Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ander Imaz, karrozeria txikia baina iraupen luzea

Artola on eta serio batek lagunduta, ondo gainditu zituzten aukera aprobetxatu ez zuten Jaka eta Zabaleta.

JAKA-ZABALETA 17

ARTOLA-IMAZ 22


Inork gutxik espero zezakeen arren, Ander Imaz izaten ari da, emaitzei begiratuta bederen, udako pilotaria, bihar Donostian sasoiko laugarren finala jokatuko baitu, Artola lagun, Jaka-Zabaletari 17-22 irabazita. Bide batez, Baiko ere kontra zuen haizea alde jartzen ari zaiola nabaritzen ari da, eta Gasteizen eta Bilbon bere bikoteek garaipena eskuratu ostean, Donostian ere titulua eurentzat izango da, Olaizola II.a-Albisu izango baitira gipuzkoarren arerioak.

Oiartzuar atzelariak ondo daki, autopista zabal eta luzeetara irteten den autoak bezala, zaila duela zilindrada handiko atzelariei aurre egitea, hauek bidea garbi aurkitzen badute. Igandean bertan ikusi zuen Elgoibarren, Zabaletak berak eta asteazkenean lagun izan zuen Artolak 2an utzi zituztenean bera eta Irribarria txapelduna.

Gauzak, ordea, asko aldatzen dira errepideek, partidek, ibilbide sigi-sagatsua hartzen dutenean. Horixe gertatzen da udan, batez ere azken alde honetan partida pilaketak faktura pasatzen ari direnean. Eta halaxe gertatu zen Donostia Hiria torneoko bigarren finalerdian.

Kontua da, eskuineko eskua nahi bezala osatu ezinda, Jose Javier Zabaleta ohi baino tako gehixeagorekin irten zela Atano III.era, eta Etxarrengoak ez daki era horretan arerioak atzean uzten. Horrenbeste itxarondako aukera horretan, Erik Jakak ere ez zuen esperotako abantailarik izan –torneoak ere ez du bere unerik gozoenean harrapatu– eta «jo eta errematatu» espero zuten partida, iraupen proba bat izan zen eta hor Artola-Imaz askoz fidagarriagoak izan ziren, batez ere, unerik erabakigarrienetan huts gutxiago pilatu zituztelako.

Beti aurretik

Jakak lehen bi tantoak oso azkar egin bazituen ere, gantxo ederrei esker, azkar lortu zuten Baikokoek markagailuan aurrea hartzea. Hasieran distirarik ere izan bazuen ere, Iñaki Artolak oso partida serioa jokatu zuen, erremateari uko egin gabe, atzelariari ahalik eta gehien lagunduz eta aurretik ere, partidaren norabidea aldatuz.

Sendotasun horren aurrean, Aspekoek ez zuten erantzunik topatu. Zabaleta saiatu zen lehen atsedenaldian tako pixka bat kentzen eta egia da bigarren zatian hobeto aritu zela, baina pilotak geratzen joan ziren eta tantoak eta partida asko luzatu ziren. Beste era bateko partidak jokatzen ohituta, Erik Jakak ere ez zuen egokiegi asmatu erasorako pilotak aukeratzen eta bere konfiantzak ere behera egin zuen amaieran, urdinek sendo jarraitu zuten bitartean.

Inork uste ez zuen finala Hondarribian

G7aren bilkurak astebete atzeratuta, gaur jokatuko da Hondarribiko Grand Slamaren finala eta, bide batez, Jostaldi pilotalekuko udako denboraldiari amaiera emango zaio, arratsaldeko 20.00etatik aurrera. Final berezia izango da, gainera, hasiera batean faborito garbi irtetekoa zen bikoterik ez da-eta arituko. Hori bai, ondo merezia dute Erik-Ekhik eta Olha-Etchetok bertan izatea.

Partida oso parekatua eta erritmo bizikoa espero da. Aurrelariak ausartak dira eta joko bolada ezin hobean heltzen dira, gainera. Olha indartsuagoa da agian, baina Erik artistagoa tantoa amaitzerako orduan, beraz, estilo arteko talka espero da aurreko koadroetan. Atzean, lanari uko egiten ez dioten bi pilotari arituko dira, fisikoki bikain prestatuak pilota gutxi huts egiten dutenak.

Egiguren eta Lopezen lesioak direla-eta, hirugarren posturako lehiarik ez da izango, podiuma Goikoetxea-Aldazabalentzat izango da. GARA