2019/10/03

Leire Diaz de Gereñu Lasaga
UPV/EHUko Elebilab ikerketa-taldeko partaidea
Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu

Halaxe du izena UEUk eta EHUko Elebilab ikerketa-taldeak elkarlanean prestatu duten ikastaroak. Bi alderdi nabarmentzen dira izenburuan: euskara eta eleaniztasuna. Bata oinarri eta bestea helburu. Alderantziz ere izan zitekeen: eleaniztasuna oinarri eta euskara helburu. Agian bai, ezta, irakurle? Erronkari nola heltzen zaion, hortxe gakoa!

Izan ere, garrantzitsuena bi berba horien artean ezartzen den harremana da. Zein joan-etorri bien artean? Elebitasunetik eleaniztasunera egin du salto euskal gizarteak eta, ondorioz, ikerketek ere gogotsu heldu diote gaiari. Eleaniztasun hitzaren atzean, berriz, hizkuntza gutxituen aurkako jarrerak ezkuta daitezke eta beharrezkoa da (iker)lanerako oinarriak begiratzea eta irizpide nahiz helburuak argi zehaztea.

Gauzak asko aldatu dira hamarkada gutxitan. Elebitasuna kaltegarritzat jotzen zen garaian abiatu ziren gure ikerketa-taldeko lanak. Gaur egun erronka berriak aurkitzen ditugu eleaniztasunean euskarak bere lekua aurki dezan, berriak, baina aurrekoak bezain gordinak eta biziak. Edozer ez baita zilegi, ez baita irtenbide euskara bezalako hizkuntza gutxitu batentzat.

Edozelan ere, hizkuntza hegemonikoetan garatutako elebitasuna orokortu arte (adibidez, gaztelania/ingelesa) ez da erabat gainditu elebitasunarekiko mesfidantza. Eta oraindik adibide asko ditugu euskaran oinarritutako eleaniztasunaren garapena oztopatzen dutenak: euskararen erabileraren hazkunde falta, euskararen hizkuntza garapenaren arazoen aurrean diagnostikorako baliabide falta, ahozkoaren irakaskuntzaren inguruko ikerketa urria, eta abar. Hala, dagoeneko elebidunak ginenak eleaniztasunaren garaietara pasatu gara elebitasunaren inguruko hainbat aurreiritzi eta baliabide falta gainditu gabe. Itziar Idiazabalek dioen moduan, izan gaitezke elebidun/eleaniztunak ikusmolde elebakarrarekin. Ikerketa beharrezkoa da aipatu arlo horietan eta askoz gehiagotan, euskarari bermea eskain diezaiogun gizarte aldaketak gero eta azkarrago gertatzen diren garai hauetan.

Ikasle, irakasle, ikertzaile, teknikari eta interesa duten denei gogo biziz eskaintzen diegun ikastaro honen helburua honakoa da: 80ko hamarkadatik zabaldu diren ikerketa lerroak eta horien emaitza nagusiak ezagutaraztea, gaur egungo ikuspegitik egiten dugun gogoetarekin batera. Ez dugu dena egin, baina ahal izan den guztia bai, zinez.

Ikerketa horien guztien sustatzailea Itziar Idiazabal Gorrotxategi izan da. Atzera begiratzen dugu eta jende asko bildu gara haren inguruan, izenez aldatu baina izanari eutsi dion ikerketa-taldearen inguruan. Gure ikerketa-taldeko kide izan direnek, egun, Euskal Herriko hainbat eta hainbat instituzio eta lan esparrutan dihardute, eta horiekin elkarlanean jarraitzen dugu. Zein ikerketa-ildo garatu ditugu guztiok ere Elebilab ikerketa-taldearen barruan? Horien arabera antolatu dugu ikastaroa eta esan bezala, euskara oinarri duen eleaniztasunaren inguruko ikerketei buruzko hausnarketak berebiziko lekua izango du.

Ikastaroan, gurekin izango ditugu Jürgen Meisel, Jean-Paul Bronckart eta Joaquim Dolz. Ez dira gure ikerketa lagundu duten atzerriko ikertzaile handi bakarrak, baina horiek dira nagusienetakoak. Maisu horien lanek ez dute bakarrik gure ikerketan eragin. Besteak beste, gaur egun helduen euskalduntzeko curriculumean, nahiz irakasle talde askok egindako formazioetan zabaldu dira beraien ekarpenak. Nondik eta nola? Intriga hori duenak ikastaro honetan aurkituko du erantzuna.

Koldo Mitxelena handiak ez zion Itziar Idiazabali alferrik esan: «Gure ikasleek zuk egiten dituzun gauza horiek ere behar dituzte». Esan eta egin.