Izarne Totorika
Medikua
KOLABORAZIOA

Nolatan (ez zara) ospitalean erditu?

Kontatua dit amonak nola erditu zituen baserrian bai ama eta bai lau osaba-izebak ere. Beldurrik izan zuen galdetzean, berak «beldurra zeri?». Erditzea bai guk eta bai animaliek milioika urtetan instintiboki egiten dihardugun prozesua bada, zergatik diogu horrenbesteko beldurra? Minari, zerbait gaizki irteteari... beldur hori izan ote da erditzea medikalizatzera eraman gaituena? Arriskuak gutxitzeko nahi horretan, prozesu natural bat ospitalean artatu beharreko eritasun bihurtzera pasa gara, eta horrek, etxeko intimitatean, konfiantzazko pertsonek babesturik eta gorputzaren bulkadei mugarik jarri gabe emandako erditzea bizitzeko aukera baztertzera eraman gaitu. Egindako ikerketek diote arrisku baxuko haurdunaldietan, hartu beharreko neurriak hartu eta profesional talde batekin kontatzen bada, etxeko erditzeek ez dutela ospitaleko erditzeek baino arrisku handiagoa suposatzen.

Beraz, haurdunari beldurrarekin erantzun beharrean, zergatik ez diogu informazio guztiaren eskaintza egiten? Profesionalekin prozesu segurua da eta, zorionez, ospitaleak eskaintzen dizkigun baliabideak ditugu, kasuak horrela eskatzen badu, erabili ahal izateko. Horrekin ez dut esan nahi etxean erditzea ospitalean erditzea baino hobea denik, emakume bakoitzak askatasunez erabakitzeko eskubidea da aldarrikatzen dudana.

Magaleko emaginek emandako hitzaldi baten harira ulertu nuen etxean arrisku baxuarekin erditzeko aukera nuela. Gazte eta osasuntsu nengoen, asko zaindu nintzen haurdunaldian zehar, indartsu nengoen fisikoki eta mentalki eta nire bikotekidea izan nezakeen laguntzarik onena zen. Ondo informatua nengoen, ezagutzen nituen arriskuak eta baita artatuko ninduten emaginak ere. Ni nintzen nire alaba arazorik gabe jaiotzea nahi zuen lehena.

Zoritxarrez, erditzea den prozesu ederra etxean bizitzeko aukera pribilegio bat da egun gure herrian eta Estatu espainiarrean. Erresuma Batuan, Herbehereetan, Islandian, Norvegian, Frantzian, Austrian... osasun sistemak finantzatutako aukera den bitartean, hemen, gutxi batzuen esku dagoen esfortzu ekonomikoa eskatzen du, nahiz eta ikusi den ospitaleko erditzeak baino kostu baxuagoa suposatuko ligukeela herritarroi etxeko erditzeak osasun publikoan barneratzeak.

Medikua naiz, ospitaleko lanarekin ikaragarri disfrutatzen duen langilea eta gaixotasunen aurkako borrokan medikamentuen eta teknologiaren erabiltzaile deklaratua. Baina ditugun erremintak arduraz eta beharrezkoak diren kasuetan erabiltzeko dira, eta beldurra ez da kasu horietako bat. Esango nuke ezjakintasuna dela jende askok (profesionalok barne, edota bereziki) etxeko erditzeei uko egitearen eragile nagusia.

Eskerrak eman nahi dizkizuet Magaleko emaginei, Maria, Clara eta Josuneri, zuen proiektuarekin aurrera jarraitu eta emakumeok gure indarrean sinestera garamatzazuelako. Zuen maitasun eta berotasunak, inoiz ahaztu ezinezko esperientzia biziarazi digulako eta zuen jakintzak eta profesionaltasunak gure txikia mundura osasuntsu eta maitasunez beteriko atmosfera batean jaiotzea posible egin duelako. Itxaropena dut egunen batean zuek eskainitako zerbitzua, pribilegio bat izatetik aukera bat izatera pasako dela.

Bukatzeko, animatu nahi zaitut, zu, emakume, informatzera. Zure gaitasuna zalantzan jarri aurretik, ospitaletik kanpo erditzeari beldurra izan aurretik eta beste emakume batzuei kritika egin aurretik, informatu. Segurtasuna ematen dizun tokian eta babestua sentiarazten zaituzten pertsonekin erditu ezazu, garrantzitsuena zure txikia ondo etortzea da, baina informatu eta hausnartu ondoren hartutako erabakia izan dadila, ez beldurrek eta aurreiritziek inposatutakoa. Sinistu zure buruarengan.