Itzulpengintzari dagokion lekua
«Itzuliz usu begiak» (Alberdania) liburuarekin itzulpenaren aldarrikapena egin nahi zuen euskal literaturaren sisteman Anjel Lertxundik, eta lan hori gutxiesteko joera apurtu. «Sistemak behar-beharrezkoa du [itzulpena]; are gehiago, euskarak ehuneko handi batean itzulpena bizi duenean. Sufritu ere bai, administrazioa, burokrazia, hedabideak… alor guztietan dago, eta ez da beti, inondik ere, itzulpen txukuna», sostengatzen du.

Itzulpenaz ohar asko hartuak bazituen ere –denak desorden handi batean, onartu duenez–, ez zuen asmo irmorik gaiaz liburu bat argitaratzeko. Halaxe esan zuen Anjel Lertxundik, hain justu, liburua esku artean zuela. Gauzak zer diren…! Baina halako batean Ibon Sarasolaren kezka batzuk irakurri zituen itzulpengintzaz honek “Bitakora kaiera” argitaratu zuenean, eta idazlea ohartu zen bazituztela ezinegon, hausnarketa «bertsuak», bazeudela «loturak». Liburuaren aukera «nebulosa» zen bere buruan, eta haritik tira egitea deliberatu zuen Anduk.
Asmoak garbi zituela ekin zion “Itzuliz usu begiak” (Alberdania) saiakera idazteari. Zeren hori ere garbi zuen: saiakera izan behar zuen, baina ez astuna, baizik freskoa eta arina, «dibertigarria» ere bai. Eta ez hainbeste itzultzaileei beraiei eskainia edo haiengan pentsatua, baizik «literaturaz gozatzen» dutenei idatzia. Horrek aberastasuna eta ugaritasuna eskatzen zion hizkuntzaren zein erregistroen eta baliatuko zituen elementuen aldetik. Eta lortu du. Hala esan zuen behintzat Koro Navarro itzultzaileak, lanaren aurkezpenean. Elkarren alboan agertu ziren atzo prentsaren aurrean, Donostian.
Lehen asmoa «garbia»: «itzulpengintzaren aldarrikapena egin nahi nuen euskal literaturaren sisteman». Literatura sistema orok, ohartarazi zuenez, hiru hanka nagusi ditu (idazlea, itzultzailea eta irakurlea). Laugarrena ere bai, nahi bada: liburua bera. Itzulpengintza gutxitzat jotzearen joera ere apurtu nahi zuen Lertxundik. Ikusi ez baina ezinbestekoa den lan hori. «Sistemak behar-beharrezkoa du, are gehiago, euskarak berak ehuneko handi batean itzulpena bizi duenean. Askotan sufritu ere bai», argitu zuen. «Administrazioa, burokrazia, hedabideak… itzulpena alor guztietan dago, eta beti ez da txukuna».
Zentzu horretan, adi egotea eskatu zuen. Beretzat ezinbestekoa baita «kalitatezko itzulpengintza egotea».
Bide beretik, itzulpengintza literarioaren aldarrikapena bilatzen zuen, bai estamentu publikoen aurrean, hauek garrantzi gehiago ematearen aldetik (erakundeak, ordezkariak…), bai idazleen beraien aurrean, «asko ikasia dugulako itzulpengintzatik», adierazi zuen. «Pena ematen dit itzulpengintzak gaindituak dituen edo normalizatu samarrak dituen arazoak jatorrizko testuetan oraindik ikusteak. Eta horrek esan nahi du ez dagoela komunikazio bera, falta dela komunikazio hori idazleon artean, konpartimentu estankoak bagina bezala, elkarren arteko loturarik izango ez bagenu bezala», penatu zen.
Literatura ezin ulertu, honenbestez, idazleen eta itzultzaileen arteko harremanik gabe. «Idazleok, besterik pentsatzen badugu ere, ezin dugu denera iritsi. Munduaren koloreak, munduaren bibentziak, munduaren istorioak ezin ditugu guk idazleok bakarrik jaso. Eta entzun nahi baldin baditugu beste ahotsak, beste hizkuntzak, itzulpena behar-beharrezkoa dugu. Bestela, kanpoko ahots horiek guztiak beste hizkuntza batean entzuten ditugu», ohartarazi zuen.
«Euskarazko literatura sorkuntzak euskaraz jasotzen ditut, baina gainerakoa, den-dena, gaztelaniaz irakurriko dut edo Iparraldekoen kasuan frantsesez», esan, eta zera erantsi zuen: «Ahots inportanteenak, garaian garaiko tonuak, modu literarioak eta horiek denak euskarara ekartzea funtsezkoa da, bai irakurlearentzat, bai idazlearentzat».
Liburua, mosaiko bat
Literaturaren –bai jatorrizko hizkuntzan bai itzulian– zaleentzat, «ezinbestekotzat» jo zuen liburua Jorge Gimenez Bech editoreak. Navarrok, berriz, lan «borobila» dela esan zuen, «dena elkarrekin lotuta baitago, mataza bakarrean, hari batetik tiraka beste hari batzuk ateratzen ditu: euskararen inguruko gogoetak, euskara batua, euskalkiak eta txokokeria, irakurzaletasuna, haur literaturaren arazoak, itzulpenaren eta jatorrizkoaren arteko dialektika, itzulpenak hemen ez duen oihartzuna…». Hamaika ideia, 372 orri. Eta horiek denak idazteko, asko, asko irakurri behar izan du Anduk.
Liburuak badu bere barrualdean bitxikeriarik. Adibidez, edukia alfabeto gisa dago antolatuta, A-tik Z-tara, eta tesela bakoitza amaitzean beste batera salto egiteko agindua emango dizu azken lerroak. Mosaiko bat da, jauziz jauzi osatzeko.
Badira ere Berbelitz (kasurako errekuperatu duen pertsonaia) eta Elene, fikziozko bi emakume. Saiakera izan arren, pertsonaiok baliatu ditu lanari arintasuna emateko. Eta emaitza bitxia da. San Jeronimo da itzultzaileen santua. Bere lekua ezin ordezkatu daitekeen neurrian, bere alboan Anduren izena jartzea eskatu zuen Navarrok.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
