HEGO HAIZEAK JENDETZA ERAMAN DU ERREBANTXA GOSEZ ZEGOEN AZOKARA
URTEKO AZOKARIK SONATUENAK EGURALDIA LAGUN IZAN ZUEN GERNIKAN, ETA SEKULAKO JENDETZA BILDU ZEN, GOIZEAN GOIZETIK, ZABALDUTAKO 310 SALMENTA POSTUEN ARTEAN IBILI ETA GIROAZ GOZATZEKO. UDALAK EMANDAKO DATUEN ARABERA, 110.000 LAGUN GERTURATU ZIREN, ETA HORIETAKO ASKOK BERANDU ARTE EUTSI ZIOTEN JAIARI.

Aitzakiarik ez zegoen Gernikara ez joateko. Hego haizea, neurrian, eta tenperatura goxoa. Aro paregabea, Euskal Herriko nekazaritza-azoka garrantzitsuenetakoan osteratxoa egiteko. Eta, noski, halaxe egin zuten askok eta askok. 110.000 lagun inguruk, Udalaren arabera.
Ez dute antzik atzo Gernikan bizitakoak eta iaz gertatutakoak. Izan ere, eguraldi euritsu eta hotza zela-eta, azken urteetako jende kopuru txikiena izan zen iaz; 55.000 lagun baino ez ziren azokara hurbildu. Urtebete beranduago, zapore mingotsa kendu ahal izan dute Gernikako auzokideek eta ekoizleek, ondo kenduta, gainera.
Gazta enkanteak jende askoren ikusmina piztu zuen, urtero bezala, eta ez zen gutxiagorako izan, Zoco patxaran enpresako ordezkariek 6.600 euro ordaindu baitzituzten Larrabeko Aguiñiga gaztandegiak egindakoa eramateko. Lesika jatetxeak 400 euro ordaindu zituen Galarretako Azkarra gaztandegiaren gaztaren truke. Diru hori guztia Calzada Egoitzara joango da.
Bestetik, barazki lehiaketako irabazlea Gatzagako Juan Goreko izan zen; Garikoitz Llona zornotzarrak mila lorez egindako eztirik onenarena eraman zuen, eta Kortezubiko Javier Larrinagak txilarrez egindako eztirik gozoenarena. Gatikako Itziar Etxebarria fruta lehiaketan gailendu zen, eta Iurretako Domingo Ortuberri landare eta loreenean.
Dena den, lehiaketa, enkante eta postuen gainetik, Urriko Azken Asteleheneko Azoka Gernikan pizten den giroak egiten du berezi, eta horren ardura txosnek, tabernek eta gernikarrek eurek daukate. Horien eskutik, eguna ziztu bizian joan zitzaien bisitari askori, eta iluntzean lanak izan zituzten etxerako bidea hartzeko. Tamalez, astelehenaren ostean, asteartea datorrelako.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
