2019/09/08

PEIO JORAJURIA
SEASKAKO LEHENDAKARIA

Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren lehendakari berria da Peio Jorajuria azkaindarra. Seaskak garapen handia duen momentuan hartu du gidaritza, eta ikasleen kopurua etengabe gora egiten ari den garai honetan, irakasleak eta egoitzak dira behar nagusiak. Lehen ez bezala, orain Ipar Euskal Herrian ikastolek jasotzen duten sostengu politikoa handia bada ere, Parisera begira erronkak handiak dira.

«Ez gara eskola pribatu arrunta, lurralde baten hautua defenditzeko gaude hor»
I. ERASO- I. BIDEGAIN|AHETZE
0908_eh_jorajuria

Ikastola baten irekiera ekitaldi batera lehendakari gisara lehen aldiz agertu da Peio Jorajuria. Ahetze eta Arbona herrietarako ireki da federazioko 37. hezkuntza zentroa, eta «ikasturte eder» bati hasiera eman diotela baieztatu du irribarretsu, egungo egoerak dituen argi-ilunak agerian utziz, hala ere.

Seaskako lehendakari berria zara, Paxkal Indok hamaika urtez toki hori izan eta gero zuk hartu baituzu lekukoa.

Paxkal beti lehen lerroan izan da, hori da agertu dugun burua, baina azpimarratzekoa da ere gibelean baginela bulego sendo bat. Erabakiak beti kolektiboak izan dira Seaskan; beraz, hor burua aldatu dugu, lehen lerroan orain lekua hartu beharko dut, baina gibelean dugun tresneria beti hor da. Alde horretarik espero dugu ez dela aldaketa handirik izanen. Pertsonalki, Paxkal figura bat zen, gure pailazoa genuen, bazekiena noiz doinua aldatu, noiz jendea bereganatu; hori ikasi beharko dut.

Berari galdetuta esan zuen estilo ezberdina izanen zenutela, bera txantxatiagoa zela, baina zutaz esan zuen txostenak oso ongi ezagutzen zenituela, eta konfiantza osoa egiten zizula.

Paxkal bertsolaria zen. Langile handia. Heldu zen, hala ere, biziki prestaturik hitzorduetara; baina gero bertsoa maite zuen, eta inprobisazio pixka bat. Nik momentuko beharko dut lan gehiago hartu, eta dudarik gabe txostenetan gehiago oinarrituko naiz, bederen hastapenean.

Garapenarekin segituz hasi duzue beste ikasturte bat?

37. ikastola ireki dugu, hori beti festa da. Ikasle kopurua historikoa dugu: ikasturtea hasi aitzin ez genekien 4.000 ikasleren heina gaindituko genuen, baina kontuak egin ditugu, eta 4.001 ziren astelehenean, Eguberrietarako 4.070 inguru izanen dira.

Kopuru handitze hori, non nabarmentzen da gehien?

Handitzea denean da. Lehen Mailak segitzen du bere hazkundea; hori pixka bat harrigarria da, zeren eta demografia aldetik sortze tasa apaltzen ari bada ere, ikastoletan kopuruak handitzen ari dira. Ezarri ditugu aurrefabrikatuak sei zentrotan, eta lanak egiten ari dira beste bostetan ere.

Ikastola berria sortu duzue Ahetze eta Arbona ingururako.

Bi herrietan, duela bi urte, bada guraso talde biziki motibatu bat nahi duena ikastola bat. Mapa begiratzen badugu, orain arte ikastolek estaltzen zuten kostaldeko lehen lerroa, bigarren lerroan bagenuen hutsunea zonalde honetan, orain estaltzen duguna. Beharrezkoa zen, bada biztanle anitz, eta zonalde zaila da euskara mailan. Barnealdean, badugu oraindik lan pixka bat heldu den urteetarako.

Lan egin dugu Arbona eta Ahetzeko auzapezekin ere, baina badira gauza batzuk konpontzeko, anartean, etxe bat alokatu dugu. Sartzea egin dugu sei ikaslerekin, urtarrilean badakigu bederatzi izanen direla.

Hurrengo ikasturteari begira baduzue proiekturen bat?

Momentuko ikastola irekitzeko ez, baina fite aldatzen ahal da. Araua beti izan da, galdera badelarik guk erantzun dugu.

Bigarren Hezkuntzan, zein da egoera lau kolegioetan eta Baionako lizeoan?

Matrikulazioak anitz-anitz igo dira kolegioetan azken urteetan; "boom" bat izan zen lehen mailetan duela bospasei urte, eta ikasle horiek orain Bigarren Hezkuntzara heltzen dira. Arazoa dugu irakasleen lanpostuekin, nahiz eta ukan ditugun 19,5 postu, baditugu oraindik eskasiak. Badugu ere toki eskasia, sinpleki, behar dugu epe biziki laburrean bosgarren kolegio bat Hego Lapurdin. Xerkatzen ari gara lur eremu bat.

Lizeo berria estreinatu genuen duela bi urte, eta kopuruak igotzen ari dira. Badugu ere Lanbide Heziketa, hori irekitzea pario bat izan zen. Kopuru biziki txikiekin hasi ginen, baina sartze honetan 50 ikasle baditugu. Horretaz biziki harro gara, euskararen eskaintza ibilbide guztietara proposatzea ematen baitu. Horretarako, handitu egin behar izan dugu, eta zortzi ikasgela eraiki ditugu uda honetan.

Lanpostuak lortzeko borroka handia izan zen aurreko ikasturtean. Nolakoa da harremana gatazka horretan parean zeneuzkaten Hezkuntza Nazionaleko ordezkariekin?

Azpimarratzekoa da borroka hori ez dugula bakarrik eraman, Euskararen Erakunde Publikoarekin aritu baikara, eta erakundearen inguruan diren hautetsiekin ere bai, izan hemengo erakundeen ordezkariak, izan diputatuak edo senatariak.

Ulertarazi izan diegu, eta horregatik lortu dugu iaz, ez garela eskola pribatu arrunta, ez gara hor guraso batzuen hautua soilik defendatzeko, lurralde baten hautua defendatzeko ere bagara hor. Gure ikastolak hizkuntza politikako oinarri batzuk dira, eta hori ez dugu guk bakarrik erraten, hemengo hautetsiek ere erraten dute. Lurralde hori ezin da garatu hizkuntza politiko sendorik gabe, eta nahi den hizkuntza politika ezin da eraman Seaska lagundu gabe. Urte osoa horretan eman dugu, eta ulertu dute; postuak lortu baditugu urte bukaeran, hautetsiek hori ulertarazi dutelako da. Espero dugu aurten hori kontuan hartuko dutela hastapenetik.

Borroka horrekin lortutako baliabideen ondorioz, urte batez baino gehiagoz Hezkuntza Nazionalarekin berritu gabe zegoen hitzarmena izenpetzea onartu zenuten.

Hitzarmen hori idatzia da, badugu lan tresna bat, horrek ematen digu negoziazio eta elkarrizketa esparru definitu bat, beraz, espero dugu koadroa sendoa dugula. Ez dakigu nola izanen den, solaskide berriak baititugu, bai Bordelen, bai Pauen. Heldu dira beste eskualde batetik, eta ikusi beharko da zenbat denbora ematen duten ulertzeko gure berezitasuna. Behar dute ikasi nor garen eta nola funtzionatzen dugun, lurraldea nola ibilki den, ez garela hain arruntak. Eta behar dugu ere iritzi aldaketa bat Parisen; ikusi dugu azken bi urteetan Parisen, kopuruen mailan, bereziki aurrekontuari lotua, ez hainbeste hezkuntzari. Eta hori espero dugu aldatuko dela.

Eta izan dira ere hainbat oztopo hizkuntza gutxituei buruz, bai ikastoletan, bai hemengo eskola publikoetan, baita beste eskualdeetan ere. Hizkuntza gutxituak zer diren, eta zergatik garatu behar diren, Parisen ere ikasi dute. Ikasi baldin badute egiazki, aurten ongi pasako da.

Euskarazko hezkuntza eskaintzen duten eragile publiko eta pribatu katolikoekin elkartu zineten Gobernuaren jokabidearen aurrean. Beste elkarteekin izan zenituzten harremanak atxiki dituzue?

Bai, euskara Iparraldean ez dugu ikastoletatik salbatuko. Gure ereduaz biziki harro gara, gure ustez ikastolak beharrezkoak dira, eta murgiltze eredua guk defenditzen dugun moduan garatu behar da, baina badakigu behar ditugula indar guztiak. Guk ikasleen %10 eskolatzen ditugu, besteak eskola publiko eta pribatuetan dira, eta horiek ere behar dute euskara ikasi, eta beraiek ere behar dituzte ahalak eta behar dute askatasuna euskara garatzeko. Borroka hori elkarrekin eramaten dugu, bakoitza bere erritmoan ari gara, ez ditugu kezka berdinak beti, ez dugu egutegi berdina, baina bistan dena, gu lehen lerroan izanen gara eskola publikoa defendatzeko ere.

Hizkuntza gutxituen kontrako jarrera orokorra da Parisen. Zer harreman duzue borroka horretan, murgiltze eredua eskaintzen duten estatuko beste elkarteekin?

Eskolim sarean antolatuak gara, baditugu bost eskualde hor direnak, biltzen gara erregularki, eta urrian badugu hitzordu nagusi bat, solasaldi bat antolatzen baitugu hemen Iparraldean. Elkarrekin landuko dugu formakuntza bat, hizkuntza gutxituak nola irakatsi murgiltze ereduan. Ikusiko dugu ere bakoitza zertan den, baita ere elkarrekin nola eragiten ahal dugun egoera aldatzeko.

Euskara eta hizkuntza gutxituak baztertuak dira legetik, lortzen ditugun gauza guztiak salbuespenez dira, eta salbuespenak ezin ditugu kudeatu epe luzean. Badira hainbat gai legeak trinkotu behar dituenak. Azken urteetan elkartzen gara erregularki katalanekin, bretoiekin, okzitaniarrekin, alsaziarrekin, eta noizbehinka korsikarrekin, legeak aldatu nahian. Legean ez bada idatzia hizkuntza gutxituak babestu behar direla, salbuespenak negoziatu behar ditugu, eta salbuespenak negoziatu behar ditugu solaskidea aldatzen den aldiro.

Negoziazio politikoan esan duzu hautetsiak garrantzitsuak izan direla, oraindik ondoan dauzkazue?

Dudarik gabe, eta azken bi urteetako gatazkak fruitu bat ekartzen badu, hori da. Lehenik sostengu gisa genituen, iaz lehen lerroa hartu izan dute noizbehinka, eta aurten ere hor dira. Ongi ulertua dute beharrezkoak ginela eta haiek agertzea beharrezkoa zela ere. Frontea ez dugu gehiago, duela 20 urte bezala, gurasoak hemengo hautetsien kontra, desadostasunak ez dira gehiago hor, orain dira egiazki lurraldea Parisen aurka, eta lan hori ezin dugu bakarrik eraman, hautetsiak behar ditugu, hautetsiek badakite eta prest daude hor egoteko.

Ikasturte honetako erronkak zeintzuk dira?

Ikusiko dugu, hasten gara biziki zoriontsu, ikastola berri baten irekitzearekin. Arrangura nagusiak egoitzenak dira, egoitzen finantzamendua beti problematikoa da, badugu hamar bat tokitan ikastolak handitu beharra. Kopuruak ere kudeatu behar ditugu, ikasle berriak baditugu, irakasle berriak ere sartu zaizkigu, horiek ere formatu behar ditugu, eta hori etengabeko lana da. Eta bistan dena, heldu den ikasturtea prestatu behar dugu. Hor ikusiko dugu iaz abiatu genuen negoziazio politiko hori, zertan den, eta horrek baldintzatuko ditu hainbat galdera.

GARAPENA


«Ez genekien 4.000 ikasleren heina gaindituko genuen, baina kontuak egin ditugu, eta 4.001 ikasle ziren astelehenean, ikasturte hasieran. Hazkundea Lehen eta Bigarren Hezkuntzan gertatu da»

EUSKARAZKO HEZKUNTZA


«Euskara Iparraldean ez dugu ikastoletatik salbatuko. Gure ereduaz biziki harro gara, baina hor izanen gara eskola publikoa euskaraz defendatzeko ere»