Pello ZABALA
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Bi zuhaitz bitxi

Arantzazun Ama Mariaren bederatziurrenean ohi gara urtero, irailaren lehen astean. Nola bestela? Aspalditik irailaren 9a dugu gure elorri zuri arantzadunaren egun data zehaztua. Noski, elorri zuriak badu bere projimo beltza ere. Bakoitzak bere gune eta toki estimatuak dituela ikusi eta ezagutu dugu, Arantzazu bezalako mendi bizkar eta aldapaguneetan bizitzea aukeratu dugunok.

Elorri zuria du bere txoko eta eserleku gure Ama Arantzazukoaren irudi xurixka eta zurittoak. Xuabexeagoa eta leunxeagoa elorri beltxa baino. Eta argiagoa, noski. Halere, bi zuhaixken arteko alde nabarmenenak beste bi hauek direla esango nuke: adarretako orrien emana berde ahulagoa dela elorri zuriari dagokionez. Ilunagoa eta berdoxkagoa, beraz, arantzabeltz serioxkagoarena. Azala bera ere, tronkuan nahiz adaxketan, ilunkaragoa duzu, argi gutxikoa.

Baina, bestelakoa da bien arteko alde nabarmenena; fruitu alexka biribil horietan daukate bakoitzak bere aziertoa: gorrixka eta biribil ttikikoa da, elkarren ondoan zintzilikari doan elorri zuriaren xortarena. Ale borobilxeagoa, beltz ilunagoa ale beltxarena. Ez zaio alferrik deitzen basarana edo bax-okarana. Patxarana esanda argiago, ezta?

Makina bat atzamar kastigatu izan ditu patxaran bila joan zaion basaran serio beltzak! Adarño biek, botoi gorriduna bezala patxaran beltxduna ere, hainbat mahaigain edertzen ikusi ohi dira, elegante eta goxo, eskuekiko distantzia gordeaz beharko, bestela ziztatuko zaituzte fin eta punttual asko.