GARA
GASTEIZ

EAJk eserleku bat gehiago lortuko luke A10ean, Elkarrekin Podemosen kaltetan

Azaroaren 10ean egingo diren hauteskundeetan antzeko emaitzak izango lirateke EAEn. Aldaketa bakarra Bizkaian izango litzateke. Herrialde honetan EAJk eserleku bat irabaziko luke, eta Elkarrekin Podemosek galdu. Araban eta Gipuzkoan ez litzateke aldaketarik izango. PP berriz ere ordezkaritzarik gabe geldituko litzateke EAEn.

Lakuak argitaratu duen azterlanaren arabera, EAJ lehenengo indarra izango litzateke EAEn azaroaren 10ean izango diren hauteskundeetan, eta zazpi eserleku lortuko lituzke. Elkarrekin Podemosek bat galduko luke, hiru eserleku lortuta. EH Bilduk eta PSEk launa eskuratuko lituzkete, eta PP berriro ere ordezkaririk gabe geratuko litzateke.

Aldaketa bakarra Bizkaian gertatuko litzateke, bertan Elkarrekin Podemosek eserleku bat galduko bailuke, eta jeltzaleek bat gehiago irabazi, lau diputatu lortuta herrialde horretan. PSEk bi lortuko lituzke. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bana.

Araban ez litzateke aldaketarik izango azaroaren 10ean. EAJ lehengo indarra litzateke, PSE bigarrena, Elkarrekin Podemos hirugarrena eta EH Bildu laugarrena. Guztiek eserleku bana lortuko lukete. Apirileko agertokia errepikatuko litzateke eta PPk ez luke oraingoan ere ordezkaririk lortuko.

Gauza bera gertatuko litzateke Gipuzkoan: emaitza berak izango lirateke eta PP banaketatik kanpo geldituko litzateke. EAJk eta EH Bilduk bina ordezkari lortuko lituzkete eta PSEk eta Elkarrekin Podemosek bana.

EAEko hauteskundeak

EAEko hauteskunde autonomikoetarako boto aurreikuspenari dagokionez, EAJ lehenengo indarra litzateke eta, Lakuak argitaraturiko txostenaren arabera, 30 eserleku lortuko lituzke Gasteizko Legebiltzarrean, orain baino bi gehiago. Araban zortzi eserleku eskuratuko lituzke EAJk, Bizkaian hamabi eta Gipuzkoan hamar.

EH Bildu bigarren indarra izango litzateke, 17 legebiltzarkiderekin (orain baino bat gutxiago). Hirugarrena PSE izango litzateke, hamabi ordezkarirekin (hiru gehiago), eta laugarrena Elkarrekin Podemos, bederatzi eserlekurekin (orain baino bi gutxiago). PPk zazpi lortuko lituzke (bi gutxiago) eta Ciudadanos eta Vox Gasteizko Legebiltzarretik kanpo geratuko lirateke beste behin.

Gauzak horrela EAJren eta PSEren arteko koalizioak berriz ere gobernua osatzeko aukera izango luke. Oraingoan gainera, gehiengo osoarekin 75 eserlekutatik 42 izango lituzketelako bi alderdi hauek.