Ane URKIRI ANSOLA
Pasai San Pedro

ARRANTZARAKO GRINA ZALANTZAN HOGEI EGUN ITSASOAN EMAN OSTEAN

«Arrantzak asko eskatzen du eta prest egon behar duzu eskatzen duen guztia emateko». Iñaki Dorronsorok beti izan du itsasorako grina, ea arrantzarako balio zuen probatu du azken kanpainan, baina orain ofizio hori nahi ote duen galtzen dio bere buruari.

Kuriositatez, ez neukan beste ezer egiteko». Kuriositatez eta itsasoak erakartzen duelako animatu zen Iñaki Dorronsoro marinel izateko lizentzia ateratzera eta ondoren, Pasaiako Arrantza eta Merkataritza Nabigazioko Eskolako goi mailako zikloa ikastera. Aurtengo udaran izan du aurreneko esperientzia arrantza ontzi batean eta ez daki itsasoan bukatuko duen edo ez. «Gogorra da, bai, ez dakit konbentzitu nauen».

«Oso erromantikoa da zeure buruan, baina ohartzen zarenean 24 ordu igarotzen dituzula oso jende gutxirekin inguratuta... Nik jendea behar dut inguruan, eta hutsune handi samarra sentitu nuen». Bere esperientzia propiotik kontatzen duela nabarmentzen du; 25 urteko gazte ataundar baten ikuspegitik, alegia.

Lakuak bultzatutako “Itsasoratu” programan eman zuen izena. Guztira 18 ikasle ausartu ziren, Bermeo, Ondarroa eta Pasaiako arrantza eskoletakoak guztiak. Hondarribiko “Almirante Berria” atunketarian aritu zen ekaineko sasoian. «Ea arrantzarako balio nuen probatu nahi nuen. Balio dut, baina ez dakit nahi dudan», dio barrezka.

Gazteak sektorera hurbiltzeko asmoz sorturiko programa da Itsasoratu, gazteen presentzia itsasontzietan oso murritza baita; horrek sektorea bera kolokan jartzen du. «Uste dut tradizioa galdu dela eta irakasleek beraiek ere esaten digute goi mailako ziklo honetako ikasle gehienek ez dutela arrantza ontzi batean lanean bukatzen». Gutxiengoa dira Itsasoratu programan izena ematen dutenak ere, eta kontuan hartu behar da zikloa nahiko teorikoa dela. Beharrezkoa, baina «faltan hartzen da praktikotasun gehiago. Ingeniaritza ikasle zarenean gehiago uztartu daitezke irakasgai teorikoak eta ofizioa, bulego batean lan egiteko agian ez duzu behar praktika gehiegi, baina arrantzan aritzeko ez baduzu esperientziarik trebatzen...».

Duela lau urte erabaki zuen Lakuak itsasoan trebatzeko bekaldi hauek indarrean jartzea, eta ordutik 83 gaztek eman dute izena. Ez dakigu zenbatek jarraitzen duten itsasoan lanean; badakigu batzuek jarraitzen dutela –Dorronsoro aritu den itsasontziko bigarren patroiak, esaterako–, baina gutxiengo batetik, zati are txikiagoa dira: «Itsasoratu programa egin duten batzuek jarraitzen dute, baina bekaldi horiek egin ez dutenek ez dute arrantza giroan bukatzen». Ikasgelan 24 lagun dira, hiru emakume –«emakume gehien dituen klasea gara»–, eta kuriositate modura zehaztu du Itsasoratun izena eman zuen neska klasekidea ez zutela deitu praktikak egiteko.

Itsasoa eta arrantza gustuko izan eta kuriositate izugarria eduki –«itsasoa hain da handia»– arren, ez daki zer egingo duen azken maila hau bukatzean –aste honetan hasi du bigarren eta azken kurtsoa–. «Erabat irauli beharra dago gazteak sektorera erakarri nahi baldin badituzu. Ofizio zaharra da, arau oso zaharrekin. Gazte batzuk hurbildu gara, baina handicap asko ditu».

Hamar egun komunikatu gabe

Ez daki administrazio publikoen aldetik zerbait zehaztu daitekeen lan baldintzei dagokienez, baina posible izanez gero lehenbailehen egin beharrekoa delakoan dago. Onartzen du lehengo lana oraingoa baino gogorragoa dela –«baina hala zen nire aitonaren garaian ere, oilategia zuen»–, baina lan baldintzak kaskarrak direla ziurtatu du. Eta ziurtasun hori bere eta bere klasekidearen esperientziekin arrazoitu du. Bere klasekidearen kasuan, kanpainaren erdialdea eta bi marea tokatu zaio hegaluzearen sasoian: «Gehien arrantzatzen den garaia da, mundu guztiak daki arraina non dagoen eta nolakoa den; bada, harrapatu, deskargatu eta segituan itzultzen ziren itsasora».

Bere kasuan, hogei egunean bi orduz bakarrik zapaldu zuen portua. Bi ordu egon zen lehorrean «eta ekaina hegaluze gutxien harrapatzen den sasoia da». «Hamaika egun eman genituen itsasoan, Coruñara iritsi, deskargatu bi orduan eta buelta itsasora; zazpi egunera, Gijongo portuan arraina lehorreratu beste bi orduz eta buelta Hondarribira, bitartean harrapatutako arraina deskargatzera». Ondoren, sanpedroetan atseden hartzen du kofradiak. Hala ere, gaineratu nahi du “Almirante Berria” itsasontziak kazan edo xaxian jarduten duela, eta beraz, gauez zerbait lo egiteko aukera izaten dutela, guardia egin ezean.

«Portura iritsi eta kuriosoa zen nola jende guztia bere txokora edo txoko baten bila joaten zen estaldura bila, hamar egun eman dituzu itsasoan komunikatu gabe eta luze joaten zaizkizu egunak; ordu asko igarotzen baitituzu iratzarrita», azaltzen du.

Bizi izan du hiru egun arrantzatu gabe eman eta horrek tripulazioko kideengan dakarren tentsioa ere. Azken batean, harrapatzen duzunaren araberakoa izango da soldata, eta eragin handia duela aitortzen du. «‘Itsasoan ur gazia, beste guztia ez da jakiten’, esan ohi da, ezta?». Behin arraina ona eta handia harrapatutakoan, «han dena zen jauja».

Lehiakortasuna eta kooperazioa

Tripulazioko kide bakoitzari irabazitakoaren zati berdina dagokio. Zati bat armadore edo enpresarentzat doa eta bestea tripulazioko kideen artean banatzen da. Arraina –kasu honetan, hegaluzea– egon badago eta dirua ateratzen da, arrain preziatuena da merkatuan ere. Sektore guztia armadoreek kontrolatzen dutelakoan dago, «marinelak azkenengoak gara».

Benta egitean «inor ez da konforme geratzen; egongo da trikimailuren bat, baina ez dakit noren alde izan ohi den». Antxoarekin gertaturikoaz ohartarazi digu. Hainbeste antxoa harrapatzean, prezio merkea eskaintzen zuten merkatariek, «lotsagarria da», kexatu da tinko; «bazekiten zuk saltzen ez bazenuen, beste batek salduko zuela; antxoa asko bota ziren uretara hain merke saltzera ez prestatzeagatik».

Kexa edo aldarrikapenekin hasita, kontatu nahi izan du, bekaldi honengatik, marea bakoitzeko 800 euro kobratzeko hitzarmena dagoela. Berak oraindik ez du dirua ikusi, ezta bere klasekide batek ere, eta harrituta dago. Lakuak 100.000 euro bideratu ditu laguntza honetara, armadoreei zuzenduta (“Ikasleek arrantza ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan dezaten, arrantza enpresei zuzendutako minimis laguntzak, Itsasoratu 2019” izenarekin dago bere webgunean); hemezortzi gazte eta hamabost armadorek onartu dute hitzarmena eta hauetariko batzuek ez dute jaso bekaldia egiteagatik dagokien soldata.

Orain ikusi du itsasoaren mundua zabala dela. Badagoela lehiakortasuna, baina baita kooperazioa ere. «Kuadrillaka funtzionatzen du, eta horri esker elkarri laguntzen diote. Guztiok nahi dugu guztiok arrantzatzea, badaude txoriburu batzuk beraientzat nahi dutena guztia; bestalde, guztiok nahi dugu gu izatea gehien arrantzatzen duena», pausatu da azaltzera. «Gainera, itsasontzi bakarra arrantzara ateratzen bada, oso zaila izango du jakitea non dagoen arraina, zortea eduki dezake, baina laguntzarik gabe oso zaila da».

Bestalde, arrantzaleek migranteei dagokienez daukaten jarrera ere goraipatu nahi izan du. «Migrante edo ez, tapakiaren zati bera dagokizu; sektore askotan nagusitu da prekaritatea migranteen lana erabiliz, itsasoan ez, eta horrek harrotasun puntu bat ematen dit, nahiz eta lehorrekoa naizen».

Migranteek bete dute arrantzan urte luzez egon den lan eskaria. Oraindik ere eskari hori badagoelakoan dago, baina Euskal Herriko flota modu nabarmenean jaisten doala-eta kezkatuta dago. «Orion lau itsasontzi bakarrik daude; Gipuzkoan lau bakailao ontzi, Pasaiak modalitate honetan izan duen indarrarekin...».

Era berean, Dorronsoro ohartu da Pasaiako Arrantza eta Merkataritza Nabigazioko Eskolako goi mailako zikloko irakasle ia guztiak arrantzale ohiak direla, eta gehiengoak familiagatik utzi zuela itsasoa. Pentsakor geratu da.