2019/09/13

Izoztu zitzaigun uda hondarreko egun hura
Amagoia MUJIKA
0913_kultura_barberena

Kolpe bat, latza. Jon Barberena Ibarra bertsolari eta idazle elizondoarra bat-batean zendu zen atzo bizitoki zuen Erratzun, berrogei urte zituela. “Izoztu zitzaigun negu hura” eta “Neguko gaba”. Horiek azken urteotan saria lortu duten bere poesia lanetako bi. Eta horrelaxe geratu dira bertso mundua eta literaturarena, izoztuta eta ilunetan. Etxekoak eta lagunak antzeko begitantzen ditugu, bi haur txikiren aita baitzen. Maite zutenei ixiltasuna trabatu zitzaien eztarrian atzo eta hizketarako gai ez zirela geratu ziren. Bittor Elizagoienek ahalegina egin zuen guretzako, «sinistu ezinda» zegoelarik.

Barberena poeta zen eta poesiaren eskutik heldu zen bertsogintzara. «Hogei bat urte zituenean ezagutu nuen. Nafarroan antolatzen genuen txapelketa txiki batean parte hartzen nuen nik eta gogoratzen naiz saioa bukatu ondoren nirekin bertsotan aritu zela, hantxe, elkarte batean. Igual ordubeteko saioa egin genuen biok. Egun horretan ezagutu nuen bertsolari bezala. Doinu guztiekin aritu ginen eta harritu egin ninduen mutil hark nola egiten zuen bertsotan. Plazara ateratzera animatu nuen. Eguberri inguruan Lesakan taldekako txapelketa bat izaten da, lagunartekoa, eta uste dut hura izan zela jendaurreko bere lehen plaza, 2004. urte inguruan».

Ordurako hogei urte baino gehiago zituen eta artean ez zen bertso eskolan ibilia. «Geroztik bai, gurekin aritu zen Mugairen. Taldetxo bat elkartzen ginen eta hor hasi zen gurekin entrenatzen». Aurretik, baina, bere kasa lana egina zuen eta ondo ezagutzen zituen bertsoaren barrunbeak. «Jon poeta zen eta poesiaren eskutik landua zuen bertsoa. Bertsotara guregana heldu zenerako, ez zuen akats tekniko bakar bat egiten. Oso bertsolari teknikoa zen, errimak beti zuzen, euskara ongi... bere kasa lan handia egindakoa zen», gogoratu du Elizagoienek. Gerora bere bertsokeraren tasun nabarienak horiek izan dira; zuzentasun teknikoa, hizkuntza aberastasuna, errimategi fina eta emozioak eta gai sakonak bertsoaren neurrian kabituarazteko gaitasuna. Poesia ez zuen eranzten bertsotarako. «Txapelketako saioetan asko nabaritzen da norberak, bakarka, etxean egindako lana. Eta Joni asko nabaritzen zitzaion lan handia egiten zuela. Oso fina zen».

Barberena txapelketako bertsolaria zen nagusiki. «Jon batez ere txapelketako bertsolaria izan da. Plazetan ez da aunitz ibili. Txapelketak plazak baino gehiago gustatzen zitzaizkiola esango nuke eta asko gozatzen zuen txapelketa prestatzen». Parte hartu zuen azken txapelketa 2015. urtekoa izan zen. Gerora, 2017ko eta 2019ko Nafarroako finaletan Euskal Telebistan aritu zen esatari lanetan.

Bittor Elizagoienek nabarmendu nahi izan duenez, «mutiko apala, jatorra eta ona zen Jon Barberena. Berekin edozein tokitara joateko modukoa zen. Sekulako kolpea hartu dut gaur goizean deitu didatenean. Oraindik sinistu ezinda nago. Edo ez dut sinistu nahi».

Sentimendu garratz hori orokorra izan zen atzo euskalgintzaren munduan, sare sozialetan ondo islatu zenez.

Jon Barberena Ibarraren azken agurra bihar, larunbatarekin, izango da Elizondoko Santiago elizan, arratsaldeko 17.00etan.