Surflari ernegatua

Beste belaunaldi bat

Kelly Slaterrekin, argi! «Abiadura lortu nuen eta etekin atera nion», esan zuen airean bi itzuli egin ostean Kokoa Beacheko surflariak. Portugalgo txapelketan izan zen, pasa den astean, eta ez zuen garaipen keinurik egin ariketa amaitzean, ezta besoak jaso eta garrasi egin ere. Hamaika bider munduko txapeldun izandakoak bekainak jaso zituen apur bat eta zorionak eman zizkion bere buru soilari, diskretuki. Slater beste belaunaldi batekoa baita.

Slaterrek egin zuen ariketa edozein brasildar edo lehiakide gaztek egingo balu, oraindik taula gainean saltoka legoke, “King Kong” imitatuz bularraldean ukabilkadak jotzen edo zerura begira Jainkoari musuak airera igortzen, baina Slater beste belaunaldi batekoa da.  Garaiz erretiratzen ez jakitea egotzi izan diot Floridako surflariari, baina edozein momentutan edozer gauza egiteko gai dela ere nabarmendu izan dut, behin baino gehiagotan egin izan baitu ezinezkoa zirudiena. Ez dut uste berriz ere titulu mundial bat eskuratzeko moduan denik, baina ikuskizuna edozein unetan eskain dezakeela begi bistakoa da. 

Elkarrizketa batean honakoa kontatu zuen Slaterek: «Duela hogei edo hamar urte nirekin tourrean lehian ari ziren lagunak gaur ezkonduak daude eta haurrak dituzte. ‘Ezin dut sinetsi lehian jarrai dezakezunik’, esaten didate, ‘nola egiten duzu?’, eta nik zera erantzuten diet, ‘makulu batekin’».

Beraz, bai, Slater estralurtarra da, baina nire ustez, batez ere, beste belaunaldi bateko surflaria da. Skateko ariketak surfera eraman zituztenen belaunaldikoa, surflariak lehen aldiz kirolari bilakatu zirenen belaunaldikoa, eta egiten ari zirenaren kontzientzia galdu gabe, erantzukizuna bere egin zutenen belaunaldikoa. Beti izan diet errespetu handia ni baino helduagoei. Etxean eta ikastolan jaso genuen balio garrantzitsuetako bat izan zen, eta pozten naiz horrela ikasi izana, nire aurrekoek egindakoa baloratzeko balio izan baitit. Horregatik, «makulu batekin» badabil ere, ez ditut ahazten Slater eta enparauek aurrez egindakoak.

Makuluak ordea, balioen metafora bat ere izan daitezke. Makulu edo baliorik gabe ez dago aurrera egiterik. Madrila abiatu ziren urrezko belaunaldiko pentsiodunek erakutsi zuten pasa den astean, eta baita pasa den mendean ere. Belaunaldi bakoitzak bereak, baina partekatuak badira, bitarteko garrantzitsuak dira, «makuluak», pasa den asteko mobilizazioekin Ernaiko gazteek Gasteiz edo Bilbon erakutsi zuten moduan.