Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Leo Perutz, bestseller-etik debekura

Judua izateagatik baztertua, bere ibilbide literarioan amore eman ez zuen idazlea izan zen Leo Perutz. Jatorriz txekiarra bazen ere, Vienako giro literariotik edan zuen gaztetatik eta nazismoak Austria hartu zuenean Palestinara erbesteratu behar izan zuen. 1953an argitaratu zuen «Gauez harrizko zubiaren azpian», kritikak goratu baina, artean idazle «debekatua» zenez, irakurleek baztertutako obra. Txilikuk eta Joxe Mari Berasategik ekarri dute euskarara.

Ezinikusiek eta gorroto itsuak maila literarioari aurrea hartzen diote zenbaitetan, eta hala gertatu zitzaion Leo Perutzi ere. II. Mundu Gerraren aurretik idazle goratua zena egile debekatu bilakatu zen nazismoaren itzalean, eta berrogei urte behar izan dira Leo Perutzen izenak behinola izan zuen oihartzuna berrekuratzeko. Horren adibide da Elkar argitaletxeak “Gauez harrizko zubiaren azpian” argitaratu izana, J.M. Olaizola “Txiliku”-k eta Joxe Mari Berasategik lau eskutara itzulia.

Liburua XX. mendetik abiatzen bada ere, irakasle batek bere ikasleari kontatzen dizkion istorioen bidez lau mende atzera egin eta XVI-XVII. mendeko Pragara garamatza Perutzek, kapituluz kapitulu garaiko gizartearen erretratua egiteko. Kontakizunean zehar agertuko dira musikariak, alkimistak, diru-mailegatzaileak, bufoiak, enperadoreak, zaldunak edota maitaleak, puzzle baten gisara, irakurleak garaiko giroa beregana dezan. Ez hori bakarrik: liburuaren egituraketak atal bakoitza istorio independente gisa irakurtzea baimentzen du, baina aldi berean ipuinen arteko loturak eginez eleberri historikoaren zantzuak atzemango ditu irakurleak.

Aurkezpenean, egilearen biografia azpimarratu nahi izan zuen Txilikuk. Jatorriz txekiarra bazen ere, gaztetatik Vienan bizi izan zen sendiarekin eta bertan piztu zitzaion literaturarekiko sena. Aseguru-etxeetako kalkuluak eginez lortzen zuen bizibidea eta, I. Mundu Gerran, ekialdeko frontean zauritu egin zuten: urtebete behar izan zuen osasuna berreskuratzeko. «Horrek bere literatura sena indartu zuen, Austrian eta Alemanian bestseller liburuak egiten zituen», kontatu zuen Txilikuk.

Eztiak ez zuen asko iraun. Emaztea hil ostean depresioan erori eta idazle bezala bere burua kuestionatzera iritsi zen, eta segidan nazismoa eta II. Mundu Gerra iritsi ziren: «idazle debekatu» izendatu eta Palestinara erbesteratu behar izan zuen. «Pen Clubeko kide izendatu zuten, ondo hartu zuten, baina bera ez zegoen eroso, bera alemaniarra sentitzen zela eta itzuli nahi egin zuela esaten zuen».

Bukatu zen gerra, itzuli zen Austriara, baina 1950eko Viena ez zen berak ezagutu zuena. «Juduentzat alemaniarra zen, eta alemaniarrentzat juduegia. 1953an argitaratu zuen ‘Gauez harrizko zubiaren azpian’ eta kritikak ongietorria eman zion, baina jendeak ez zuen irakurri».

Berrogei urte beranduago, Perutzen balioa berriro ere azaleratzen ari dela nabarmendu zuten itzultzaileek –orain artean “Bederatzietatik bederatzietara” soilik zegoen euskaraz, Anton Garitanok itzulia– eta egilearen idazkera goraipatu zuten.

Idazkera sotila

Berasategi izan zen eleberriaren osagaiak xehatu zituena. Besteren artean, heriotza, ustelkeria, bazterketa, zoritxarra eta artista bohemioaren askatasun nahia aipatu zituen gaien aldetik, eta, estiloari dagokionez, erregistro «jaso, jori eta aldi berean herritarra» erabiltzen duela eta hitzak zehaztasunez hautatzen dituela esan zuen, baita esaldi labur eta luzeak konbinatuz Perutzek narrazioari behar duen erritmoa ematen asmatzen duela ere.

Amaitzeko, idazkera sotil horrek eta esaera zahar eta atsotitzen erabilerak itzulpena bera «erronka gogorra» izatea ekarri duela ere esan zuen&bs;, «baina horrek eman digu gozamena».