Jon GARMENDIA «TXURIA»
Idazlea

Pays Basque

Lapurdiko kostan bizi naiz, eta hemen sarritan entzuten dut Pays Basque hitza, «Euskal Herria», baina askotan izaten dut zalantza zein Euskal Herriz ari den hitza aipatu duen pertsona. Iparraldeko hiru herrialdeak biltzen dituena izan liteke, Baiona Biarritz eta Angeluk osatutako BAB, Euskadi, Nafarroa… edo Ezpeletako piperra sortzen den baratzea! Hau da, nerauk ere idatzia dut zazpi probintziako herria imajinario samarra bilakatzen ari zaigula agian, asko jota gutxi batzuk buruan dugula soilik, ezen praktikan ikustea nekeza den denboraren joanean, hainbeste instituziotan eta hiru zati nagusitan banatua dago lurraldeari beha. Baina gero eta zirriborrotsuago sumatzen dut geografiaren zein nortasunaren aldarrikapena ipar-ekialdeko lurrotako kultur emanaldietan (noski, bada Ximun Fuchsek aurkeztu berri duen “Zaldi urdina” bezalako salbuespenik). «‘Mon Chien stupide’, une comédie mordante et vivifiante tournée au Pays basque» filma Euskal Herrian kokatutako komedia gisa aurkeztu dute, Yvan Attal, Charlotte Gainsbourg izar gisa, eta «les images du Pays basque sont sublimes, la lumière naturelle, remarquable, en forêt, près de l’océan, à Bidart, notamment, et Guéthary». Hau da, Euskal Herriko paisaiak goraipatzen dituzte, paradisu bati gorazarre egiten zaio, itsasbazterra aipatzen da, Getaria, Bidarte… to! hori al da Euskal Herria oro har? Lapurdiko ingurune hori bakarrik? Badakigu ezetz, badakigu ere Euskal Herria definitzeko ez dela baserriko postal bat soilik agertu behar, konplexuagoa dela dena, baina neurriak eta neurgailuak nondik nora dabiltzan ikusteak gero eta etsipen gehiago sortzen du. Barka, sortzen dit.