etxean kultuzko bilakatu zenetik, nire ametsa da. Urte askotan luzatu den hitzordua da, kasik erronka kutsua dauka: hondo urdin ilunetik dator piztia, hortzak bistan, atmosfera likidoan sigi-saga, eta hantxe nago neu, urpekari jantziaz, itsas-otsoa, ausart, zain. Nire delirioan marrazoak badaki nor naizen, nire zain eman ditu 30 urte, eta errespetuz inguratzen nau. Errealitatean, ordea, marrazoak dauden tokira ailegatu gara, eta ehun bat ontzi daude, azal zuriko turistez beterik. Marrazoak (haginik gabeak, belarjaleak direnez) ontzien artean planktona eta arrainen arrautzak jateko ahaleginean dabiltza hara eta hona, guri kasurik egin gabe. Mexikarrak, neu bezala, bizitza salbatzeko txalekoz jantzirik bota dira uretara, eta hantxe goaz plista-plasta gida baten laguntzaz marrazoen bila: «Siganme con cuidado!». Ederrak dira marrazoak, baina urpean, haien ondoan, barkuak eta turistak ikusten ditut nonahi. Uneak badu magikotik, baina, sakon-sakonean, etsigarria da. Pistola atera nahiko nuke: zoazte hemendik, bidaiari putreok, utzidazue marrazoarekin bakarrik. Urpeko betaurrekoen atzean, ordea, erregu bera ikusten dut gainerako turisten begietan. Denak gaude hemen, eta denak sobran.