J.O.
afizionatuak

Beste txapel bat irabazita borobildu du Iker Salaberriak bere asterik politena

Nekez ahaztuko du Iker Salaberria goizuetarrak gaur Ceniceron jokatuko duen partiduarekin itxiko duen astea. Izan ere, astelehenean Asperekin profesionaletan aritzeko kontratua sinatu zuen, ostegunean, 20 urte bete zituen egunean, Zumaian txapel bat jantzi zuen, eta, atzo, Antiguako txapelketa garrantzitsua irabazi zuen Aitor Alduntzinekin batera, Ioritz Egiguren eta Iker Mariezkurrenari nagusitasunez 22-10 irabazita.

Finalak igande goizetik larunbat goizera aldatzeak ez zien girorik kendu Antiguako finalei, eta Donostiako auzoko frontoi txikia goraino bete zen. Nagusien mailan emozioak partida erdira arte baino ez zuen iraun, hortik aurrera, Alduntzin oso sendo batek lagunduta, Salaberria jokoan sartu zen eta finalaren norabidea erabat eraman zuen bere aldera, gaur egungo afizionaturik eraginkorrena dela nabarmen erakutsiz.

Final onena, promesena

Finalik onena, dudarik gabe, promesen mailakoa izan zen. Bertan, Zabala-Gaskuek 22-18 irabazi zieten De la Fuente-Ganboari. Irabazleek asko zigortu zuten atzelari urdina, errebotean behartuz, eta garaipen ona eskuratu zuten. Nesketan, Miren Larrartek erraz irabazi zion Leire Garai arabarrari (18-8).