Gizarte ekimeneko ikastetxeetako negoziazioa abiatzeko lehen urratsa
Lan Harremanen Kontseiluko Bilboko egoitzan batu ziren gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako sindikatuak, patronalak eta Lakuako Hezkuntza Saila. Egoera desblokeatu izana ondo baloratu zuten hiru aldeek, negoziazio berrabiarazteko pautak adostu baitzituzten. Lakuaren presentzia ziurtatzea lortu zuten ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuek eta bitartekari bat adostu zuten patronalekin. Azaroaren 7an hastekoa den grebaz ez zuten ezer adierazi.

EAEko Gizarte Ekimeneko Itunpeko ikastetxeetako gatazkan negoziatzeko pautak adostu dituzte sektoreko sindikatuek, patronalek eta Lakuak. Hala, Lan Harremanen Kontseiluan bilduko dira berriz ere gaur, aldarrikapenen edukiei buruz eztabaidatzeko. Negoziazioa «desblokeatzea» positibotzat jo zuten alde guztiek.
Hiru ordu eta erdi iraun zuen atzoko bilerak. Negoziatzeko bitartekaria eta administrazio publikoaren presentzia adostu zituzten. Egoera desblokeatu eta negoziazioa berrabiarazi ahal izateko, bi puntu hauek garrantzitsutzat jo zituzten langileen ordezkariek zein Kristau Eskola eta Aice-Izea patronalek.
Lan Harremanen Kontseiluak gatazkak konpontzeko abiatu ohi dituen prozeduretan Lakuak ezin du esku hartu, baina sindikatuek uste dute gatazka honetan erantzukizun handia duen aldea dela Hezkuntza Saila. Hala, proposamen «propio» bat aurkeztu zuten ELA, Steilas CCOO eta LABek, hurrengo hilabeteko greba iragarri duten sindikatuek. Proposamen hori onartua izan zen eta bertan jasotzen da Lakuak parte hartu behar duela negoziazioan.
Horrez gain, negoziazioan bitartekari lanak egingo dituen figura adostea izan da egoera benetan desblokeatu duena. Lan Harremanen Kontseiluko aditu Jose Ignacio Varas arituko da gaurtik aurrera gatazkan bi aldeen bitarteko gisa.
Edukien gaineko eztabaida
Atzoko bileran ez zuten eztabaidatu edukien inguruan, ezta hurrengo greba egutegia deuseztatzeari buruz ere. Patronalek, gainera, ez zuten onartu greba hasi baino lehenagoko bilera-egutegia zehaztea. Beraz, azaroaren 7an hasiko dute hilabeteko greba; ELA, Steilas, CCOO eta LABek deituta –UGTk ez du ekimenarekin bat egin–.
Negoziazioa abiarazteko aurreneko pausoa eman badute ere, ELA –sektorean gehiengoa duen sindikatua– ez zen sobera itxaropentsu agertu atzoko bilera bukatutakoan. Miren Zubizarreta ordezkariak azpimarratu zuen gaurko hitzorduan aterako dituztela ondorio zehatzagoak: «Bertan egiaztatuko dugu ea patronalek eta Lakuak beraien erantzukizunak onartu eta benetako proposamenak aurkezteko prestasuna duten».
Zubizarretaren ustez, atzoko bileran aurrerapauso bakarra eman zen eta hori lortzeko berebiziko garrantzia izan zuen Lakuako Hezkuntza Sailak izandako jarrera aldaketa, «patronal eta sindikatuekin batera hitz egiteko prest agertu baita».
Kristau Eskolak ondo baloratu zuen atzoko bilera eta bitartekari baten figura adostu izana nabarmendu zuen Mikel Ormazabal ordezkariak. Honek ere gaurko bilera jarri zuen konponbidearen mugarri gisa, bertan sortzen diren eztabaidetatik akordio batera heltzea posible ikusten baitu.
Era berean, Lan Harremanen Kontseiluko adituari beraien langa non dagoen jakinaraziko diotela esan zuen, noraino hel daitezkeen kontuan izan dezan.
Gasteizko gobernuko Hezkuntza Sailari dagokionez, sailburuorde Olatz Garamendi bertaratu zen atzoko batzarrera eta zehaztu zuen beraien jokaera bitartekariari «behar duen guztian» laguntzea izango dela.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
