Haritz LARRAÑAGA
Bodyboarda

Sari Ohhara nesken APB bodyboard zirkuituko txapelduna

Oraindik ez da amaitu APB zirkuituko azken lehiaketa, Gran Canaria Fronton King 2019. Ordea, neskenitzuliko txapela Sari Ohharak irabazi du, urtean zehar egindako lehiaketetan bildutako puntuei esker. 

Sari Ohhara da 2019ko txapelduna nesken munduko APB bodyboard zirkuituan. Ichinomiya hiriko lehiakide japoniarrak bere lehen titulu mundiala eskuratu zuen pasa den ostegunean, eta horrela, munduko bodyboard titulu bat eskuratu duen Japoniako bigarren lehiakidea bilakatu da, iaz ere bere aberkide batek irabazi baitzuen munduko bodyboard txapela, alegia, Ayaka Suzuki bodyboarderzaleak.

Bi japoniarrak final-laurdenetan kaleratuak izan ziren Kanaria uharteetako Fronton King lehiaketan, baina lortutako puntuei esker aurtengo itzuliko txapela irabazi zuen Ohharak. «Ezin dut deus esan, ez dakit nola adierazi sentitzen dudana, 16 urterekin hasi nintzen bodyboard lehiaketetan eta azken 9 urteetan askotan galdu izan dut; beraz, garaipen berezia izan da», azaldu zuen Sari Ohhara txapeldunak.

Ohharak hunkituta hitz egin zuen: «Aurten zerbait gertatu zait, egin nezakeela ikusten nuen, eta egin dut, baina ez dut bakarrik egin, denbora honetan guztian nire ondoan izan dira lagunak, familia eta esponsorrak, eta haiek ere egin dute posible sari hau irabaztea». Aurrez bodyboard txapelketa bateko sari banaketan beste inork erakutsi gabeko poza erakutsi zuen japoniarrak, izan ere, oholtzan izan zen denboran negarrari eutsi ezinik egon zen eta Many Vargas hizlariak elkarrizketa egiten zion bitartean ere hunkituta jarraitzen zuen.

 

Fronton King Pro

Aurtengo nesken APB itzuliko azken lehiaketa zen Gran Canaria Fronton King Pro 2019 txapelketa, eta rankingeko lehen bi postuetako lehiakideak japoniarrak ziren; beraz, bietatik nor gailenduko zen erabaki behar zen. Biak final-laurdenetara iritsi ziren, eta biak kaleratuak izan ziren, baina txapel nagusia Ohharak irabazi zuen.

Ohhara kaleratu zuten lehenik. Alexandra Rinder bodyboardzale kanariarra izan zuen aurkari japoniarrak. Rinder 2014 eta 2015eko munduko txapelduna izan zen eta bertakoa izaki, ezin hobeto ezagutzen ditu Fronton urautsiko olatu zail eta arriskutsuak, horregatik, oraindik amaitu ez den txapelketako faboritoetako bat ere bada. Ohhara kaleratu ostean, Suzukiren emaitzak baldintzatuko zuen titulu mundiala. Suzukik txanda pasako balu aurtengo titulu mundiala beretzat izango litzateke; baina ez zen horrela izan, Isabela Sousa lau bider munduko txapeldun izandako brasildarrak kaleratu zuen Suzuki final-laurdenetan, eta ondorioz, aurtengo APB titulu mundiala Sari Ohhara lehiakideak eskuratu zuen.

Txapelketa oraindik ez da amaitu, ez mutilen kategorian eta ez neskenean. Hortaz, datozen egunetan erabakiko da nor izango diren txapelketako irabazlea eta mutilen munduko APB itzuliko irabazlea. Mutilen kategorian Trials lehiaketa bat egiten ari dira lehen mailako bodyboardzaleekin, nork lehiatu ahal izango duen erabakitzeko; beraz, mutilen lehiaketa nagusia oraindik ez da hasi.

Hala eta guztiz ere, dagoeneko itzelezko ikuskizuna izaten ari da Fronton urautsian; izan ere, pasa den astean baldintza ederrak izan ziren. Neskek bikain aurre egin zieten olatu borobil, indartsu eta zailei, eta txapela kentzeko moduko ikuskizuna eskaini zuten.

Oso sakonera gutxi duen eremuan ezker-eskuin lehertzen den olatua da Fronton. Surflarientzako urautsi zailegia, ondorioz soilik bodyboardzaleak aritzen diren urautsi bat da. Uhinak bat-batean sakonera oso gutxi topatzen du eta parean duen ur guztia xurgatu ostean piko formako olatu bortitza jasotzen da.

Gauzak horrela, oso denbora laburrean altxatzen den olatua izaki, jaitsiera zinez zaila du olatuak, eta behin behealdera iritsi ostean, aukera ia bakarra tubo batean sartzeko prestatzea izaten da. Bodyboardzaleek ordea, olatuak ematen dien indarra airekoak egiteko ere erabiltzen dute, eta sarri zauritu ere egiten dira, itzuleran jasotzen duten kolpeagatik.

Edonola ere, urautsi ikusgarria da, eta lehiakideek ere ikuskizun bikaina eskaintzen dute. Hondoan laba harria dago, kolore ilunekoa, baina ura gardena eta epela da. Horrek kolore berezia ematen dio lekuari. Dudarik gabe, datozen egunetan argazki ederrak izango dira Fronton King Pro lehiaketan.