Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Senez»-en ale berria, kalean

35 urte bete ditu Eizie-k, euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkarteak, eta gainera, urtero argitaratzen duen «Senez» aldizkariaren 50. alea kaleratu dute. Horren berri eman dute Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean, beren jardunari ikusgarritasuna ematen dion egunean.

Euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkarteak, Eizie-k, argitaratzen duen “Senez” aldizkariak 50. alea argitaratu du. Ale berezia da, ez bakarrik zenbaki borobila delako, baizik eta elkarteak 35 urte betetzen dituelako ere bai. Atzo Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna izan zen eta horregatik aukeratu zuten data hori argitalpenaren aurkezpena egiteko.

Izan ere, elkarteko lehendakaria den Itziar Diez de Ultzurrunek azaldu zuenez, egun hau garrantzitsua da Eizie-rentzat normalean euren jarduna «ikustezina delako». «Gure herria bestelakoa litzateke gure jardunik gabe», iritzi zion. Aldizkariari buruz esan zuen «euskaraz itzulpengintzari buruz dugun aldizkari bakarra» dela.

Aldizkariko zuzendaria den Karlos del Olmo ere izan zen Donostian egin zuten aurkezpenean. Berak azaldu zuen elkartearen urteak eta argitalpenaren aleak bat ez datozela, hasiera batean urtean ale bat baino gehiago ateratzen zutelako, baina azkenaldian bakarra ematen dute. Hala ere, beharrezkoa dela ikusten badute, ale bereziak ere ateratzen dituzte. Bestalde, argitu zuen aldizkaria ez dela elkartearen ondorioa, alderantziz baizik. Lehen beste aldizkari bat zegoen eta bertan argitaratutako artikulu batean aipatzen zen itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteek elkartzeko beharra sentitzen zutela, eta horregatik erabaki zuten Eizie eratzea. Gerora, zentzudunena aldizkaria elkarteak berak gidatzea zela pentsatu zuten, eta horrela, aldizkariari “Senez” izena jarri zioten.

Aldizkaritik, elkartea

«Beti esaten zaigu itzultzailearen esku hartzea ez dela nabaritu behar, interpreteen lana are ikusezinagoa da, eta zuzentzailearen izena askotan ez da aipatu ere egiten», esan zuen del Olmok.

Hala ere, azken urteetan euskarak eman duen aurrerapausoa handia izan da eta bertan egon da Eizie normalizazioari laguntzen. «‘Senez’ sortu zenean euskara batua trebatzen ari zen, besterik ez», azpimarratu zuen hasierako garaiak gogora ekarriz.

Oraingo alean poemak euskaratu dituzte, genero ikuspegia lantzen duen artikulu bat, bi elkarrizketa eta hainbat itzulpen literario batu dituzte. «Kanpotik begiratuta teknikoa dela dirudi, baina sakontzean konturatuko zarete ez dela horrela», argitu zuen.

Normalean argitalpenak digitalizatu egiten dituzte, baina 50. ale honekin ahalegin berezia egin dute eta jada sarean irakur daiteke. Hala ere, argitalpen fisikoak balio erantsi bat dauka, alegia, Juan Azpeitiak propio egindako ilustrazioak.

Azkenik, aldizkaria «defizitarioa» dela aitortu zuen zuzendariak, finean borondatez egindako lan bat delako, «erdi profesionala, erdi amateurra». Dirulaguntzak jasotzen baditu ere, bazkideen eta harpideen laguntza funtsezkoa da aurrera ateratzeko.

Hori dela eta, 50 aletara iritsi izana jendearekin ospatu nahi dute eta horretarako festa txiki bat egingo dute urriaren 16an, Donostian, Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan, 19.00etan. Ekitaldi irekia izango da, «xumea baina goxoa», eta bertan, zuzeneko musikaz lagunduta, adiskideak elkartzeko eta itzulpengintzaren bilakaeraz mintzatzeko aukera izango da.