Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
IKER SALABERRIA
ASPEKO AURRELARI BERRIA

«Neurriaren gaiari garrantzi gehiago ematen dio prentsak norberak baino»

Afizionatuetan hainbeste txapel janzten ikusi dugu, eta hain goiz hasi zenez gorengo mailan lehiatzen, goizuetarraren garaia pasea zela uste izan zuten pazientzia gutxienekoek, baina 20 urte bete baino hiru egun lehenago sinatu zuen bere lehen profesional kontratua, eta ostiralean estreinatuko du.

Ez omen du momentuz urduritasun handirik sumatzen, baina ostiralean agertuko da nerbioren bat, izerditzen hasitakoan botatzea espero badu ere.

Aspaldiko ametsa beteta?

Txikitatik pilotan gabiltzan guztiok uste dut horrekin amestu dugula, baina beti ez da gertatzen, eta niri tokatu egin zait. Orain disfrutatzera.

Asko kostatu zaizu?

Bai, azkenean sakrifizioa da, lana ere bai, baina gustatzen zaidan zerbait da eta azkenean gustukoa den zerbaitetan lana egitea errazagoa da.

Sarri esan da debutatzear zinela, Baikorekin entrenatzen aritu zinen baina ez zenuen jauzia eman, aukerak amaituko ziren beldur izan zinen?

Bueno, buruari beti ematen dizkiozu buelta batzuk, baina ni nire lana egiten ari nintzen, ondo ari nintzen pilotan, aukerak izan edo ez. Badakit beti ez direla heltzen, aukerak gutxi izaten dira eta aprobetxatu egin behar.

Esperantza galtzera heldu zinen?

Ez, inondik inora. Ikusten duzu gauzak pixkanaka-pixkanaka zailtzen doazela, baina azkenean ni afizionatuetan ere gustura ari nintzen, pilotan jokatzea gustatu egiten zait. Badakit denok profesional mailan egon nahi izaten dugula, eta tokatu zait. Buruari buelta batzuk eman dizkiot baina hortik nahiko kanpo mantendu naiz.

Afizionatuetan gehiago egitea zaila da, aurten bakarrik Tolosa, Bergara, Zumarraga, Mallabia, Nafarroako Herriartekoa, Lezama eta Antiguako txapelak atera dituzu, besteak beste...

Bai, nahiko maila ona eman dut, txapel bat edo beste falta izan zait irabaztea, baina azkenean oso gustura aritu naiz, afizionatu onenekin aritu naiz eta hortik ere asko ikasi dut.

Gaur egun kirol guztietan, baita pilotan ere, atleta handiak, gazte indartsuak bilatzen dira, hori izan da zure mugarik handiena?

Bai, pilota aldatu egin da, baina nire neurriko pilotariak ere badaude, Oinatz Bengoetxea, Pablo bere garaian ere halakoa zen, Bakaikoa... nik uste neurriarenari garrantzi gehiago ematen dio prentsak norberak baino.

Eta enpresa profesionaletako teknikariek?

Ez dakit, neurrietan fijatzea ez dut esango tontakeria bat denik, baina ez da horretan arreta handiegirik jarri behar, azkenean bakoitzak duen jokoa edo teknikoki duen maila begiratu behar dira, ez dut uste teknikariek neurriei begiratzen diotenik.

Nolako pilotaria zara?

Bueno, pilotari oldarkorra, errematatzailea, batez ere aurreko jokoa gustatzen zaiona. Orain arte defentsan nahiko ondo moldatu naiz. Orain ea pixkanaka gantxoa pixka bat hobetzen joaten naizen.

Binaka, buruz buru edo kaiolan moldatzen zara hobekien?

Afizionatuetan batez ere lau eta erdian eta binaka aritu naiz hobeto, buruz buru ere bai, baina gutxixeago. Azkenean orduak sartzea da kontua eta uste dut moldatuko nintzatekeela.

Goizueta herri pilotazalea da oso, bada ostiralerako girorik?

Bada bai, jende asko joateko intentzioarekin dago, ea egun polita izaten den eta ondo bukatzen dugun.

Aimarren erreleboa prest dago orduan?

Aimar beti, txikitatik, izan dudan idoloa izan da. Badakit bera bere ibilbidea amaitzera doala; eta ni, berriz, orain hastera. Badakit oso zaila dela, baina polita izango zen bere aurka partidaren bat jokatzea. Berak estelarrak jokatzen ditu eta ni behetik hasi beharko naiz, baina ea bere aurka jokatzeko zorterik dudan.

Debuteko partida ere ez da edonolakoa...

Ez, estelarra eta Rezustarekin. Badakigu denok Beñatek zenbat jokatzen duen, atzelari onena ez bada, bi onenen artean dago eta aurrean Elezkano izango dut, Binakako aurrelari txapelduna, eta Bikuña. Partida zaila izango da, Beñatek lagunduko dit eta ea nik bera laguntzerik dudan.