Jon GARMENDIA
Idazlea

Jostailuak

Batzuek betidanik horrela izan dela erraten dute, mendeetako tradizioa dela bestetzuek, aitzinekoen usaia, antzinako ohitura, eta festak ezin dituztela imajinatu ahate-jokorik gabe Saran. Ahatea antzararekin trukatu zuten ordea, eta hor ibiltzen dira zaldi gainean gazte zonbait hegazti hilari lepoa kendu nahian iraileko bigarren igandean. Animalia bat ez dut jostailu gisa ikusten ahal, ez bizirik eta ezta hila badago ere, eta gisa horretan festa egiteko milaka modu kausitzen ditut animalia bati trufaka aritu gabe, naturatik guti baitu halako ekintzak eta gizatiarretik gutiago. Ez da Lapurdiko herri bakarra gainera, Biriatun, Ahetzen, Ainhoan, Zuraiden eta Olhetan ere egiten dute antzekorik nik dakidala, eta tira, tradizioak gibelean utzita garaiei egokitzeko garaia badela garbi pentsatzen dut.

Betikotasuna eta jatorrismoa ez baitira aitzakia halako barrabaskeriaren parean, betidanik hala ezagutu dutela baita anitzen argudio bakarra, eta bai, egia da Pierre de Lancre inkisidoreak debekatu egin zituela joko hauek, erritual sataniko baten modukoa baitzen, baina ez da egia euskal jatorria duela, ezen Charles IX. Frantziako errege izandakoa dago Sarako “betiko tradizio” honen atzean, baina eta euskaldunen kulturaren parte balitz ere gauza bera erranen nuke, etxeko minak karrikakoak bezainbeste min egiten baitu. Nehoiz ez da berant gaizki dagoena ontze bidean jartzeko, eta festa norberak egin behar du, ez besteren kontura.