Amagoia MUJIKA
EIBAR

Jon Maia nagusi Eibarren, Jokin Urangak gertutik segituta

Eibarko Coliseo antzokia bertsotarako plaza ederra izan zen atzo. Gipuzkoako txapelketako final-laurdena jokatu zen; laurehundik gora bertsozale eta lanerako pronto sei bertsolari.

Jon Maiak, 475 puntu batuta, Eibarko final-laurdenean lehen postua eta, ondorioz, hurrengo faserako txartel zuzena poltsikoratu zituen atzo. Lotu samar hasi zuen saioa eta ariketa guztietan puntuak majo batu zituen arren, seiko motzetik aurrera sumatu genuen gozatzen. Ariketa horretan Felix Zubiarekin kantuan ari zela telefono baten hotsa aditu zen jende artean eta Maiak bikain ekarri zuen bere bertsoa, «telefono baten kea» sartuaz tartean. Hamarreko txikian, Unai Muñoarekin batera, jangela bateko arduradunaren azalean honako perla utzi zuen Maiak: «artifiziala ez bada omen da sosoa/ zerbitzariai berriz tonto ta inozoa/ beste bat mugikorra gorantza jasoa/ nahiz eta guregana iritsi kasoa/ igual etxetik dator haurren arazoa».

Kartzelako gaiak asko markatu zuen saioaren amaiera. Honako gaiari kantatu zioten bertsolariek: Emagina zara. Eskuak garbitzen ari zara malkoei eutsi ezin. Lehen lau bertsolariek latzetik eutsi zioten gaiari, haurraren heriotzatik. Ale onak joan ziren, baina publikoa oilo-ipurditan sumatzen zen. Hartara, azken biek, Mikel Tapiak eta Jon Maiak, ederki asmatu zuten saioa irakurtzen eta bizitzari kantatu zioten, bakoitzak beretik. Maiak, Mediterraneoan bizitzak salbatzen saiatzen diren boluntarioen azaletik eutsi zion, migratzaileen gaia ere oholtza gainera ekarriaz.

Jokin Uranga, oso goitik

Bigarrena, 467,5 punturekin, Jokin Uranga. Hasieratik erakutsi zuen lanerako zegoela. Patxadaz, ariketa guztiak puntadaz puntada josiz. Asmatzen denean, zeure buruarekin konforme geratzen zarenean, samurragoa da saioaren eskailerak igotzea. Eta koska gehienak gorantz igo zituen Jokin Urangak atzo Eibarren. Zortziko handian Felix Zubiarekin hasi zen. Umetako ikaskideen afari batera joateko gogorik ez zuen Urangak, baina hirugarren bertsorako iritzia aldarazi zion Zubiak. Hauxe, Urangaren hirugarrena: «Eta akaso balioko du guzti haien barkamenak/ baina guztiok ez gara hemen garai batean ginenak/ joango naiz ta igual aidean ibiliko ditut denak/ parre ondoen egiten baitu azkena egiten duenak».

Esan bezala, saioa oso goitik eraman zuen. Esaterako, hamarreko txikian Gorka Maizekin, eskuz esku, sekulako saioa josi zuten biek, batak besteari erantzuten, ideia ideiaren gainean. Azken hamar urtean amaren berririk izan ez duten bi neraberen azalean sartu ziren Uranga eta Maiz. Amak orain zaintza partekatua nahi zuela-eta, Maiz aukera emateko prest eta Uranga, itxiago. «... errespeto pixka bat zor diou berari/ egun baten argia eman zigunari», bota zion Maizek. Eta, Urangak, «Gero argiak egin zion enbarazu/ ta hamar urte luzean ez digu egin kasu/ baztar batean utzi gintuen ni ta zu/ afera hontan hartu dit barruak ia su/ bildurrez nago eta babestu nazazu». Eta, Maizek, errematea: «Lasai hartuko zaitut nere besapean/ ta nahi bazu gelditu zaitea atean/ entzutea sekula ez degu kaltean/ gaur arte bizi gera bertsio batean/ ta jakin nahi nuke zer dagoen bestean».

Hirugarren postuan, Unai Muñoa. Berak azken agurrean adierazi zuenez, ez zen erabat konforme geratu Eibarren egindakoarekin. Itxura txukuna eman zuen eta kartzelako bigarren alea, perla ederra. «Plazerra eta sufrimendua dira bizitzan morrontza/ batzutan triste sentitzen gera ta beste batzutan poza/ zein polita den eskuartean haurtxo txikien jaiotza/ neretzat hori da politena hor doa nire aitortza/ baina halere malko batean senti dezaket bihotza/ esku artean eduki baitut haur txiki baten hilotza».

Gorka Maizek saio ona egin zuen. Laugarren postua besoak jasota ospatu zuen eta xanpaina agindu zuen ospatzeko.

Zozketak lehen tokian jarri zuen. Punta zorroztuta aritu zen saioan zehar, ideiei beretik punta ateraz. Zortziko txikian Felix Zubiarekin batera aritu zen eta giroari gora tira egin zioten bien artean. Felix, kazetaria eta Gorka, elkarrizketatua. Elkarrizketa egin eta grabatu ez zuelako, berriz deitu zion Felixek –kazetari guztiei noizbait gertatutako trantze estua–. Gorkaren bigarrena, «zer esan dean ere ez naiz akordatzen/ pentsatu det hau ai zait nei adarra jotzen/ lasai hasi zaitea dana transkribitzen/ total hori inok e ez do irakurtzen».

Geroago, hamarreko txikian, beste ertz bat marraztu zion saioari Jokin Urangarekin batera.

Deskribapenen usaina

Aipatu bezala, kartzelako gaia ez zen samurra izan eta une askotan entzulea hunkituta eta ukituta sentitu zen. Felix Zubiaren kasuan, medikua izaki, detaile zorrotzak ekarri zituen. Hauxe, bere lehen bertsoa: «Buskak jo eta derrepentean prest operazio gela/ nabaritzen da sueroen hotza eta odolaren epela/ une hauetan lan egiteko a zer nolako nibela/ espatula zut detela zein egoera krudela/ hau neretzako behar al zuen ezin zitekeen bestela/ haur bat mundura ekarriko dut ama hilik dagoela». Zubia gaian oso sartuta sumatu genuen, hunkituta amaitzeraino. Batzuetan, bertsolarien deskribapenei usaina ere hartzen zaie. Zoragarria.

Mikel Tapiarentzat izan zen bosgarren postua. Baina arratsaldeko ertzetako bat berak jarri zuen. Kartzelako hain gogorrean, publikoak txaloka goratu zuen Tapia «majo kostatu zaigu bai baina dena ondo atera da» abestu zuenean. Eta beste erremate hau ere, ederra: «Zein ederra den bizitza emanez bizitza irabaztea». Gaur, Azpeitian.