Arabiar Emirerri Batuak, Costa Rica eta Suitza jada ez dira paradisu fiskalak
Europar Batasunak Costa Rica, Suitza eta Arabiar Emirerri Batuak paradisu fiskalen zerrendetatik ateratzea onartu du. Marshall Uharteetako Errepublika zerrenda beltzetik grisera pasatu du.

Arabiar Emirerri Batuak eta Marshall Uharteetako Errepublika Europar Batasunaren paradisu fiskalen zerrenda beltzetik atera dira. Kontseiluak joan den ostegunean azaldu zuenez, «beharrezko erreformak onartu zituzten 2018. urtearen amaierarako politika fiskalak hobetzeko» eta horregatik hartu dute erabakia EBko Ekonomia eta Finantza ministroek.
Arabiar Emirerri Batuek EBren eskakizun guztiak bete dituzte eta zerrenda guztietatik at gelditu dira; Marshall Uharteetako Errepublikak, ordea, oraindik aldaketak egin behar ditu eta horregatik igaro da zerrenda beltzetik grisera. Zehazki, EBk uharteek gardentasunari eta informazio fiskalaren trukeari buruzko nazioarteko baldintzak betetzen dituzten begiratuko du.
Albania, Serbia eta Maurizio
Zerrenda grisetik kanpo gelditu dira Suitza, Costa Rica, Albania, Serbia eta Maurizio ere.
«Horiek ezarritako epea baino lehen egin zituzten behar zituzten aldaketak, gobernu fiskal on bat izateko baldintzak betetzeko», agertu zuen EBko Kontseiluak. Suitzak EBk kaltegarritzat jotzen zituen bost erregimen fiskal utzi ditu bertan behera.
Osteguneko aldaketen ondotik, bederatzi jurisdikzio gelditzen dira zerrenda beltzean: Samoa Estatubatuarra, Belize, Fiji, Guam, Oman, Samoa, Trinidad eta Tobago, Birjina Uharte Amerikarrak eta Vanuatu. Zerrenda grisean, aldiz, 33 estatu daude oraindik.
Bestalde, zerrenda batean ere agertzen ez diren jurisdikzio batzuek gardentasun irizpideak betetzen dituzten aztertu du EBk, betetzeko eman zien ezohiko epea bukatu ondoren. Hogeita zortziek uste dute denek bete dituztela baldintzak, baita AEBek ere.
«Kontseiluak adostu du informazioa trukatzeko beren akordio sarea nahiko handia dela estatu kide guztiak barne hartzeko, eskatzen den informazioa partekatzeko eta bi aldeen beharren eta nazioarteko estandarren araberako truke automatikorako», agertu zuten ministroek.
Erregistroari kritikak
Europar Batasunak 2017ko abenduan jarri zuen martxan bere lehendabiziko paradisu fiskalen zerrenda beltza. Bertan, EBtik kanpoko herrialdeek gardentasunez jokatzen duten eta justizia fiskala eta nazioarteko arauak errespetatzen dituzten ebaluatzen du.
Herrialdeek aldian-aldian errebisatzen dute egoera, eta erregistroa eguneratzen dute. Kritikak jaso ditu erregistroak zerrenda beltzean amaitzen duten herrialdeak ez zigortzeagatik, baita EBko estatu kideei ez aplikatzeagatik ere.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
