GARA
ZORNOTZA

Xabier Amurizak jasoko du 2019ko Manuel Lekuona saria

Xabier Amuriza bertsolariak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren 2019ko Manuel Lekuona saria. Euskal kulturarekiko duen konpromisoa eta bertsolaritzan egin duen ekarpenari aitortza egin nahi dio erakundeak.

Xabier Amuriza (Etxano, Zornotza, 1941) «bertsolaritza modernoaren erreferente argia da, berritu eta alor askotan aitzindaria izan da» eta «bertsolaritzak azken urteotan izan duen loraldiaren protagonista da», adierazi zuen atzo Eusko Ikaskuntzak. Horregatik eta euskal kulturarekiko erakutsi duen «konpromiso sendoagatik», aurtengo Manuel Lekuona saria emango diote.

Epaimahaiak nabarmendu zuenez, «bertsolaritza izanik euskara eta euskal kulturaren identitatearen erakusle garrantzitsua, Amurizak ahozkotasunean egindako ekarpenak hizkuntza biziberritzen lagundu ez ezik, zabalkundean ere nabari eragin du» eta kulturaren aberastasuna bultzatu du.

Bertsolaritzatik harago, Amurizak ibilbide «emankorra» izan du literaturan eta musikan, eta eleberri, azterlan, disko eta grabaketa ugari egin ditu.

Saridunaren hautaketan herritarrek eta epaimahai instituzionalak parte hartu dute. Azken horretan Aranzadi Zientzia Elkartea, Euskal Kultur Erakundea, Jose Miguel Barandiaran Fundazioa, Vianako Printzea Erakundea, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Unesco Etxea eta Etxepare Euskal Institutua epaimahaikide izan dira, Eusko Ikaskuntzarekin batera.

Manuel Lekuona saria 1983an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak, «euskal komunitate globalarentzat ekarpen garrantzitsua izan zitekeen lana (opera omnia) egin duten pertsonei aitorpena egiteko». Sariak euskal kulturarekiko ekarpena eta konpromiso adierazgarria, baita balio unibertsala ere, eta bere lanaren dibulgazioa kontuan izaten du.

Erakundeak azaldu zuenez, Amurizak sariari izena ematen dion Manuel Lekuonarekin hainbat gauza ditu komunean: «Biak hizkuntzalaritzan eta olerkigintzan ibiliak, golardoa eskuratu dutenen zerrenda ireki (1983an, Lekuonak) eta aurtengoa itxi (2019an, Amurizak) dute». Saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat da.