Idoia ERASO
LUHUSO

«Zaldi urdina», droga bidelagun, euskal historia garaikideari begira

Laugarren aldiz elkartu dira Artedrama, Dejabu eta Axut! euskarazko antzezlan berri bat sortzeko; «Zaldi urdina» du izenburu urriaren 11n Luhuson estreinatuko den obrak. Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzitako obrak drogen mundua agertzen du, Euskal Herriaren historian barnako bidaia bat irudikatzen duen bitartean. Ximun Fuchs eta Ainara Gurrutxagaren gidaritzapean, zazpi aktore daude etengabe taula gainean, ezinegona islatzen.

“Zaldi zuria”, heroina, “urdin” bilakatu du antzezlanak, lehen zuria zena kolore eta forma ezberdinak hartu dituen egungo gizartera egokitzeko. Urdina ere bada heriotza, beldurra... eta horiek ere presente daude antzezlanean. “Zaldia”, baina, hor gelditu da, iraganaren testigu, historiak eta oroitzapenek gugan duten eragina irudikatuz.

Drogaren mundua hitzen bitartez aurkezten zaio ikusleari; hitzak asko dira, eta informazio ugari helarazten da horien bitartez; esaldi bakar batek euskal gizartearen atal garrantzitsu oso bat irudikatu dezake. Baina hitzak ez daude bakarrik taula gainean; izan ere, euskal historia hurbilaren garraztasuna eta drogen eragina islatzeko, eszenografiak eta aktoreen lanak “zaldiaren” ezinegona zabaltzen baitute eserlekuetan beren iraganari so dauden norbanakoen artean.

Gai gogorrari egokitzen zaion mugimendua argiztapenean eta aktoreen lan koralean ere atzematen da. Zazpi aktore daude etengabe taula gainean, Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide. Etengabeko mugimenduan, batetik bestera eramaten dute ikuslea.

Koruak dekoratuak sortu eta desegiten ditu, objektuak irudi sortzaile bilakatzen ditu eta, bereziki, bere etengabeko presentziak gizartearen epai, pisu eta delibero sortzailearen espazioa betetzen du. Drogari loturik ere, hor dago beti egia, trantsiziotik gaur egunera gure errealitatearen parte izan arren begiratu nahi izan ez zaion egia. Obra honen bitartez, horri so egin eta gogoetatzeko bidea ireki nahi da, epairik gabe, baina hor izan dela ahaztu gabe.

Horren eraginez milaka hildako izan direla gogora ekarri dute egileek, eta euskal gatazkan izan duen partea aldarrikatu. Desbiderapen pertsonal gisara ikusia izan den hori, izan duen eragin politiko-historikoaren prismatik erakutsi nahi dute antzezlanean, gailendu den ikuspuntu horri, alegia, arazo pertsonalarenari, ikuspegi soziala emanez. Horregatik, obra hau «komunitatea josteko» egina izan dela adierazi du Ximun Fuchs zuzendariak.

Transmisioa da helburua, ikastea eta partekatzea, eta gaia gizarteratuz «familiei zama, estigma eta lotsa kendu» nahi zaiela gaineratu du Fuchsek, «traumatismoa gizarteratzea». Izan ere, gizartearen oinarri den familiara ere hurbiltzen da obra. Familia da istorioaren protagonista, eta bere bideak herriarenarekin bat egiten du.

Obran, droga hartu duen gazte bat koman sartu eta gero, substantzia hori saldu dion 17 urteko kideak ihes egiten du. Mutila atzeman nahian familiak «euskal road movie» estiloko istorioa abiatzen duela azaldu du zuzendariak; «pertsonak galdu egiten dira, eta bidean topatuko dute Euskal Herriko historia».

Olatz Beobide aktoreak «bilaketa bidaia» gisa definitzen du, «bata erreala eta bestea ez-materiala». Agertoki gainean lagun duen Miren Alcalak honakoa gaineratu du: «Ez da soilik hitzetan gelditu behar, kontzientzia kolektiboaren parte bilakatu behar da».

Gazteei hau guztia transmititzea da helburua eta horietako bat da Oier Zuñiga aktore gaztea; bere iritziz, bidaia horrek «80ko hamarkadan sortu zen tragediak, minak, belaunaldi berrietan nola eragin duen» erakusten du. Historia gogorra agertzen da, trantsizio garaian izan zen gerra zikina, GAL talde paramilitarra, hiesa... Gai horiei lotuta agertzen da beti droga, indar polizialek banatutakoa, talde paramilitarra finantzatzeko erabili omen zen diru-iturria, eta horrekin batera garaian ezezaguna zen gaitzak jota hil ziren drogazaleak.

Galderak, epairik ez

Erpin asko ditu gaiak, eta horietako batzuei soilik egiten die so antzezlanak, baina egileek nabarmendu dute ez dela “panfleto” bat; «pausatzen ditugu guri bururatzen zaizkigun galderak, baina ez dugu erantzunik ematen». Zuzendariaren iritziz, gizarteratu eta ezagutaraztea komeniko litzatekeen hainbat datu daude; horiek biltzen dituen Justo Arriolaren “A los pies del caballo” obra aipatu zuen.

«Aukera ematen dio ikusleari pentsatzeko historian zehar zergatik ikusten den badagoela drogak erabiltzeko beharra, gero gehiegi den edo ez epaitzera ez gara sartzen, baina horren inguruko galderak sortzen ditugu» gogoetatu du Zuñigak.

Luhusotik landa eta abendura bitarte 26 emanaldi dituzte aurreikusita Euskal Herri osoan zehar, baina datorren urtean zehar ere eginen dituzte gehiago. Estreinaldiaren ondoren, 15etik 19ra Angelun bost emanaldi eskainiko dituzte, hiru goitituluekin. Donostian izanen dira 23tik 27ra. Beste hitzordu batzuen artean, azaroren 7an Bilbon, 13 eta 14an Iruñean eta 19an Gasteizen antzeztuko dute obra, eta abendurako ere beste hiru antzezpen aurreikusita dituzte.