2019/09/11

Mikel Aramendi
Kazetaria
Zalmay oroitarazlea
Trump-eneko zoroetxean norbaiti otu zitzaion bera izango zela gizonik egokiena isilpean talibanekin akordio politiko-militarra negoziatzeko

Oroitarazleak ez ditu antzerki-lanak ez idazten ez antzezten. Baina bere zoko ezkututik, obraren testua eskuetan duela, antzezpena bermatu behar izaten du, beti dagoelako norbait oholtzaren gainean haria galduta geratzen dena.

Oroitarazlearen papera suertatu zaio beti Zalmay Khalilzadi Estatu Batuek azken hamarkadetan Asia Erdialdean eta Mesopotamian antzeztu dituzten tragikomedia guztietan, edo ia guztietan. Gainera, esango nuke, berari gustatu egiten zaiola lanbide hori: erabakigarria baina inolako distirarik gabea. Eta ukaezina da Estatu Batuetan afganiartzat eta Afganistanen estatubatuartzat jotzen duten horrek badituela berezko dohainak horretarako. Batik bat, behar diren hizkuntzak jakitea: ingelesa, arabiera, daria, paxtunera, urdua...

Duela 18 urte, Afganistango gerraren enegarren fasea abiarazteko funtsezkoa izan zen Khalilzad oroitarazlea, talibanen aurkarien artean dolarrak zakukadaka banatzeko (aurreko faseetan ere antzeko zerbaitetan aritua zelako). Geroago, antzeko eginkizuna suertatu zitzaion Bagdad okupatuan, behingoz ofizialtasun pittin batekin.

Aurrekari horiengatik edo, Trump-eneko zoroetxean norbaiti otu zitzaion bera izango zela gizonik egokiena isilpean talibanekin akordio politiko-militarra negoziatzeko. Itzultzailerik ez zuen beharko, behintzat. Eta eskrupuluek ere ez zuten haria galduta utziko.

Esan eta egin, Zalmay oroitarazleak ia burututa zeukan enkargua, Qatarren hilabeteetan negoziatu ondoren: Obama kaikuak lortu ez zuena lortuko zuen Trump azkarrak. Aise, gainera. Utzi beharreko guztiak bidean utzita, jakina.

Azken ekitaldia heldu denean, ordea, konturatu dira oroitarazleari eman zitzaion antzezpen-testua ez zela emanaldi honetarako nahikoa. «22 Gia Long St. ez» baitzioen soilik paperak. Eta Zalmay negoziatzaileak antzezlari talibanekin lotua zuen Saigoneko ihesaren argazki hura ezingo zela errepikatu Kabulen. Beste guztia, antzera izango bazen ere.

Zoroetxean, argazkiaren irrikaz, ahaztuta zeuden Ho eta Giapek inoiz ez zutela AEBetako lurralderik eraso. Eta irailak ere 11. egun bat baduela. Eta...