Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Poesia gorputzetik gorputzera

Ezagutza prozesu baten ondotik sortu du Elena Olavek bere lehen poesia liburua, «Zeldak. Gorputz honetatik» (Balea Zuria). Hitzen bidez ikusezina den «zerbait» azaleratzeko premia sentitzen zuen. Louise Bourgeois artistaren zeldetan oinarritu da poemak antolatzeko.

Kanpo eta barne ezagutza prozesuan murgilduta egon da Elena Olave (Durango, 1997). Hausnartu, ezagutu, egin eta desegin. Eta idatzi eta idatzi. Poemak. Azken bi urteetan sortutako batzuekin liburua argitaratu du: “Zeldak. Gorputz honetatik”. Balea Zuria argitaletxeak ireki dizkio ateak bere sorkuntza eta arteari. Arteari bai. Artearen Historian lizentziaduna, greziar klasikotik hasita gaurdaino, egile ugari erreferentziatzat hartu ditu bere testuetan. «Erreferentziaren garrantzia eta indarra handia da sorkuntza lan orotan. Norbera ez da ezerezetik abiatzen, erreferentziak behar dituzu sortzeko», iritzi dio durangarrak. Hain zuzen, argitaletxeari «oso deigarria» egin zitzaizkion egileak, hain gaztea izanda –22 urte ditu–, baliatu dituen erreferentziak. Oparotasuna.

Poemarioa antolatzeko zeldak baliatu ditu, hiru: “Existentziaren egitura”, “Logela gorria” eta “Azken goraldia”. Louise Bourgeois artistaren zeldetan oinarritu da; hain zuzen, unibertsitatean lan bat prestatzen ari zela ezagutu zituen. «Konturatu nintzen gauzatzen zituen zeldak edo espazio arkitektonikoak nik ere baliagarriak nituela idatzitako poemak biltzeko. Eta arkitekturaren bitartez gorpuztu ez arren, literaturaren bitartez gorpuztu ahal nituela», azaldu zuen aurkezpenean.

Kontatu zuenez, Bourgeoisen helburua «errealitate edo egia ikusezin bat azalaraztea» zen, eta berak ere «halako premia bat» sentitzen zuela onartu zuen. «Ez dakit ikusezina, baina sentitzen nuen bazegoela zerbait hitzen bitartez azalarazteko beharra nuena».

Bere poesia irakurtzeko begiak baino gehiago, gorputza behar ei da. Azaldu zuenez, «oso baliagarria eta interesgarria iruditu zitzaidan zelden erabilpena gorputzaren inplikazio aktiboa eskatzen duelako. Irakurlearen, interpretatzailearen gorputza ere barneratzen delako. Bai nire gorputzaren azalpena eta bai irakurlearen gorputza. Bi kontzeptuak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit».

Hortik dator azpiizenburua, gerora sortu zena gainera, edizioan: “Gorputz honetatik”. «Sentitzen nuen nire gorputzetik eta gorputz bat izateak dakarren horretatik guztitik sortu nituela zeldak. Nire gorputza eta kokapena argi gelditzea inportantea iruditzen zitzaidan batez ere poesia delako. Testuinguru historiko, politiko eta kultural zehatz batetik sortzaile nintzela eta nire gorputza sortzaile zela».

Eider Rodriguezen “Idazleen gorputzak” lanean Karmele Jaiok egiten dituen adiera batzuk errekuperatuz, non aipatzen duen poesia batez ere gorputzetik sortzen dela eta gorputzetik idazten dela, «gorputzarekin metaforikoki pentsatzen» dela ere uste du Olavek.

Oraindik oso gaztea naiz…

Bueltatu gaitezen abiapuntura. Barne eta kanpo ezagutza prozesura. Horixe hazia. Zer gertatu zen tarte horretan? «Oso gaztea naiz… », hasi zen esaten, horrek, per se, gauza asko erantzungo balitu bezala. Eta neurri batean bai. «Oraindik uste dut gauza asko ditudala ezagutu eta ikasteko. Hori nik uste dut laugarren atalean islatzen dela, zeren laugarren atala ez da niretzat zelda bat, atal irekia baizik». “Goraldiaren ostean” izena jarri dio. «Prozesu horren ondorio gorpuztuena» iruditzen zaiolako izendatu du horrela. «Zelda barik, espazio ireki moduan islatu nahi nuen kontzientziarako bide moduan ikusten nuelako, eta irekia izan behar lukeen zeozer moduan. Uste dut momentu honetan bai deseraikitze eta berreraikitze prozesu batean nagoela, ikasten, konprenitzen eta hausnartzen. Oraindik, oso gaztea naiz…». Dio berriz. Azpimarkatu egiten du. Horrekin hainbat galdera erantzungo balitu bezala. Eta erantzuten ditu.

Irakurlea ohartarazi

Imanol Larrinaga durangarraren ilustrazioak jantzi du liburuaren azala. Eta lehen orriek, hitzaurreak, Joseba Sarrionandiaren sinadura daramate. Durangaldekoa bera ere. Liluratuta gelditu da Olaveren poesiarekin. Harrapatuta. «Geldi arazi eta jaitsi arazi nauela, eta eraman nauela bere espaziora», aitortu du. «Ez dakit zelan. Ez dit dardo pozoiturik bota, ez nau plazer promesez erakarri, ez kantuaren alegrantziaz xarmatu», jarraitzen du.

Hitzaurrean ez du idazlea aurkezten, baizik irakurlea ohartarazi aurkituko duenaz. Juan Ramon Makuso editorearen hitzetan, «ahots berri-berri bat euskal poesiarako, deskubrimendu bat».«Zelda txikiak eraiki ditu baina gorputz eta ahots sendo batetik. Liburua irakurtzean ez da antzematen gaztetasuna, xalotasuna». Denok izan dugun xalotasuna. Poesia heldua da Olaverena, gorputz gaztean ondua.