2019/09/10

Ingurune digitalak hizpide, Euskaltzaindiaren jardunaldian

Irailaren 12an eta 13an Donostiako Tabakaleran 21 aditu elkartuko dira ingurune digitalak hizkuntzan duen eragina aztertzeko. Honakoa Euskaltzaindiaren mendeurreneko azken jardunaldi akademikoa izango da, nahiz eta ospakizunak urrira arte iraungo duen.

GARA|DONOSTIA

Urrian amaituko dira Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunak, Gipuzkoako Foru Aldundian egingo den ekitaldi ofizialarekin batera. Hain zuzen, jauregi horretan bertan egin zen Euskaltzaindiaren lehen Osoko Bilkura; bilkuran euskaltzainek Resurreccion Maria Azkue hautatu zuten buru, Jose Agerre diruzain, Julio Urkixo liburuzain eta Luis Eleizalde idazkari. Horrez gain, egoitza nagusia Bilbon finkatzea erabaki zen.

Mendeurrenean zehar hainbat jardunaldi akademiko egin dira, euskarari eragiten dioten hainbat alderdiren inguruan eztabaidatzeko balio izan dutenak. Hamargarren eta azken jardunaldia Donostiako Tabakalera eraikinean egingo dute, irailaren 12an eta 13an, eta 21 hizlari eta adituk parte hartuko dute. Besteak beste, Andoni Sagarna, Miriam Urkia, Mikel Zalbide eta Patxi Uribarren euskaltzainak izango dira; eta Iolanda Fernandez Casal (Real Academia Galega); Hans Van de Velde (Fryske Akademy); Vincenç Riviere (Lo Congres Permanent de la Lenga Occitana); Joaquim Rafel (Institut d'Estudis Catalans); Josu Aztiria (Elhuyar); Iñaki Alegria eta Olatz Arregi (IXA Taldea); eta Mathieu Constant Lorraineko Unibertsitateko irakaslea.

Azken mintegi honetan ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara aztertuko dira, helburu jakin batzuk bilatuz: garatu nahi da nola bizkor daitekeen euskararen estandarizazioa garai hauetan eguneroko eta ezinbesteko bihurtu den ingurune digitalaren bitartez.

Horrez gain, beste hizkuntzetako esperientziak ezagutuz eta Euskaltzaindiarenak azalduz, euskalgintzarekin batera aurrera egitea da helburua, euskararen estandarizazio horren formulazioan, ebaluazioan eta zabalkuntza bidean, XXI. mendeko euskal gizarteak euskararen inguruan dituen premiei erantzun egokia eman nahian.

Azken jardunaldi hau Euskaltzaindiaren Youtubeko atarian streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.

Urriko lehen astea

Mendeurrena ez da jardunaldiarekin amaituko, urriko lehen astera arte luzatuko baitute ospakizuna. Irailaren 21ean erromeria egingo dute Bilboko Plaza Barrian; 27an “Berri gogoa” liburua aurkeztuko dute Gasteizen; urriaren 2an “Euskaltzaindia: egunak eta lanak” dokumentalaren estreinaldia dute aurreikusia Bilboko BBK aretoan; hurrengo egunean Hernanin izango dira “Hitzaldia euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko kartzelan” irakurraldi dramatizatua egiten; eta urriaren 5ean mendeurrena amaitutzat emango dute Gipuzkoako Foru Aldundian egingo duten ekitaldi bereziarekin.

Hori ez da izango, hala ere, mendeurrenaren baitan gauzatuko duten azken ekitaldia, urriaren 6an “Euskaltzaindia, euskararen ehun urteko laguna” komikia argitaratuko baitute akademiaren historiari errepasoa eginez.

2018ko irailean egin zuten mendeurreneko lehen jardunaldia, Baionan. Oñati, Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostian egin dituzte hurrengoak.