Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Bi mundu kontrajarri

Izan ditugu parez pare, Euskal Herrian. Planetako estatu boteretsuenetako mandatarien G7a, batetik, haien multinazional-segizioa presente baino presenteago, eta goi-bilera horren kontrako G7 EZ, bestetik, gehiengo sozialarena, zeinak aipatu mandatarien politiken bestelakoak planteatu dituen. G7ak salbuespen-egoera eragin du, hainbat aste lehenagotik, bai Iparraldeko kostaldean bai Hendaia eta Irun artean, mugaren alde biak poliziaz beterik, beldurraren eta goi-bileraren kontrako mugimenduaren kriminalizazioaren estrategia oinarri, Biarritz eta inguruak polizia eta militar andanaz bunker bihurturik. Parean, tokiko agintariek ezarritako eragozpen guztien gainetik, G7 EZ ehunka eztabaida burutzeko gai izan da, Euskal Herriko, Frantziako estatuko eta nazioarteko gizarte-mugimendu eta sindikatuen artean alternatibak eraikitzeko, G7ak asmo duen munduaren kontrakoa mamitzeko.

Macron presidenteak adierazi zuen, zinismo ikaragarriaz, goi-bileraren xedea zela desberdintasunen aurka borrokatzea, trantsizio ekologikoa bultzatzea eta, baita ere, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea, horretarako Kontsultarako Batzorde bat sortuta. Haren asmoa, ordea, ez izatea kontuan G7a botere feudal eta patriarkalaren eredu bikaina dela, non elite jakin batek ebazten duen gure planeta honen etorkizuna, planeta osoarena.

Hala eta guztiz, goi-bilerak erakutsi du erretorika feministez edo ekologistez harago potentzia horiek bat datozela autoritarismo eta errepresio handiagoan sostengaturiko konponbidearen alde –Biarritzeko eta mugako blindajeak ederki jarri du ikusgai–, pribatizazio-, erauzketa- eta merkantilizazio-prozesuak areagotzearen alde, merkataritza-itun saldo berriaren bitartez; bizitzari eusten dioten zeregin erreproduktiboen pribatizazioa, eta, multinazionalen zigorgabetasuna ukiezin, botere korporatiboaren sendotzea.

Hain zuzen, puntu horiek jorratu ditu G7 EZ ekimenak, bestelako aukerak eta egiturazko aldaketak mahai gainera ekarriz. Aldaketak gizarte- eta arraza-desberdintasunak txikiagotzeko, gastu publiko eta sozialaren murrizketak areagotu dituen horiek… Alegia, beste kontinente batzuetako espoliazioa geldiarazteko, oinarrizko ondasun eta zerbitzuak denok izango ditugula ziurtatzeko, migratzeko bide seguruak sortzeko eta lan-baldintza duinak bermatzeko, eta hori guztiori ikuspegi ekofeminista garbiaz. Izan ere, bestelako mundua eraikiko badugu, feminismoa oinarri egin beharko dugu, halabeharrez.