Jon ORMAZABAL
PILOTA

«Minik ez, baina besoa ezgai nuen»

Eskuin besoko nerbioa hautsita, ia bost hilabete eman ditu Jon Ander Peñak kantxetatik at, baina larunbatean utzi zuen amesgaitzoa atzean Ceniceron

Gutxitan utziko zuen 22-11 galdutako partida batek larunbatean Ceniceron Jon Ander Peñari utzitakoa bezalako gustu ederrik. Normala denez, gusturago itzuliko zen Tolosara garaipena eskuratuta, baina pasatutakoak pasatuta, pozik egoteko moduan da pilotari gipuzkoarra. Izan ere, eskuin besoko nerbioan izandako haustura baten ostean, bost hilabete eman behar izan ditu kantxetatik kanpo eta gorriak ikusi eta gero, bere burua berriz ere kantxan lehiatzen ikustea handia izan da Peñarentzat. «Larunbatekoa debut baten modukoa izan da niretzat», aitortu zion atzo GARAri.

Kalbarioa apirilaren 13an hasi zen Baikoko pilotariarentzat, Labriten Agirreren aurka lehen mailako Buruz Burukoan jokatzeko kanporaketa aurrekoa jokatzen ari zela, minak erasota partida bertan behera utzi behar izan zuenean. Ordutik honakoa luzea ez ezik gogorra izan da aurrelariarentzat. Berea ez da eta ohiko lesio bat izan. «Ez da erraza izan, ez. Nahiko izorratuta egon naiz. Minik ez neukan, baina besoa ezgai nuen erabat eta hori horrela ikusita kezka handia izaten da», aitortu zuen. «Lehen bi hilabete eta erdiak bereziki gogorrak izan ziren, egun guztiak berdin-berdinak ziren, eta gero pixkanaka argia ikusiz joan nintzen», gaineratu du.

Indarrik ez

Lesioaren lehen aste horietan bazuen ezkerrez eta frontoian zerbait egiterik, baina pilotalekura joan eta eskuin horretan batere indarrik ez zegoela ikustea –giharra ez zen altxatu ere egiten– gogorra egiten zitzaion.

«Gauza da lesio hau bezalako kasu oso gutxi egon direla eta nirea, sintomatikoki, pixka bat arraroa ere izan da, ze nerbioa ez zitzaidan partidan hautsi, geroago hautsi zen. Nerbioa hautsita zegoela esan zutenean bagenekien zer zen, baina zalantzak zeuden errekuperazioa zenbat luza ote zitekeen».

Kasualitatez, iaz bertan bere kide Salaverri errioxarrak ere oso antzeko lesio bat izan zuen, baina gertatu zen modua desberdina izanda, zenbait zalantza eta buruhauste ere eragin zizkion lesioak tolosarrari.

Dena dela, sendagileek agindutakoa betez eta pazientzia dosi handi samarra hartuta, aurrera egitea lortu zuen tolosarrak. «Nerbiora zuzenean odol plasma sartu zidaten eta aurreneko momentuetan itxarotea besterik ez zegoen; besoa pixkanaka erantzuten hasi zenean, errehabilitazioa eta gimnasioko lanak egiten hasi ginen». Tarte honetan ederki ikasi du Tolosatik Gasteizerako bidea, astean behin baino gehiagotan joan behar izan baitu, baina azkenean merezi izan du.

Halako lesioak sekula ez datoz une onean, baina aukeran jarrita, ia unerik txarrenean heldu zitzaion Jon Ander Peñari, Promozio mailako buruz buruko bi finalak jokatu ostean profesionaletan bere burua kokatzen ari zela eta Baikok lehen mailako Buruz Burukoan jokatzeko aukerak zabaldu zizkionean heldu baitzen. «Egia da lehen mailakoaren atarian izan zela, enpresak aukera eman zidanean eta gainera uda aurretik nuenean; beti izorratzen du uda galtzeak, ze pilotariarentzat oso sasoi polita izaten da, baina neguan gertatu izan balitz ere txapelketaren bat galduko nukeen eta sekula ez dator ondo», azaldu zuen.

«Ondo jokatzen ari nintzen, neure buruarekin gustura sentitzen nintzen, baina gauza hauek gertatu egiten dira eta aurrera begiratu beharra dago».

Partida gehiago jokatzeko irrikaz

Bost hilabete luze eta gogor atzean utzita, itxaropentsu agertu da Jon Ander Peña eta argi dauka aurrera begiratu eta ahalik eta partidarik gehien jokatzea dela orain egin dezakeen onena. Horretarako sasoirik egokiena uda hasiera den arren, oraindik ere izango ditu irailean zehar partidak jokatzeko aukerak tolosarrak.

«Azkenean ahal den eta azkarren berriz ere erritmoa hartzea da orain komeni zaidana eta ea laster gainontzekoekin lehiatzeko moduan nagoen».

Oraintxe bertan, enpresak jarritako partida guztiak dira politak eta «enpresak badaki partidak behar ditudala, ahalik eta gehien jokatu, berriz ere lehengo maila hartzen saiatzeko», aitortu zuen.

Gauzak horrela, larunbatean Ceniceron kantxetara itzuli eta gero, asteburuan bi partida jarri dizkiote, bata larunbatean Vianan eta bestea igandean Burgoseko Salas de los Infantes herrian. Autoz kilometro mordoxka egin beharko ditu, baina bai gustura egin ere.J.O.