2019/10/18

Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
Ekonomia gora, pobreziaren pare
Asko dira mahai gainean ditugun txosten eguneratuak, eta oraingoan datu horiek guztiak bereziki adierazgarriak dira ekonomiaren susperraldian jasotakoak direlako

Azkenaldian etengabe jasotzen ari gara gizartearen egoeraren gaineko datuak, eta bakoitzak ikuspuntu eta metodologia ezberdina erabiltzen duen arren, berri txarrak partekatzen dituzte guztiek. Esaterako, Eusko Jaurlaritzaren gizarte beharrei buruzko azken inkestak zenbait adierazle hobetu direla erakusten badu ere, pobreziaren eta pobrezia arriskuaren hazkundea sumatu du, baita Europako ongizatearen sailkapenetan atzera egin dugula ere. Gipuzkoako inkestak agerian utzi du lana izan arren pobrezia pairatzen duten pertsonen kopurua igo dela. Espainiari dagokionez, Caritasek bultzatutako Foessa txostenak dioenez, gizarte bazterketa enkistatu egin da. Bestetik, berriki ezagutarazi den Lanaren Nazioarteko Erakundeko txostenak dio Espainia dela Europar Batasunean langile pobre gehien dituen 3. herrialdea.

Asko dira mahai gainean ditugun txosten eguneratuak, eta oraingoan datu horiek guztiak bereziki adierazgarriak dira ekonomiaren susperraldian jasotakoak direlako. Sumatzen genuena argi uzten dute: ekonomiaren hobekuntza ez da pertsona guztiengana heldu. Adierazle guztiek desberdintasunaren hazkundea eta bizitzaren prekarizazioa baieztatzen dituzte. Finean, lan-prekaritatea egiturazko bizimodua bihurtzen ari da gure gizartean, batez ere, gazteen eta emakumeen kasuan.

Testuinguru horretan, badira interes handiagoa hartzen duten egungo gertaerak. Kasu baterako, Bizkaiko metalgintzako lan-hitzarmen duina aldarrikatzeko greba, egoitzetako langileen borroka eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren legea moldatzeko eztabaida (elkartasun publikoaren adierazgarri); gehienbat kontuan hartzen badugu badirela egunak kanpainaurrea hasia dela eta, hala ere, oraingoan hautagaiek ez dutela zalantzan jarri berriz ere krisialdi ekonomikoa datorkigula, edo aurreko krisiaren sakontzea laster izango dugula. Datuok garrantzitsuak dira, aldaketa sakonak egin ezean zer nolako gizarterantz goazen ohartarazten dutelako, kontuan izanik ekonomia «ondo» doanean ere beharrizan sozialak areagotzen direla.