Euskal Surf zirkuitua: Itzelezko baldintzak Karraspion eta Sopelan
Larunbatean 18 urtetik beherakoak lehiatu ziren Mendexako Karraspio hondartzan. Igandean bodyboard, surf open eta elkarteen arteko lehia izan zen Sopelan. Batean, zein bestean, olatu bikainak izan ziren.

Mendexako Karraspio hondartzan dagoen Garraitz uharteak babestuta, ezker olatu bikainak izan ziren larunbatean, eta 18 urtetik beherako lehiakideek gozatu ahal izan zuten. Haietako batzuek, gainera, tubo ederrak egin zituzten.
Igandean, ostera, Sopelara lekualdatu ziren Euskal Herriko Surf Federazioko epaileak. Bi metro eta erdiko olatu garbiak izan ziren atzo Bizkaiko kostaldean eta Atxabiribil hondartzan zein Arriataran lehiatu ziren surflariek beren onena eman ahal izan zuten.
Kategoria irekiko neskak eta mutilak Atxabiribilgo hondartzan lehiatu ziren, eta bodyboard kategoriako lehiakideak, «beteranoak», eta surf elkarteetako ordezkariak Arriatara hondartzan itsasoratu ziren. Edonola ere, batean zein bestean, olatu trinko eta ederrak izan ziren.
Gaztetxoak indartsu
Inguruko hondartzetan olatuak handiak direnean bakarrik izaten dira olatuak Mendexako Karraspio hondartzan, baina ez dira beti baldintza onak izaten. Pasa den larunbatean, ordea, ezker olatu bikainak jasotzen ziren Garraitz uhartearen ekialdean. «Mundaka txiki bat» zirudien hark, eta gaztetxoenek, lehiatu bakarrik ez, olatuekin gozatu ahal izan zuten.
Enara Palacios eta Keoni Lasa gailendu ziren 14 urtetik beherako kategorian. 18 urte arteko kategorian, berriz, Carmen Garay eta Markel Bizkarguenaga izan ziren txapeldunak.
Guztira 34 lehiakidek hartu zuten parte Euskal Surf Gazte zirkuituko proban. Sei neska izan ziren 14 urte arteko kategorian, eta beste sei 18 urte arteko kategorian. Aitzitik, zazpi lehiakide bakarrik izan ziren 18 urte arteko mutilen kategorian, baina 14 urte arteko mailan, lehiakide kopurua bikoitza izan zen, 15 lehiakide izan baitziren.
Surf maila altua
Sopelan ere parte hartzea desorekatua izan zen, alegia, ohiko moduan neska gutxiago lehiatu zen. Nesken beteranoen kategorian, esaterako, lehiakide bakar batek ere ez zuen izena eman. Nesken surf open kategorian ordea, hamasei lehiakide izan ziren, beraz hemendik urte batzuetara, agian, beteranoen mailan ariko dira.
Iker Amatriain zarauztarrak irabazi zuen mutilen open kategoriako txapela eta Yago Dominguez sopelarrarentzat izan zen bigarren postua. Hirugarren eta laugarren postuak ere bi zarauztarrentzat izan ziren, Ruben Vitoria eta Adur Amatriain. Ondorioz, open kategorian zarauztarrak izan ziren nagusi.
Nesken open kategoriako txapela zumaiar batek eskuratu zuen. Janire Gonzalezek edozein baldintzatan surf egiteko duen gaitasuna erakutsi zuen beste behin ere eta lehen postuan geratu zen. Candelaria Resano Hondarribiko surflaria geratu zen bigarren postuan, Mikele Beato zarauztarra hirugarrenean, eta Maria Martinez sopelarra laugarrenean.
Bodyboard kategorian lehiatzeko baldintza onak izatea ez da erraza izaten, modalitate honetan olatu indartsuak behar izaten baitira. Atzo baldintza ederrak izan zituzten Sopelan, mota guztietako ariketak egiteko modukoak, eta maila altua izan zen kategoria guztietan, baita bodyboard kategorian ere.
Leonardo Chagas brasildarra nagusitu zen, eta bigarren postua Andoni Izaga zumaiarrarentzat izan zen. Nesken bodyboard kategorian, berriz, Maddi Fernandez gipuzkoarra gailendu zen, eta bigarren postua Rebeca Antiak eskuratu zuen.
Partaide gutxi izan arren (zazpi guztira), Euskal Herriko Beteranoen Txapelketak beti sortzen du ikusmina. Aurtengoan, Aritza Saratxaga sopelarrak irabazi zuen txapela, eta zilarrezko domina Javier Diez Mariezcurrenarentzat izan zen.
Surf elkarteen arteko lehian bertakoak nagusitu ziren. Peña Txuri taldeak txapela irabazi zuen. Bigarren postuan Zumaiako Ziske taldea geratu zen, eta hirugarren postuan, ostera, Donostiako Konporta taldea.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
