Andoni ARABAOLAZA
ZORTZIMILAKOA

Alex Txikon ez da sartuko neguan K2 mendian egongo den «gudan»

Lemoarrak adierazi du aurtengo neguan egingo diren espedizioek sorturiko ikusmina ikusita, ez dela neguko sasoian Karakorumeko mendira itzuliko. Momentuz, hiru taldek baieztatu dute bertan izango direla.

Irakurleak jakingo du dagoeneko K2 mendia (8.611 m, Karakorum) neguan igo gabe geratzen den azken zortzimilakoa dela. Azken hamarkada hauetan saiok egin dira, baina guztiak ala guztiak ezerezean geratu dira. Azkenak ahalegin horietan Ekialdeko espedizio bat eta Alex Txikonek zuzendutako taldea izan dira.

Aurtengo asmoei dagokienez, azken “ezustekoa” Txikonek berak eman du. Ia ziurtzat ematen genuen Txikonen beste saio bat; besteak beste, oso ilusionatua eta motibatua ikusten genuelako neguko zortzimilakoen historian beste pasarte bat idazten saiatzeko, Nanga Parbat mendian egin zuen bezala.

Baina joan den astean Facebook sare sozialean azaldu zuenez, ez da egongo neguko sasoian K2 igotzen saiatuko direnen artean: «Azken hilabeteotan K2 izan dut buruan. Berriz saiatzeko oso indartsu eta motibatuta sentitzen nintzen, are gehiago kale egin genuen gure lehen espedizioa egin eta gero. Baina aurtengo neguan egingo diren espedizioek sorturiko ikusmina ikusita, aurten ez gara K2 mendira itzuliko. Zortzi saiakeren ostean hau ez dela geure unea sentitzen dugu. Hortaz, tiketa hartuko dugu eta azken lerrora joango gara».

Hiru espedizio gutxienez

Lemoarrak atzera egin ondoren, pixkanaka bada ere, sari preziatu hori lortu nahi dutenak argitzen ari dira euren asmoak. Guk dakigunez, bederen, momentuz hiru talde dira munduko bigarren mendi garaiena neguan igotzen saiatuko direnak.

Horietako bat frantziarra da, eta honako alpinistek osatzen dute: Vincent Saura, Vadim Druelle, Jonhatan Bordes eta Tim Serrak. Mingma Sherpa nepaldarra ere haiekin izango da. Talde horrek aurreratu du ohiko bidea (Abruzzien espoloia) aukeratu dutela: «Oxigeno artifizialik ez dugu erabiliko eta estilo erdialpinoaren alde egingo dugu».

Bigarren taldearen buru Nirmal Purja dugu. Gogora dezagun 14 zortzimilakoak zazpi hilabetean igoten saiatzen ari dela. 11 sinatu ditu jada, eta geratzen zaizkionak hasi berri den montzoiaren osteko denboraldian egin nahi ditu. Uneotan Manaslun dago. Purjak ez du K2 mendian egingo duen saioaren inguruko xehetasunik eman. Soilik baieztatu du ez duela oxigeno artifiziala erabiliko.

Azken espedizioa Mingma Gyalje nepaldarra izango du buru. Taldera bi kide batu ditu: John Sorri islandiarra eta Gao Li txinatarra.