GARA
Gasteiz

Adostuz-en protesta, Hezkuntzako lan hitzarmena garaiz bermatzea eskatuz

Gasteizko Legebiltzarrak bi aldiz bozkatu du Hezkuntzako lan hitzarmena bermatzearen alde, baina oraindik hori eztabaidatzeko batzordea sortu ez delako kexu dira Adostu elkartekoak, erretiratuta dauden irakasleak. Atzo Legebiltzarraren aurrean protesta egin zuten.

Adostu elkartea osatzen duten EAEko irakasle erretiratuak Gasteizko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratu ziren atzo. 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera borondatez erretiratu ziren irakasleei zegokien kalte-ordainen ordainketa –Hezkuntzako lan hitzarmenean jasota dagoena– eten egin zuen Lakuak.

Etenaldi hori amaitzea eskatzen du elkarteak eta atzo Legebiltzarrean Politika Orokorreko osoko bilkura zegoela aprobetxatuta, eraikinaren parean mobilizatu ziren Adostuz elkarteko kideak. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari eskatu zioten errespeta dezala Legebiltzarrak bi bozketatan erabaki zuena; hau da, etenaldia amaitzea eskatzen duen lege proposamena tramitatzea.

Elkarteak adierazi zuenez, hori eztabaidatzeko Hezkuntza Batzordea eratu beharrean, Erakundeak, Segurtasuna eta Gobernantza Publikoko Batzordean eztabaidatzea hobetsi zuen EAJk. «Artikulu bakarreko lege proposamena izanik, kudeaketa azkar egin liteke», ziurtatu zuten Adostuz-eko kideek, baina oraindik batzordea eratu gabe dagoenez, Urkulluren Gobernuak «lege proposamenaren kudeaketa geldiarazteko asmoa» duela uste dute irakasle erretiratuek.

Gobernuaren bozeramaile Josu Erkorekaren eta lehendakariaren hitzetatik jaso duten azalpen bakarra izan da lan hitzarmen hau ez dela errespetatzen Legebiltzarrak berak diru-aurrekontuen legearekin debekatu duelako.

Adostuz elkartearen iritziz, aldiz, Gobernuak «ez du zertan geldiarazi batzordearen lana» eta beraz, garaiz bermatzea eskatu zioten.