Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Ibon Martinen nobela beltza euskarara ekarri dute

Nobela beltzean lekua egin du eta gaztelaniaz idatzitako salduenen zerrendan daude bere lanak. Orain, Ibon Martinen misterioa eta «tranpak» euskaraz goza daitezke. «Bikaintasunez» itzuli du Aiora Jakak «Isiltasunaren itsasargia» (Elkar), Leire Altuna protagonista duen sagako lehen alea. Biktima bat eta susmagarri bat, baina ez da dirudiena…

Asteak daramatza liburu salduenen zerrendan postu nagusian bere izenak. Ibon Martin idazle donostiarrak lehen egunetik izan du arrakasta bere azken eleberriarekin, “La danza de los tulipanes”; aitzitik, atzeragotik gozatu du garai gozoez, literaturari dagokionez: Leire Altuna protagonista duela sortu zuen sagak ekarri zuen bere sinadura lehen lerrora. Gazteleraz idatziak eta hala argitaratuak, 2013an abiatu zuen saga osatzen duten lau liburuetan lehena: “El faro del silencio”. Eta albiste onak datoz Elkar argitaletxetik: eleberria euskarara itzuli dute.

Eta hortxe zegoen koska, Martinen hitzetan, euskarara kalitatez itzultzea. «Oso egun berezia da niretzat. Gehien irakurri den liburua da, mordoa saldu da, eta ilusio handia nuen euskaraz ikusteko, baina beldur nintzen itzulpenarekin», onartu zuen atzo, prentsaurrekoan.

Eta meritu osoa aitortu zioten Aiora Jaka Irizarri, bera arduratu baita lana gazteleratik euskarara itzultzeaz. «Aiora ezagutu nuenean asko-asko gustatu zitzaidan bere lana. Nik proposamena egin eta baiezkoa jaso nuen. Lehen bi-hiru kapituluak itzuli zizkidanean, jada euskaraz, flipatu egin nuen», kontatu zuen. Martinen esanetan, euskaraz idazteko ez du gaztelerarekin duen trebezia bera.

Xabier Mendiguren editoreak ere laudorioak baino ez zituen Jakarentzat. «Lan ederra egin du», Ibonen prosari fidel izan zaio, «liburua hasten denetik bukatzen den arte», erantsi zuen.

Aurki itzuliko dira Martinen lanak frantsesera, alemanera, italierara, serbierara… baina «lehen-lehen» itzulpena bere ama hizkuntzan izateak bereziki poztu du.

Sakamantekas Pasaian

Nobela beltzean bere lekua irabazi du Ibon Martinek. Bide horri ekin zion Leire Altuna protagonistarekin, idazlea hau ere. Pasaiako Platako itsasargian bizi da, baina bakardadea zergatik bilatu duen ez dugu aurreratuko. Eta itxurazko lasaitasun eta baretasun horretan, emakume baten hilotza topatuko du Altunak. Sarraskia. Sabela irekita du, eta bertatik gantzak atera dizkio hiltzaileak. Ohartu da bera izan dela biktima aurkitzen lehena… eta, beraz, poliziarentzat bera dela susmagarri nagusia.

Lehen erailketa horren ondotik etorriko dira beste batzuk, denak modus operandi berarekin burutuak. Bere burua salbatu eta errugabe azaldu nahi badu, nork egin duen deskubritu beharko du…

Lehen orrialdetik Martinek gustuko du akzioa eta horretan paisaiak ere toki garrantzitsua du. Kasu honetan, Pasai Donibane, Pasai San Pedro, badia, bi ertzak batzen dituen txalupa, itsasargia… leku ezagunak baina misteriotsuak aldi berean, gertaera lazgarrienak jazotzeko. Orduak eta asteak ematen ditu eleberria kokatu nahi duen parajeetan, belarria zorroztuta, koaderno batean ohar piloa jasoz. Ikusezina den entzulea. Eta hortik abiatzen ditu, hain zuzen, bere lanak: lehendabizi lekua aukeratu eta gero istorioa garatzen duela azaldu zuen. Zalantzarik ez zuen izan Sakamantekasen modura aritzen den hiltzailearen eszenografiarako Pasaia hautatzean.