2019/10/17

«Etxeak eta hilobiak», Bernardo Atxagaren agurra eleberrigintzari

Bernardo Atxagak adio esango dio eleberrigintzari. Aurrez iragarria bazuen ere, hala baieztatu du azken eleberri izango duen «Etxeak eta hilobiak»-en aurkezpenean. Mika baten hegaldiari segika, asteasuarrak El Pardo kuarteletik Pauera edo Texasera eramango du irakurlea pertsonaien bidez eraikitako kontakizunean eta, aurreratu duenez, suspensea eta ustekabeak ez dira faltako. Mugimendua baita, bere hitzetan, eleberrigintzaren muin zein gako.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
1017_kul_atxaga

Mugimendua. Hori da, Bernardo Atxagaren hitzetan, eleberri baten iturburua zein arrakastaren gakoa. Hala adierazi zuen “Etxeak eta hilobiak” (Pamiela) bere ibilbideko azken eleberria izango denaren aurkezpenean.

Donostiako Koldo Mitxelenako aretoa jendez leporaino zela heldu zion asteasuarrak aurkezpenenari, Frantxis Lopez-Landatxe KMko zuzendari ohia eta Pello Elzaburu Pamielako editorea lagun zituela eta, azaldu zuenez, txori bat, mika bat zehazki, izan zen eleberrirako oina eman ziona. «Mika horrek berrogei urte daramatza nire memorian, El Pardo kuartelean, Franco eta orduko printzearen palaziotik bi kilometrora ezagutu nuen mika hark», esan zuen, eleberrien iturburua xehetasunetan dagoela iradokiz.

Mika horrek, «dinamo batek bezala», kuartelaren inguruko gertakariak bilduko zituela otu zitzaion Atxagari. «Kuartela kartzela bat da, eta han dagoen jendea harrapatuta dago; horregatik adiskidetasuna ez da berdin murruz kanpora edo barrura. Mika horrek jasotzen zuena –jarraitu zuen– esanahi handikoa izan zitekeela pentsatu nuen. Nik kuarteletan ikusi ditut une desesperanteak, gogorrak, biolentzia handiena».

Inspirazio hartatik idazten hasita, 22 orrialde eta eleberriaren balizko izenburua atera zituen: “Francori kabron esan zion soldadua”. Baina hor geratu zen lehen saiakera: «Ez nion aurrerabiderik ikusten». Mugimendua behar zuen eleberriak eta, bigarren saiakeran, bi urte beranduago, 44 orrialde eta izenburu berria (“Pamela”) erdietsi zituen, baina eleberria ez zen hegaldatzen.

Donibane Garaziko belar-denda batean topatu zuen giltza. Usaimenaren bidez, oroimenaren katebegiek 14 urte zituela frantsesean trebatzeko helburuz Pauko barnetegi batean eman zuen egonaldia ekarri zioten gogora. «Kuartelaren antzeko tokia da kontzeptualki, arrotza, mugatua, itxia… arrotz sentitu nintzen». Hala sortu zuen Elias, frantses ikastaroa egitetik mutututa itzuli den mutikoa, eta hark eman zizkion, Atxagaren hitzetan, eleberriari «hegoak» edo, bestela esanda, pertsonaiak: «Horiek dira zutabea. Mutikoak koruan txistuka egiten du, eta orduan aipatu behar duzu koru zuzendaria; osaba okinaren etxean bizi da eta okindegi horrekin harremana duten mutilek ere harrera egingo diote etorri berriari… hor sortzen dira hegoak».

Hala, bere oroitzapenei tiraka eta literaturarekin jolas eginez, Atxagak pertsonaiak zutabe dituen eleberria osatu du eta irakurlea Pauetik Baionara eta Texasetik Ugartera darama, mugimendu etengabean.

Eleberriaren gakoak

Idaztean «prosa kristalinoa», atzean dauden «paisaiaren labirintoak» erakusten dituena, erabiltzen saiatu da Atxaga, baina arazo bat sortu zitzaion: «Prosak ezin du erabat kristalinoa izan, eta pentsatu nuen hobe zela irisazio batzuk markatzea». Hala, zenbait ataletan irakurleak besteren artean Agatha Christie edota westernaren itzalak sumatuko dituela aurreratu zuen.

Eleberria ez da kronologikoa, atal bakoitzak denbora-tarte jakin bati egiten dio erreferentzia. «Hori egitean idazleak halako baieztapen bat egiten du: nik gogoan hartuko dut historia». Azkenik, bere helburua «mugimenduarekin mugimendua egitea» izan dela esan zuen: «Oinarrizko sustantzia da mugimendua; bizitza mugimendua da eta mugimendu horrek hartzen dituen norabideak infinituak dira. Eta mugimendu hori da aldaketa». Hala, eleberrian suspensea eta ezustekoak kontaketa osoan zehar daudela esan zuen.

Atxagaren azken eleberria

Kazetarien galderei erantzunez, “Etxeak eta hilobiak” bere azken eleberria izango dela baieztatu zuen Atxagak. «Zazpi urte joan dira [eleberri hau idazten] hasi nintzenetik, lan itzela da, latza», azaldu zuen, eta eleberria josteak eta batasuna emateak sortzen dizkion buruhausteak aipatuta, «esaldi batek nobela guztia honda» dezakeela ziurtatu zuen.

Bestetik, akituta azaldu zen idazlearen bizitzarekin. Zergak eta protokoloak aipatuta, «Euskal Herrian artista autonomo izatea kartzela bat da», baieztatu zuen. «Pentsatzen dut beste gauza asko egiten ditudala askoz ere bazterrekoagoak, laburragoak. Miniatura batek mural batek baino balore handiagoa izan dezake eta iruditzen zait alor horietan sartu behar dudala», esan zuen.