Nagore BELASTEGI

Bertso zahar batzuekin hasten den Bretainiarako bidaia

Euskal Herriaren eta Bretainiaren arteko antzekotasun kulturalak erakusten ditu «Kenavo, zaku bete urre!» (Pamiela) gazte literaturako lanak. Iñigo Ibarra bertsolariak idatzitako lehen fikziozko lana da, gazteek hizkuntzaz eta abenturaz gozatzeko sortu duena.

Birramonaren birramonarenak ziren bertso zahar batzuk aurkituko ditu Mikel gazteak, eta horiek aztertuz Santurbeko baselizan altxor bat ezkutatuta dagoela ohartuko da. Bere lagun Anerekin batera abentura bat hasiko du orduan “Kenavo, zaku bete urre!” Iñigo Ibarraren gazteentzako liburuan.

«Ohikoak ez diren agertokiak erabili nahi izan ditut, –kontatu digu idazleak–; alde batetik, Iruñeko Iturrama auzoa, normalean ez delako eleberri batean agertuko. Iturrama aberatsen auzotzat hartzen da, baina badu bere alde ezkertiarra, kooperatibak eraikitako etxeak… Iturrama horren argazkia atera nahi izan dut. Odieta ere agertzen da, Ultzama ondoan dagoen bailara txiki ez oso ezaguna. Mendian Santurbeko baseliza dago, garai batean Aralarrekoak duen garrantzia izan zuena. Gero Baionara doaz eta gero Bretainiara».

Bertan Marilyn ezagutuko dute protagonistek, eta berak kultura bretainiarraren berri emango die. Izan ere, Ibarraren asmoa Euskal Herriaren eta Bretainiaren arteko antzekotasun kulturalak islatzea izan da. Adibidez, aipatzen da bertan ere badaudela ikastola modukoak, bretoieraren ofizialtasunaren aldeko elkarte bat, bertsolariak...

Ibarra Donapaleun bizi den bretainiar emakume batekin harremanetan jarri zen eta testu bat itzultzeko eskatu zion. Gainera, izenburuak ere bretoierari egiten dio erreferentzia. «Nik bi hizkuntzak uztartu nahi nituen, hizkuntza txikiak ere modernoak direla erakutsiz. Beldurra izan genuen ‘kenavo’ horrek gazteentzat txiste merkerako bideak zabaltzen zituelako, baina arriskatzea erabaki genuen», aitortu digu «agur» esan nahi duen hitzaren inguruan.

Ibarrak saiakera liburuak idatzi izan ditu, eta hau da argitaratu duen lehen eleberria. «Hasiera batean ez nuen gazteentzako idazteko asmoa, denentzako izatea nahi nuen, baina Indiana Jones-en pelikulekin gertatzen den bezala, publiko guztientzat egin nahi horretan arriskua dago erdibidean gelditzeko; beraz, kontu batzuk xamurtzea eta gazteentzako egokitzea gomendatu zidaten», azaldu du idazleak. Finean, «hizkuntzaren magia gazteen eskura» jartzeko helburuz egindako abentura liburu bat atera zaio.