GARA
DONOSTIA

Emakume migratzaileen lana goraipatu eta herritarrei hurbilduko diete

Emakume migratzaileen lana eta euren ekarpen ekonomiko eta kulturala balioan jartzeko, kalera irtengo dira zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) gaur, Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunean. Mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzea eta etxeko lanetan aritzea dira emakumeon eginkizun nagusiak. Bizitzeko beharrezko lanak dira, baina prekarizatu eta ikusezinak.

Atzoko aurkezpenean agertu zutenez, euren migrazioetan emakume eta haurrek askotariko indarkeriei egin behar diete aurre, eta helmuga herrialdera iritsitakoan jarraitu egiten dute indarkeria horiek.

Horiek salatzeko eta emakume migratzaileen errealitatea herritarrei hurbiltzeko, bizikleta martxa eta zine foruma antolatu dituzte gaurko, “Emakume guztientzat eskubide guztiak” lelopean, Donostian.

Hiriburuko Zero Pobrezia plataformak, 21 elkarte eta gizarte mugimenduz osatuak, eta Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak, 79 garapenerako GKE barnean dituenak, kale ekintza baten bidez aurkeztu zituzten gaurko ekintzak.

Migrazio politikek giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia edukitzea eskatuko dute antolakunde horiek, eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak aintzat hartuta. Atzerritarrak barneratzeko zentroak ixtea, emakume migratzaileek justiziarako sarbidea izan dezatela bermatzea eta zaintzak modu jasangarrian eta ekitatiboan balioestea ere galdegingo dute, besteak beste.