Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ilunpetik erakusleihora

Alberdi eta Egigurenen finalerdien atarian itxaropentsu agertu da haien teknikari izandako Josu Uzkudun.

«Orain arte hori esaten aritzen ginen, Azpeitian Herriartekoan-eta oso emaitza onak lortzen genituela, baina ez zegoela gazteentzat erreferentzia bat profesionaletan eta orain, bat-batean, bi izatea, oso pozgarria da eta, aldi berean, gazteak frontoira eta pilotara animatzeko, oso ona». Mintzo dena Josu Uzkudun da, Azpeitiko Ilunpe klubeko pilotari eta arduraduna, bere taldean hezitako bi pilotarik, Jon Alberdik eta Mikel Egigurenek, Promozio mailako Lau eta Erdiko finalerdiak jokatuko dituztela jakin eta biharamunean. Urtetan «Azkoitiko toreroaren» zama bizkarrean jasan behar eta gero, gauzak erabat aldatu dira, gaur egun xapuena baita pilotari harrobirik oparoenetako bat.

«Azkenean Herriartekotik dator asko, azken urteetan emaitza onak izan dira eta eragiten du gazteak pilotalekura gerturatzeko; baina apirilean hasi eta uztailera arte irauten du, eta ez da gehiago izaten. Jon eta Julen telebistan azalduko dira, gazteek ikusiko dituzte eta hauek eredu hartuta, frontoira gehiago azalduko dira. Hau azkenean gurpil bat izaten da, eta dena da positiboa guretzat», gaineratu du Alberdiren eta Egigurenen garaipenek izan dezaketen eraginaren inguruan galdetuta.

Baina Promozioko kaiolan bi herritarrek egindako balentriarik gabe ere, gustura egoteko moduan dira Ilunpeko arduradunak, 160 neska-mutiko ibiltzen baitira bertako eskolan. «Neskak ez asko, baina ateak irekita ditugu guztientzat». Esne mamitan direla esan daiteke, baina Uzkudunek esperientziaz daki gauzak erraz oker daitezkeela. «Orain goran gauden bezala, behera ere azkar joan daiteke, ni benjaminak entrenatzen hasi nintzen eta sei edo zortzi bat ziren, orain berrogei agian egongo dira», aitortzen du.

Piramidearen oinarri sendoa

Ugaritasunetik sortzen omen da kalitatea eta, alde horretatik, pozik dago Uzkudun, euren piramidearen oinarria sendoa delako momentuz. Urtebetean Jon Alberdi eta Julen Egiguren bezalako bi pilotari galtzeak eragina izan du, esaterako Herriarteko taldea osatzerakoan, «baina nahiago nuke horrela gehiago galduko bagenitu. Elkarte baten lana hori da, ahalik eta mailarik oneneko pilotariak ateratzea eta horren ondorio da debutatu izana. Herriartekoan aurten ere talde ona izango dugu, eta besteren batek debutatuko balu ere atzetik badatoz gazteak».

Horixe izan da bai Jon Alberdik eta bai Julen Egigurenek Baiko eta Aspera jauzi egiteko osatu duten ibilbidea. «Benjamin aurretik hasi eta maila denak pasa dituzte Ilunpen». Orain ba al da azpeitiarren arteko final batekin amets egiterik?

«Oso zaila da, ez dago jakiterik, baina oso aurkari gogorrak dituzte aurrean, bai Peñak eta bai Agirrek, biek erakutsi dute ligaxkan oso momentu onean daudela. Agirre, Azpeitian bertan ikusi genuen, Egigurenen aurka, maila horretan niretzat faborito nagusia bera dela. Oso gogorra da, defentsan bera izango da onena eta erasoan ere tantoa ondo amaitzen du. Peña ere min hartuta ibili zen, baina berriz ere momentu onean dago, zaila izango da, baina honaino heltzea ere ez zen erraza».

Bere kideak izan zirenen inguruan galdetuta, biak oso ondo ikusi ditu. «Bientzat lehen txapelketa izanda, ez genuen pentsatzen hain gora helduko zirenik, baina maila onean dabiltza. Jon –Alberdi– ere hasiberria da, baina Egigurenek baino denbora gehiago darama profesionaletan eta asentatuago dago, baina Julenek dohain bat izan badu, hori beti izan da manomanista bikaina dela, bai frontoi osoan eta bai kaiolan, eta erakusten ari da».

Hori bai, hobekuntza tarte handia ikusten dio Aspekoari. «Fisikoki batik bat. Oso luzea da eta kilo batzuk hartu behar ditu, jotzeko eta defendatzeko, baina hori ezin da egun batetik bestera hartu eta bide onetik doa».

Joseba Ezkurdia, 15 tantoren faltan

Beste urtebetez, azkeneraino eutsiko dio final-laurdenetako ligaxkak emozioari, eta partida bakarra izango da, ostiralean Altunak eta Victorrek Irunen jokatuko dutena, jokoan ezer izango ez duena. Gainerako guztietan egongo da zerbait jokoan. A multzo horretan, Erik Jakak eta Peio Etxeberriak euren artean jokatuko dute, amezketarrarekin batera finalerdian aritzeko bigarren txartela; beste ezeri begira egon gabe, irabazleak egingo du aurrera.

B multzoan, lau pilotariek dituzte aurrera egiteko aukerak, baita bi partidak galdu dituen Oinatz Bengoetxeak ere, nahiz eta horretarako berak Lasoren aurkako partida alde handiaz irabazi eta ostiralean Ezkurdiak Artolari irabaztea beharko duen. Egungo txapelduna da gauzak errazen dituena eta nahikoa du Enkarterrian 15 tanto egitea aurrera jarraitzeko. Ezkurdiak irabaztea lortuko balu, larunbatean Lasok nahikoa lituzke 13 tanto aurrera egiteko. J.O.