Asier AIESTARAN
PILOTA

Ez da beste entrenamendu saio bat izango

Jaka eta Altuna askotan jarduten dira batera prestaketa lanetan, baina igandean ez da txantxarik izango.

Lagun handiak dira Erik Jaka eta Jokin Altuna; atzoko aukeraketan gogoratu zutenez, elkarrekin entrenamendu saio asko egindakoak, baina datorren igandean Eibarren ez da bromarik izango bien artean. Final-laurdenetako lehen partida irabazita iritsiko dira bi aurrelariak hitzordura, galduta ere koltxoi bat badutela jakinda, baina horrelako aukerak pasatzen uztea arriskutsua izaten da askotan.

«Gertatu izan zait aurreneko neurketa irabazi eta ez sailkatzea, baita alderantzizkoa ere: aurrenekoa galdu, eta gero finalerdietan sartzea. Lanean segi beharra dago», aipatu zuen Jokin Altunak, faborito moduan irtengo den amezketarrak. Izan ere, txapelketa hasi aurretik jada faborito nagusien artean baldin bazegoen ere, aurreko astelehenean Tolosan Peio Etxeberriaren aurka eman zuen erakustaldiak pronostiko horiek nabarmen indartu ditu.

Beotibarreko partida hori bertatik bertara ikusi zuen Jakak ere, jaialdiko hirugarren neurketa jokatu zain. «Badakit Jokin faborito irtengo dela igandean. Ez nire aurka jokatzen duelako bakarrik, beste edozeinen aurka jokatuta ere faborito irtengo baita. Baina denok izaten ditugu egun ahulxeagoak, eta nik nirean zentratu beharra daukat. Jokin deseroso egon dadin saiatu behar dut, pilota bizi ibiliz eta aukera txikiena daukadanean asmatuz», aztertu zuen aurrelari lizartzarrak.

Victorren aurka, burua hotz

Hala ere, ez dira Jakaren aukerak gutxietsi behar. Lehen jardunaldian garaipen garrantzitsua lortu zuen Victorren aurka, 22-14 Azpeitian, eta ez puntua eskuratu zuelako soilik, eskuratzeko moduagatik baizik. Jaka 8-2 galtzen hasi zen errioxarraren aurka, eta, hala ere, gai izan zen burua hotz mantendu –behin baino gehiagotan falta izan zaiona, alegia– eta markagailuari buelta emateko.

Honela mintzatu zen Jaka: «Oso pozik nago orain arte egindako lanarekin, eta igandean jokatzeko gogotsu. Ligaxka ongi hastea oso garrantzitsua da, eta nire kasuan bigarren garaipena izan zen jarraian –final-zortzirenetan 22-6 menderatu zuen Bakaikoa–».

Altunaren aurka aurrez jokatutako kaiolako partidarekin ere gogoratu zen lizartzarra: 2018ko ekainaren 24an, Eibarren bertan eta San Joan egunez, Nafarroako Lau eta Erdiko Torneoko final-laurdenetan. Erik Jaka oso joko puntu onean zegoen, baina min hartu zuen norgehiagoka hasi eta berehala, oroitzapen gazi-gozoak utziz.

«Ongi jokatzen ari nintzen, sentsazio onak nituen, baina egia da konturatzerako 5-2 galtzen ari nintzela. Eta hori askotan gertatzen da Jokinen aurka. Peio Etxeberriaren aurka ere bazirudien pilota jartzen bakarrik ari zela, beste munduko esfortzurik egin gabe, eta sekulako errepasoa eman zion azkenean», amaitu zuen Jakak.

Sarerik gabeko jauzia Gernikan

Final-laurdenetako bigarren jardunaldia gaur arratsean hasiko da Gernikako Santanape pilotalekuan, Oinatz Bengoetxea eta Iñaki Artola neurtuko dituen norgehiagokarekin (jaialdia 20.00etan hasiko da, baina ETBk gauean eskainiko du). Baiko enpresako bi pilotariek galdu egin zuten aurreneko jardunaldian, oso tanto gutxi eginda gainera –Oinatzek 8 bakarrik Ezkurdiaren aurka eta Artolak 9 Lasoren kontra– eta, beraz, esan daiteke gaurko dema galtzen duen pilotaria txapelketatik kanpo geratuko dela ia ziur.

Itxura nahiko kaskarra eman zuten biek aurreko asteburuan, batez ere Artolak, baina jakina da alegiarra eskuko arazoekin dabilela azkenaldian eta horrek asko baldintzatzen duela bere errendimendua. Material aukeraketan aipatu zuenez, ordea, gaurko neurketan arriskatzeko prest dago, badakielako galduz gero ia aukerarik gabe geratuko dela aurrera egiteko.A.A.