GARA
GASTEIZ

Arabako Errioxa markaren jabetza berreskuratzea eskatu du EH Bilduk

Errioxa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen esku dago Arabako Errioxa marka duela hogei urtetik, eta duela bi urte Europar Batasunean marka hori erabiltzeko baimena ere eskatu zuen. Gertakizun horien ondotik, marka berreskuratzeko eskatu die EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari eta Lakuari.

EH Bilduk agerraldi publikoa egin zuen atzo Gasteizen Arabako Errioxa marka berreskuratzea aldarrikatzeko. «Arabako eskualde baten izena, euskal eskualde baten izena, ez da bertako herritarren jabetza, eta Arabako zein EAEko instituzioen utzikeriak Arabako Errioxako ardogintzan bide orri bat ez dutela adierazten du», kexatu ziren Kike Fernandez de Pinedo eta Eva Lopez de Arroyabe koalizioko kideak. Jarrera honek «bertan bizi eta lan egiten duten herritarrenganako errespetu falta» adierazten duelakoan daude.

Hala, behingoz marka errekuperatzeko eskatu zien EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari zein Lakuari. «Azken hamarkadan instituzioek erabateko utzikeria adierazi dute, beste alde batera begira egon dira eskualde bati bere izena lapurtzen zioten bitartean», egin zuen protesta Fernandez de Pinedok.

Aldarrikapen honen jatorria duela hogei urte kokatzen da. Estatuan erabiltzeko asmoz, Errioxako Kontseilu Arautzaileak Arabako Errioxako marka erroldatu zuen ardogintza eta elikagaiei lotutako produktuak merkaturatzeko. Duela bi urte, «harago joan» zela nabarmendu zuen, orain Europara zabaldu baitu marka horren jabetza.

Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoan marka hori erabiltzeko baimena eskatu zuen, ardoa eta elikagaiak ez ezik, bestelako produktuak ere merkaturatzeko; besteak beste, poltsak, ontziak edo artelanak.

Sindikatuen mobilizazioa

Mendema edo mahats bilketaren jaia ospatuko da bihar, Mañuetan (Baños de Ebro). Lakuaren ordezkariak zein EH Bilduko kideak bertaratuko dira, adierazpen ofizialak egitera. Lakuaren aldetik, Arantxa Tapia Ekonomiako sailburuak mahats bilketako datu ofizialak jakinaraziko ditu bertan.

Halere, festaz gain izango da aldarrikapenetarako tarterik ere. Hala jakinarazi dute LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek. Ardogintza sektoreko lurralde hitzarmena 2018ko abenduaren 31n iraungi zen, eta aurtengo negoziazioetan aurrerapenik ez dela izan ohartaraziko dute langileen ordezkariek gaur egingo duten protestan.

Urtea hasi denetik hamar bilera egin dituzte SEA patronalarekin, eta aurreneko batzarrean adierazi zien beraien aldarrikapenak «onartezinak» zirela. Sindikatuek, aldiz, behin eta berriz nabarmendu dute onargarriak direla, ardogintzan «krisiaren eragina ez baita beste sektoreetan bezalakoa izan», eta irabazi handiak izaten dituztelako, «jabeek beraiek argitaratuak».

Soldaten igoera %1,25ekoa izatea nahi du patronalak –hilabetean 12,50 euro gehiago izango litzateke–, eta sindikatuak ez daude konforme. Uztailaren 18an sindikatuek gutxieneko eskakizunekin proposamena osatu, eta uztailaren 29an berrelkartzeko geratu zirela azaldu du batzordeak. Bilerarik ez zen izan. «Egoera gizarteratu eta enpresarien handinahikeriaz» ohartarazteko mobilizatuko dira gaur goizean.