Sekretu batetik ihesi ibiliko da Larraitz «Mehatxua» lanean
Gazte literaturako «Lekukoa» saileko bigarren alea aurkeztu du Garbiñe Ubedak. Guardia Zibilaren segada baten ondorioz hiru pertsona hil ziren eta Larraitz gaztea horren lekuko izan zen aurreko atalean. Orain, ihes egin badu ere, aurkitu egin dute eta mehatxu egingo diote itzul ez dadin. Horrez gain, baditu berarentzat garrantzitsuak diren beste arazo batzuk ere.

Garbiñe Ubedak “Sasieskola” liburuarekin zabaldu zuen gazte literaturako sail berri baten bidea, eta orain bigarren zatia eman du: “Mehatxua” (Elkar). Hirugarren eta azken zatia udaberrian iritsiko zaigu. Protagonista, Larraitz gaztea, Guardia Zibilak egindako segada baten lekuko izan zen aurreko atalean, eta orain mehatxuak jasan beharko ditu horregatik.
1980ko hamarkadan girotua dago istorioa eta, egoera zail horretaz gain, badaude beste ildo narratibo batzuk: Larraitzen maitasun zapuztua, bere amarekin duen harreman gatazkatsua, institutuko irakasle batekin duen harremana eta Nizan dagoela zaintzen duen Petra emakumea, Antxiñe Mendizabal editoreak aurreratu zuenaren arabera.
Argitaletxetik iritsi zitzaion Ubedari gazte literaturako sail berri bat sortzeko enkargua, eta onartu egin zuen berarentzat erronka bikoitza zen arren. Alde batetik, gazteentzat idaztea zaila egiten zitzaion eta, bestetik, sail bat sortzea ere arazo bat zen berarentzat «hurrengo atalean zer kontatuko duzun jakin gabe» idatzi behar zuelako.
Bidea errazteko, bera gaztea zeneko garaira egin zuen salto, 80ko hamarkadara. «Sorpresa hartu nuen uste nuelako gaur egun kokatuko zuela», aitortu zuen Mendizabalek. Hala ere, garai desberdinetako gazte guztiek antzeko arazoak izan ditzaketela uste du, eta hala ez bada ere egungoek interesa izan dezaketela helduen gaztaroa nolakoa zen jakitean. Esaterako, Ubeda bera bi neraberen ama da, eta, kontatu zuenez, «badute morboa ezagutzeko nola bizi ginen».
«Nire garaiko gazteek indarkeria gertu ikusten zuten, ez bakarrik talde armatu bat zegoelako, etxeko indarkeria ere bazegoen, ez indarkeria matxista soilik, baizik eta seme-alaben eta gurasoen arteko indarkeria ere bai. Larraitzentzat segada bateko lekuko izate hori baino garrantzitsuagoak dira amarekin duen talka eta bere maitasun kontuak», azaldu zuen idazleak.
Esperientzian oinarrituta, bere iritziz, ‘aberria’ bezalako hitzak barregarriak iruditzen zaizkie gazteei, ezagutu arren ez dugulako horren esanahia azaltzeko diskurtsorik: «Zaila egiten zait alabekin besterik gabe euskal gatazkaz hitz egitea. Desagertu dira kartelak, pintadak, aldarrikapenak... nola hitz egingo dugu horretaz? Baditugu hildakoak etxean eta argazkiak ikustean galdetzen dute nor den. Babestu egin ditugu beraiek indarkeria horretan ez sartzeko. Nola hitz egingo dugu hildako ETAko militante bati buruz?».
Mendizabalek ere antzeko ikuspuntua du. Uste du gazteek badutela gai politikoez hitz egiteko kontzientzia, baina etxean hainbat kontu ez direla sekula aipatu, familian bertan kasuak izan arren, eta horren berri dutenean harritu egiten direla.
Atzera eginda, garai batean liburuak entretenitzeko baino gehiagorako zirela aipatu zuen, eta egun entretenimenduan lehiatu behar badute teknologia berrien kontra ez dutela ezer egiterik. Hori dela eta, mezu bat eta gogoeta bat sustatzeko gai diren liburuen aldeko apustua egiten du Elkarrek, kasu honetan Ubedaren sailarekin egin duen bezala.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
