Maider IANTZI GOIENETXE
DONOSTIA

Demokraziaren aldeko batasuna, biharko manifestazioaren atarian

Proces-aren aurkako epai «bidegabeari» erantzunez, manifestua adostu zuten Euskal Herriko eragile politiko, sozial, kultural eta sindikal ugarik. «Preso guztien askatasuna» aldarrikatu, konponbide politikoaren premiaz ohartarazi eta Gure Eskuk biharko deitutako martxa babestu zuten.

EAJ, EH Bildu eta Ahal Duguk sinatu zuten agiria –Joseba Egibar, Maddalen Iriarte eta Lander Martinezek elkarrekin egin zuten agerraldia Gasteizko Legebiltzarrean–. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde ere atxiki ziren. Demokrazia Bai plataforma, bezperan bertze idatzi bat aurkeztu zuena, eta Erabakizaleak abokatuen elkartea bezala. Aurkezpenean izan ziren kultur arloko erreferenteak ere, Antton Telleria, Pilar Kaltzada, Danele Sarriugarte, Xabier Euzkitze eta Garbiñe Ubeda, kasu.

Bertan egon ezin izanagatik ere, sinatzaileak gehiago dira: Juan Jose Ibarretxe, Bernardo Atxaga, Asier Illarramendi, Jule Goikoetxea, Paul Rios, Iker Irribarria, Fermin Muguruza, Irantzu Varela, Miren Amuriza eta Zuriñe Hidalgo, besteak beste.

«Gure desadostasun osoa adierazi nahi diogu Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortzen dituen epaiari», zioen Gure Eskuk sustatutako agiriak. Amalur Alvarez bertako bozeramaileak irakurri zuen gaztelaniaz, eta Pilar Kaltzada kazetariak, euskaraz.

«Ondorio larriak»

«Uste osoa dugu epaiak ondorio larriak dakartzala oinarrizko eskubide eta askatasunentzat», azaldu zuten. «Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere». Beraien ustez, premiazko eginkizuna da konponbide demokratikoaren alde egitea, Kataluniako herritarrek etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuta.

Nabarmendu zutenez, konponbide politikoaren aldeko jarrera hori «gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen duen oinarria da (...) Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasunak maite ditugun guztiok, gure aukera ideologikoetatik harago».

Horregatik, Gure Eskuk deituta, bihar Donostian “Erreferenduma ez da delitu. Askatasuna” lelopean eginen den manifestaziora joatera deitu zuten. Antiguan da hitzordua, 17.30ean.