Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Etsipen efektua

Espainiako Auzitegi Gorenaren 459/2019 epaia, Kataluniako prozesu subiranistaren aurkakoa, ondorio politiko eta sozial anitz izaten ari da; eta izango ditu. Agian urteak pasa beharko dira perspektiba nahikoa hartu eta bere inpaktu osoa arakatzeko. Besteak beste, garrantzitsua iruditzen zait albaramendu zigorraren esanahia eta horrek oinarrizko eskubideen gainean izan dezakeen eragina.

Albaramendua edo sedizioa ordena publikoaren aurkako delitua da, ezagunagoak zaizkigun beste delitu batzuekin batera, esaterako, desordena publikoak edo agintaritzaren aurkako delituak. Kasu honetan, ordea, larriena izanik zigor izugarri gogorrak ekartzen ditu; giza hilketarenak bezain gogorrak izan ahal dira.

Proportzionalitatea gorde nahi baldin bada, beraz, albaramendua gertatu dela zehazteko ez da inolaz ere nahikoa manifestatzeko eskubidean gehiegikeriak gertatzearekin.

Hortaz, Zigor Kodeko 544. artikuluaz egiten den interpretazioa ezin da soilik gramatikala izan edo zorrotzegia, bestela, manifestatzeko eskubidean «etsipen efektu» kaltegarria eta arbuiagarria sortuko litzateke. Hau da, herritarrak ez lirateke ausartuko euren oinarrizko giza eskubidea egikaritzera, baldin badakite penalki zigortuak izan ahal direla eskubidea praktikara eramatean izan daitekeen edozein neurrigabekeriagatik. Epaiak, jakina, ez du zehazten gehiegikeria guztiak albaramendua direla, baina, zoritxarrez, manifestazio eskubidea erabat baldintzatu dute.

Biltzeko eta manifestatzeko eskubidea nabarmen ilundu da oraingoan. Tamalez, ez da, manifestazio eskubideak eta demokraziak berak azkenaldian izan duten eraso bakarra. Horren adibidea izan dira, argi eta garbi, herritarren segurtasunerako legea eta 2015ean Zigor Kodean egindako erreforma sakonaren zenbait elementu. Kasu horietan guztietan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eta Auzitegi Konstituzionalak berea egin duten «etsipen efektuaren» doktrinaren ondorioak jada ikusten hasia da; hortaz, gure askatasuna mugatzen ari da. Noraino joko du Giza Eskubideen atzerakada prozesuak?