Kartelean ere ekosistema bizia
Durangoko Azokak 54. edizioaren kartela aurkeztu eta ildo nagusiak jakinarazi ditu. Atzo egin zen ekitaldia Durangoko Andra Mari elizpean. Kulturaren plazak abenduaren 5etik 8ra ateak zabalik izango ditu, eta «Osorik DA!» izango da bere lelo nagusia. Edizio honetako kartela Oier Zuñiga artista iruindarrak egin du.

Sormena, salerosketa, hartu-emana... Hainbat dira Durangoko Azokak iraungo duen lau egunetan –abenduaren 5etik 8ra– eltzean bor-bor sartuko diren osagaiak.
Hauek denak bildu nahi izan ditu Oier Zuñigak bere kartelean. Azoka unibertso propio eta berezia da bere esanetan. «Durangoko Azokan hamaika dira batzen diren emozio, esperientzia eta bizipenak. Norbera bere izatetik murgiltzen da euskal sorkuntzaren plaza honetan. Gutako bakoitza, ideia edo inpultso ezberdinek mugituak lotzen gara azokaren unibertsora. Molekula txikienetik, masa handienera denon lotuneetan dago gakoa», adierazi zuen atzoko agerraldian. Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariak hantxe ziren, baita erakunde publikoetako ordezkariak ere, hala nola Joxean Muñoz (Lakuako Kulturako sailburuordea), Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarako zuzendaria) eta Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea). Eta horiekin batera, babesleak.
Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu zuen edizio honetako lelo nagusia. «Durangoko Azoka ekosistema berezi bat da. Gune, babesle eta eragile ezberdinen artean antolatzen da. Sortzaile, hartzaile, argitaletxe, autoekoizle, diskoetxe eta bisitariok partekatzen dugu. Gazte, heldu, ume, ikasle, langile, erretiratu, kuadrilla... denona da. Literatura, musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, kultura digitala... hori dena osotasun bat da. Durangoko Azoka osorik DA!».
Kartelak lau zati bereizten ditu, eta bakoitzak Azokaren ezaugarri bati erreferentzia egiten dio: burua (sormena), bularra (zabaldu-erakutsi), gerria (hartu eta eman) eta hankak (akzioa eta mugimendua).
Ekosistema horretan, dena dago lotuta, konektatuta: «Azoka osorik DA!, ekosistemaren trantsizio guztiek osatzen dutena DA! Gu geu osatzen gaituena. Guk geuk osatzen duguna. Sortu, zabaldu, eman eta gozatu!».
Zuñiga pozik agertu zen Durangoko Azokaren kartela egiteko aukera izateagatik: «Euskal Herriko kultur sorkuntzak duen erakusleihorik handiena da Durangoko Azoka eta honek ardura pixka bat sortu zidan. Hala ere, segituan jarri nintzen lanean, nire errealitatetik, nire testuingurutik, ardura horri behar duen lekua eginda. Horrela ulertzen baitut nik sorkuntza, leku berrien bila etengabean, zarenetik, ordu arte ibilitakoa kontuan hartuz eta nire behatze dorre txikitik ekarpena eginez».
Artista iruindarrak oso lotura estua du kulturaren plazarekin. «Txikitan hasi zen nire harremana Azokarekin, gure belaunaldiko askok bezala. Ikastolarekin lehen bidaiak, gerora lagun arteko plan bilakatu ziren. Batzuetan argi izanda zer eskuratu nahi genuen; besteetan aldiz, parranda egiteko, hau edo bestea ikusteko edo elkartzeko asmo xumearekin. Gustatzen zait azokan sortzen den ‘mikro-klima’. Denok ezberdin eta ezezagun, baina konplize aldi berean. Aurtengoa berezia bai, baina beste urte batzuetako planetatik oso urrun ez naiz ibiliko».
Iazko bideari jarraitu dio aurten Gerediaga elkarteak kartelaren aukeraketari dagokionez. Iaz arte, ibilbide luzeko artistek egiten zuten Azokako kartela, baina 2018. urtean sortzaile berriek hartu zuten lekukoa (iaz Txakur Gorria sormen kolektiboa izan zen). Aurten, beraz, bigarrenez sortzaile berri batek egin du Azoka iragarriko duen afixa.
Ikasle Goiza eta Sormen Beka
Atzoko prentsaurrekoa Durangoko Andra Mari elizpean antolatu zuten; hantxe egin ziren Durangoko Azokako lehenengo edizioak.
Nerea Mujikak gogorarazi zuenez, kulturaren plaza 54 urtez antolatu bada, etengabe garai berrietara egokitzen jakin izan duelako da. «Hasiera batean Liburu eta Disko Azoka zena, gaur egun ez da hori bakarrik: sormena da, zabaldu eta erakusteko lekua da, salerosketarako gunea da, euskal kulturaz gozatzeko plaza da».
Garai berrietara egokitzeko saiakera horren adibide da, esate baterako, Azokako Sormen Beka. Iaz antolatu zen lehenengo aldiz, Durangoko Udalaren laguntzaz, eta aurten bigarren edizioa izango da. Beka honek euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen laguntzeko helburua du, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte. Edizio honetako gaia musika da.
Uztailean zabaldu zen lanak aurkezteko deialdia eta Azokako bigarren egunean iragarriko da beka zein proiektuk jasoko duen. Horrez gain, lehen edizioko irabazleen produktua ezagutu, ikusi, erosi eta gozatzeko aukera izango da aurtengo Azokan: “AtopiaRPG” izenarekin sortutako euskarazko lehenengo rol-jokoa.
Urtero bezala, Azokako lehenengo orduetan protagonista nagusiak ikasleak izango dira. Beste urte batez, milaka izango dira Euskal Herri osotik Ikasle Goizean parte hartzera etorriko diren ikasleak. Hainbat tailer izango dituzte eskura: kaligrafia, euskal kulturaren transmisioa, soinu efektuak zinemagintzan, Moon konputagailu baten funtzionamendua, eta abar.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
