Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
IBAN DEL CAMPO
«GLITTERING MISFITS» FILMAREN ZUZENDARIA

«Burlesqueko artisten bizitza fikziozko edozein film baino harrigarriagoa da»

Off-off Broadway-ra, New Yorkeko antzerki zirkuitu komertzialaren itzalpean dagoen eszenara, garamatza Iban del Campok “Glittering misfits” dokumentalean. Tigger! eta Dirty Martini dira eszena horretako izarrak, eta horien eskutik ezagutuko du ikusleak Broadwayren B aldeko «performer» familia handi horren egunerokotasuna.

Off-off Broadwayn barneratzea proposatzen duzu filmean. Nondik sortu zen dokumentala egiteko ideia?

Proiektu hau duela hamar urte jaio zen, New Yorken dokumentalgintzaren inguruko ikastaro bat egiten nenbilela. Film labur bat egin behar nuen, baina New Yorkek zinemagintza hiri bezala duen pisua nabaritzen nuen, edozein izkinatan pelikula baten barruan ikusten nuen neure burua. ‘Zer gehiago egin dezaket nik hemen?’ galdegiten nion neure buruari. Gau batean ikuskizun edo kabaret moduko bat ikustera joan ginen, eta han ezagutu nuen Dirty Martini, pelikulako protagonistetako bat. Bere ikuskizuna aurkikuntza izan zen niretzat, inoiz ikusi gabeko zerbait, agertoki gainean mugitzeko duen modua, bere proposamena oso indartsua egin zitzaidan, txundituta utzi ninduen. Orduan hasi nintzen bere jarraipena egiten, baina Dirty Martinik ikastarorako egin behar nuen film laburra guztiz gainditzen zuela ikusi nuen, eta New Yorkeko performer familia underground hori, beraien bizitzeko modua dokumentatzea erabaki nuen.

Nolakoa da familia hori?

Beraien bizitzeko era edo hautuengatik baztertuak izan diren pertsonak dira, trans munduko jende askorekin ere lotura dute, eta AEBetan zehar birak egiten dituzte. Gogoan dut haien atzetik nenbilela zirku karabana bati jarraika nenbilen sentipena nuela, Felliniren estetika zuen troupé baten atzetik nenbilela. Fantasia, kabareta, gaueko jendea, antzerkia, performancea... Dirty Martinik ireki zizkidan performer familia hori ezagutzeko ateak, eta hori zinemagile batentzat harribitxi bat da.

Dirty Martini eta Tigger! dira protagonistak. Nola deskribatuko zenituzke?

Mundu honetako erreferenteak dira. Orain hogei urte, beraiek eta beste lau izan ziren momentuko testuinguru politiko eta sozialeko kezkei erantzunez new burlesque deitzen den performance estiloa egiten hasi zirenak. Beraiek kontatzen dute taxi batean kabitzen zirela.

Dirty Martinik egungo edertasun kanonekin erabat hausten du, emakume rubensianoa da, fellinianoa, handia... Berak txikitan ballet klasikoko dantzaria izan nahi zuen, baina akademia gehienetan bere gorputzagatik atzera botatzen zuten. Txikitatik entzun du arrakasta izan nahi badu argaldu egin behar duela. Burlesquearen bidez horri buelta eman dio, mundu osoko jaialdietan dabil eta zenbait filmetan ere hartu du parte, Cannesen aurkeztu zen “Tournée”-n [Mathieu Amalric-en filma] adibidez. Hori bada artista hauen ezaugarria, asko baztertuak sentitu direlako, baina badute magia; horregatik filmaren izenburua, “Glittering misfits” (Ez-egokitu distiratsuak).

Eta Tigger! mundu horretan salbuespen bat da, gizona delako. Burlesquearen munduak, stripteasetik gertu dagoenez, irudi lezake ikusleen gehiengoa gizonezkoa duela, baina ez da hala: artistak zein ikusleak, gehienak emakumezkoak dira. Badaude teoriak, irakurketa ezberdinak, mundu hau postfeminismoarekin eta liberazioarekin lotzen dutenak.

Tigger-ek gay edo queer-tzat du bere burua eta, Trumpen garaiotan, LGTB mugimenduko aktibista bat da.

Puntako bi artista badira ere, filmean diote kalean oinez doazela inork ez dituela ezagutzen. Zergatik gertatzen da burlesquearen bazterketa hori?

Performance mota hau oso bazterrekoa da. New Yorken Broadway dago, antzerki eta musikaren alderdi komertzialena, gero Off Broadway zirkuitua, eta azkenik Off-off Broadway, ia lurpeko zirkuitu undergrounda. Nahiko gordina da beraien proposamena, oso kritikoak dira boterearekin, AEBetako alderdi kontserbadoreenarekin. Satiraren bidez hori guztia hankaz gora jartzen dute eta horregatik zentsurarekin arazoak izan dituzte. Baita biluziekin ere: euren ikuskizunak abesti baten inguruan antolatzen dituzte, dantza, performance edo antzerki bat egiten dute horri lotuta eta normalean striptease batekin amaitzen da, baina sekula ez dira erabat biluzik geratzen; hor dago jokoa, muga.

Nola hartu zuten halako zirkulu berezian zu kamera batekin sartzea?

Zirkulu horretako antzoki, kabaret eta tabernak txikiak izaten dira, eta gehienetan beraien jarraipena egiteko aukera bakarra ni bakarrik sartzea zen, ekiporik gabe. Batzuetan ez zen erraza izan baimena lortzea. Protagonisten konfiantza osoa banuen ere, batzuetan publikoaren ikuspuntutik soilik graba nezakeen, beste batzuetan sar nintekeen kamerinoetara... Nik beraien arteko momentuak filmatu nahi nituen, beraien bizimodua, intimitatea. Eta lortu nuen ikusezina izan eta ahalik eta gordinen jasotzea mundu hori. Beraien bizitza fikziozko edozein pelikula baino harrigarriagoa baita.

Kritika sozialetik asko du burlesqueak, aurreiritziei iskin egitetik, erreibindikaziotik. Hor dago bere indarra?

Burlesquea oso termino labainkorra da, bakoitzak ulertzeko eta bizitzeko era propioa du. Neo burlesque, new burlesque... etiketei iskin egiten diete, tendentzia bilakatzen ari delako eta tendentzia bilakatzen den orok galtzen du bere esentzia. Badute beldur hori. Beraiek esaten dute egiten dutena performancea dela, eta, bai, adierazpide bat da, barruan duten frustrazio hori azaleratzeko eta konpartitzeko erabiltzen dutena.

Zer da Zinemaldia bezalako erakusleiho batean mundu hau erakutsi ahal izatea?

Pelikularentzat erakusleiho onena da. Eta uste dut gaur egun New York ez dugula urrun, ezagutzen dugun hiriburua da, baina eszena underground hau hain gertu ikusteak harridura sortuko duela uste dut.

Beraiek ere harrituta daude, ikusi dutelako aspaldi hasi nintzela beraien atzetik eta, zirkuitu honi buruzko pelikula gehiago egin badira ere, beti zirkuitu barruko zinemagileek egin dituzte. Orduan, nire ikuspuntuarekin pixka bat deskolokatuta daude, baina gustura geratu dira, badelako zinea egiteko beste modu bat eta nik uste gogo handia dutela beste ikuspuntu hori zabaltzeko.