Izaskun Esparza Artazkoz
Nafarroako esku-hartze sozialeko langilea
KOLABORAZIOA

Esku-hartze sozialaren arloko hitzarmenaren unea iritsi da

Une historiko batean aurkitzen gara Nafarroan esku-hartze sozialaren arloko lehen hitzarmena lortu ahal izateko. Hitzarmen horrek gure prekaritatea arinduko luke eta sektoreko lan-baldintzak bateratuko lituzke.

Esku-hartze soziala da pertsona helduak eta adingabeak gizarte-egoera ahuletan, gizartetik baztertuta edo bazter gelditzeko arriskuan, genero-indarkeriako egoeretan, abandonatuta eta antzeko egoeretan daudenean, haiei aholkatzen eta laguntzen dieten profesionalek egiten duten lana, pertsona horiek gizartean aurrera egiteko eta bizi-kalitatea hobetzeko dituzten oztopoak gainditu ahal izan ditzaten eta gizartean integratu eta aurrera egin dezaten.

Esku-hartze hori hezitzaileek, laguntzaileek, psikologoek eta gizarte-langileek garatzen dugu, besteak beste; askotan, aurkako egoeretan aritzen gara, gure lanaren balioa ezagutu eta aitortu gabe, ez gizartean, ez lanean, ez erakundeetan. Eta maila profesionalean, lan-baldintza prekarioetatik abiatzen gara, eta horrek babesgabetasun-egoeran uzten gaitu, bai lehiaketa publikoen adjudikazio-hartzaile diren enpresen aurrean, bai Administrazioaren beraren aurrean.

Inplikazio emozional handia eta karga profesional handiak dituen lana da, sektore feminizatu eta prekarizatua, non ez den inolako plusik aitortzen, ez gaueko lanagatik, ez txandaka aritzeagatik, ezta jaiegunetan lan egiteagatik ere, nahiz eta sektorean lan egiten dugun profesionalen presentzia egunean 24 ordukoa den, urtean 365 egunetan. Oro har, mileurismoaren mugan dauden soldatak ditugu.

Beste kategoria batzuk, laguntzaileena kasu, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gertuago daude.

Kategoria horiek sortu dira inori laguntzen ez dioten pertsona horien lan-egoera are gehiago prekarizatzeko, haiek baitira txandako arduradun bakarrak. Sektoreko ordainsari ekonomikoak erabat prekarioak dira.

Gainera, sektoreak 10 urte baino gehiago daramatza soldata izoztuekin, eta horrek esan nahi du %11 pobreagoak garela.

Profesionalak garen aldetik, gure inplikazioarekin eta neurriz gaindiko ahaleginarekin kalitatezko esku-hartzea bermatzen dugu, eta, une askotan, ahaztu egiten dugu gure lan-egoera prekarioa, erabiltzaileen beharrei lehentasuna emateko.

Prekaritatearekin, ez dago kalitatea ematerik. Batu ditzagun indarrak Nafarroan esku-hartze sozialaren arloko lehen hitzarmena egia bihurtzeko; gure lanbidea duina izan dadin.