«Hori zen dena», esateko duguna ez da hain konplexua
Hamasei narrazio biltzen dituen liburuarekin itzuli da Goiatz Labandibar. «Hori zen dena» ez da «amaiera», esateko duguna esatean gauzak uste baino errazagoak direla erakusten duen esamoldea baizik. Harremanak hartu ditu hizpide. Eta esaten ez direnak… labur eta xalotasunez idatzi arren, oiartzuarrak ez du kontatu gabekorik utzi duen sentsaziorik.

Hiru urte eman ditu Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, 1985) bere azken lana prestatzen. “Hori zen dena” (Alberdania) liburuak argia ikusi du orain, narrazio laburren bilduma. Narrazioak, eta ez ipuinak, zehaztu nahi izan du. Zehazki, 16 dira, baina honetan ere ñabardura egin du: 15 + 1. Misterioz betetako formula da, eta irakurleak deskubritu beharko du batuketaren zergatia.
Batak bestearekin ez dute zerikusirik, baina denek hitz egiten dute harremanez; ez harreman kasualez, baizik lotura afektiboa duten harremanez. Bikoteak, lagunak, ama-alabak, aita-alabak… ez dute amaiera perfektu eta arrosarik, baina «drama gabe idatziak» dira, aitortu zuen atzo idazleak, liburuaren aurkezpenean. «Ez nator bat nire amaierak tristeak direla diotenekin. Akaso nire errelatoek ez dute amaiera perfektua izango begirada erromantiko bat dutenentzat… baina amaierak beti ez dira errazak», aitortu zuen. Bizitza bezala, alegia.
Eta zertara dator izenburu hori? Finikitoa dirudi, baina ondo pentsatuta, hasiera, abiapuntua izan daiteke. Eta dualtasun horrek jokoa ematen du. «Errealitatean bertan dauden harremanak agertzen dira, eta ausartzen ez garen horretaz mintzo naiz, gauzak ez dira hain konplikatuak; uste dut, hein handi batean, geuk konplikatzen ditugula», azaldu zuen. Barrenak jaten bueltaka dugun hori esan, kontatu, konpartitu edo bota ostean, patxada. Eta «hori zen dena» batekin amaitu. « ‘Begira zein errazak diren gauzak’, ez da ‘amaiera’ adiera», argudiatu zuen oiartzuarrak.
Gutxirekin eraginkor
Protagonistetako gehienak emakumeak dira, nahiz generoak ez duen berebiziko garrantzirik muinean. «Idazle bakoitzak posizio bat du munduari begiratzeko, baina kontatzen diren harremanak trukagarriak dira, genero bat eman arren, ez dago deskribapen gehiegi». Idazleak ez du denbora gehiegi inbertitzen deskribapenak egiten: berdin du gela nola dagoen apainduta edo protagonista ilehoria den –dio–, gehiago axola zaio pertsona hori zer ari den bizitzen.
Aurreko lanetik prozesu bat bizi izan du eta eragina izan du emaitzan. Aldaketak sumatu ditu aurreko lanekiko: hau garaikideagoa da. «Gaur eta hemen kontatzen ditut», laburtu zuen.
Konturatu da, baita ere, «gero eta laburrago» idazten duela. Hortik deskribapen urritasuna. «Esan nahi dudana esateko nahikoa dut, apaingarriak alboratzen ditut. Batzuetan, orrialde bakarrarekin esateko duzun guztia esan daiteke, eta ez dut sentsazioa gauzak esan gabe utzi ditudanik». Eta laburtasunean, eraginkorra ere bada Labandibar. Horrela egiteko teknikarik ba ote duen galdegin diogu, baina sena da. Hala sentitzen du.«Abiatzen naizenean detaile bat dut buruan, badakit zein den muina, kontatu nahi dudana. Ez da kontzientea den zerbait», erantsi zuen.
Narrazio klasikoari, alegia, hasiera, korapiloa eta bukaera horri, buelta bat ematen saiatu dela argitu zuen.«Badirudi nahi eta nahi ez mugitu behar dugula modu tradizional horretan… ni, ordea, ez naiz hain narrazio estruktura ohikoetan ibiltzen. Dena aldatu daiteke, eta ausarta izatea posible da», iritzi zion.
Beste aldean dagoen irakurleak «ulertuko» duela baieztatu zuen, ziur. «Kontatu nahi dena hor dagoelako».
Voyeur pribilegiatua
Irakurlearen paperaz mintzo, Jorge Gimenez Alberdaniako editoreak zera adierazi zuen: «modu lotsagabean» aulki bat eskainiko diola Labandibarrek irakurleari, hau «voyeur pribilegiatu» bilakatuz. «Goiatzek komunikatzeko trebezia ikaragarria du, lanketa literario serioa du atzean –erantsi zuen–. Leku propio eta erosoa irabazia du euskal letren plazan».
Distantzia motzetan trebea eta hauetan gustura dabilena, «intimitatean gertatzen diren gauzak deskribatzeko duen trebezia» azpimarratu zuen Gimenezek, «xaloa eta landua» aldi berean.
Britainia Handiko Mediku Elkartearen aginduz egindako ikerketa batean zientzialariek diotenez, 05:48 dira sexua izateko ordu perfektua. Eta lehenengo protagonistak 05:42an jarri du iratzargailua…

El problema no son solo las formas, sino un fondo sin garantías desde 1979

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco
