Martxelo DIAZ

ERRIGORAREN ZAZPIGARREN UZTAK «AGERRALDIA» EKIMENA ABIATUKO DU

Zazpigarren urtez euskara eta Nafarroako hegoaldeko ekoizpena uztartzeko lanean ari da Errigora. Aurten zenbait berrikuntza ekarri dituzte. Horietako bat Agerraldia da, zonaldean bertan sortutako ekimena, bertatik bertara euskaltzaleen lana bultzatzeko.

Errigora ekimenaren bultzatzaileak harro daude urte hauetan egindako lanarekin, baina ondo dakite oraindik erronka handiak dituztela. Hori dela-eta, berrikuntzak izango dira eskaintzan, ekarpenean eta funtzionamenduan.

Berrikuntza horien artean, larunbat honetan Tafallan aurkeztuko duten Agerraldia ekimena dago. «Ager vasconum» esamoldetik hartu dute Agerraldia izena. Erromatarrek horrela deitzen zioten euskaldunen lurraldearen hegoalde zabalari, eta deitura bera erabiltzen da bi mila urteren buruan Nafarroaren hegoaldea izendatzeko, Cortesetik Garesera eta Vianatik Zangozara doan lur emankorraz mintzatzeko.

Gauzak horrela, larunbatean auzolana egingo dute Errigorakoek. Ondoren, eguerdian, ekoizleen postuak izango dira plazan. Giroa berotzeko kalejira erraldoia egingo dute zanpantzar, dantzari eta musikarekin. 13.00etan, Tafallaldeko herrietako dantzariek emanaldia eskainiko dute. 13.30ean, Agerraldia ekimen berriaren aurkezpena izango da. Ondoren, indarrak berreskuratzeko herri bazkaria egingo dute, eta eguna ondo amaitzeko, Tafalla Kantuz ekitaldia izango da, eta El Sonido de la Metralleta eta Eutsi taldeen kontzertua, Pasadizo tabernan.

Tafallakoa Agerraldiaren lehen urratsa baino ez da izango. «Agerraldia euskara herriko plazetara ekarri nahi duen ekimena da. Jaio da Nafarroako hegoaldean eta erdialdean euskalgintzaren eta euskaltzaleen beharrak asetzen laguntzeko beste modu batean: formazioa, finantziazioa, bitartekoak emanez... Erronka da euskararen ezagutza erraztea, erabilera sustatzea eta euskararen presentzia handitzea ildo desberdinetan: kulturan, aisian, kirolean, alor sozioekonomikoan eta instituzionalean», azaltzen du duela lau urte AEKn euskara ikasten hasi zen Blanca Garcia tuterarrak Errigorak herrietan banatu duen eskuorrian.

«Eginkizun nagusia zonaldeko euskaldunak, euskaltzaleak eta eragileak saretzea izango da. Modu honetan, kontaktuak eta harremanak egiteaz gain, herritarren beharrak eta hausnarketak aztertu ahalko dira. Hori dela eta, herritarrak protagonista izango dira erabakietan eta egitasmoen gauzatzean. Horrez gain, Euskal Herriko gainontzeko eragileak zonaldeari begira jartzen saiatuko da, eta proiektu zehatzetan parte hartzeko aukera izango dute», segitzen du.

«Errigoraren kezka hau zen: Euskarari Puzka kanpainak agortzen direnean zer geldituko da zonalde honetan euskalgintzan? Kezka honi aurre egiteko erabaki zen proiektu bat sortzea, gero ere bide propioa izango zuena, zonaldean euskararen alde ari diren ekimenak indartzeko eta berriak lortzeko. Eta asmo horrek Agerraldiaren forma hartu du», dio Garciak.

«Argi dugu herri bakoitzean egingo dena bertatik bertara erabaki beharko dela. Herriak dira haien beharrak ikusi behar dituztenak eta horrekin hasi beharko dugu lanean. Ideia asko egon dira mahai gainean: euskarazko ludoteka ibiltaria, sukaldari ospetsu baten klaseak, pilota eskolak... Eremu ezberdinak hartu nahi dira ekintzetan: aisialdia, kultura, kirola, hezkuntza...», azaltzen du Haizea Lizarbek, Lodosan euskara irakasten dabilen tafallarrak.

Saskien eskaintza

Aurtengo kanpainaren bigarren berritasun nagusia saskiekin dator. 50 euroko bi saskiren planteamenduarekin hasi ziren eta orain izaera eta prezio desberdinetako hiru saskira pasatuko dira.

Saski beltza, orain arte eskaintzen zuten moldekoa izango da. Betikoa, 50 euroren truke jasoko dena. Bertan, orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba olio birjina estra, potxak, mahats zukua, zainzuri krema, teilak, melokotoia almibarrean, kardua, tomate frijitua eta piper txorizero mamia aurkituko da.

Berdea 60 euroan eskuratu ahal izango da eta produktu ekologikoz osatua izango da. Bertan, orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba olio birjina estra, potxak, mahats zukua, arroza, pasta, barazki menestra eta ozpina izango dira.

Saski zuria bereziago da eta 70 euroren truke jarriko da salgai, gabonetako saski baten tankerakoa izatea nahi dute. Saski honen edukia hau izango da: orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardo ondua, patxarana, ardo apartsua, polboroiak, patxaran mantekatuak, txokolatezko arrokak eta pikillo piper marmelada.

Produktu guztiak hornitzeko, iazko ekoizle guztiez gain, bi etxe gehituko dira aurten. Aristu eta Azanza dira, ardo apartsua eta patxarana jartzeko. Orotara 25 ekoizlek osatzen dute zerrenda.

Euskalgintzara bideratuko den ehunekoan ez dago aldaketarik: saski bakoitzaren balioaren %25 joango da Nafarroako hegoaldean ikastolak, Sortzen eta AEKren ekimenak laguntzera eta Agerraldia abiatzera. Zehazki, saski beltz bakoitzak 12,50 euro bideratuko dio euskarari; berdeak 15 euro, eta zuriak 17,50 euro.

Euskarari laguntzearekin batera, Nafarroako ekoizleek ere bultzada garrantzitsua jasoko dute Errigoraren ekimenari esker. Lurrari atxikitako ekoizleak dira, eta egoera kaskar bati aurre egin behar dioten nekazari edo abeltzainei etorkizuna arinago egiten diote. Horietako askok, gainera, ekoizpen ekologikoaren aldeko hautua egin dute.