2019/11/02

RUBEN SANCHEZ BAKAIKOA
IDAZLEA

Zaragozan jaio zen, gurasoak hara lanera joanda, baina txikitatik Gasteizen bizi da Ruben Sanchez Bakaikoa. Euskara gaztaroan ikasi zuen eta geroztik honi lotuta egon da, irakasle moduan arituz, besteak beste. Azken urteetan, bertsolaritzan eta herri mugimenduan murgilduta ibili da.

«Pertsonaia bat sortzeak lagundu dit barrena askatzen. Nik neuk bakarrik ezin nuen egin»
Oihane LARRETXEA|GASTEIZ
1102_kul_ruben1

Luzea izan da idazketa prozesua. Oso luzea. Eta emankorra. Zazpi urte. Denbora horrek duen zamarekin. Tartean gertatu diren guztiekin. Lanak eginak ditu. Patxada eta sosegua transmititzen ditu Ruben Sanchez Bakaikoak (Gasteiz, 1975). Argitaratzea ez zen helburua; idazketa bera zen ariketa, prozesuaren muina. Bidean Txalaparta argitaletxea gurutzatu, eta “Hondarrak”, bere lehen eleberria, munduratu du.

Xabier Tupa ETAko kidea kartzelan dago. Fikziozko pertsonaia. Haren bizipenak eta hausnarketak jasotzen ditu. Intimoak, sakonak, mingarriak ere bai… Hori tartekatzen du Uxue herriarekin eta hangoa duen Pilar amatxirekin. Hezur-haragizko pertsonaia, egilearen beraren abueli kuttuna. Memoria galtzen hasia da. Eta hondarrak gelditzen dira, amaitu den gatazkan bezala, despopulatu den Uxuen bezala.

Zure barrenetik «zenbait gauza» ateratzeko beharra zenuela diozu, eta ariketa izan dela liburua idaztea.

Bi kontu daude: lehena nire amatxiren memoria galera. Egun batean konturatu nintzen memoria galtzen ari zela eta banuen gogoa hainbat gauza galdetzeko oraindik buruan zituen artean. Izan dugu deserrotze moduko bat familia Gasteizera etorri zenean eta banuen hori osatzeko beharra, gehiago jakitekoa. Uxue herria, Casa Isa beren etxea, herriko bizimodu hura… 1918an jaio zen. Bere haurtzaroa eta gaztaroa, herriaren despopulazioa, gerra zibila nola bizi izan zuen…

Bestetik, adin bat dugunok euskal gatazkak asko markatu gaitu, bakoitza bere testuinguruan. Eta une batean konturatzen zara zure bizitza osoa markatu duen hori desagertzen doala… banuen, nolabait, nire ordura arteko bizimodua, edo izaera pixka bat ateratzeko gogoa. Baina ez nuen autofikzioa egin nahi; hala, beste pertsonaia bat sortzea erabaki nuen, Xabier, hainbat galdera egiteko berari eta akaso berak ere hainbat galdera egiteko gizarteari.

Eroso sentitu zara pertsonaia sortzen? Tuparen ahotsaren bidez zure hausnarketak, burutazioak plazaratzen?

Bai, baina hainbat kezka gainditu eta gero. Batetik, nireak badira, baina ez dira nireak, zeren ni ez naiz ETAko kidea izan, eta ez naiz espetxean egon, baina egia da nire bizitza asko markatu duela horrek. Aukeratzen duzunean ETAko kidea eta preso hainbat urtez egon dena, horrekin bakarrik irakurlea baldintzatua geldituko da, oso baldintzatua. Edozein pertsonaiarekin, baina hau oso markatua dago. Eta ez nuen hainbat gauzatan erori nahi. Jakina, politika agertu behar zen, baina ez nuen iritzi politiko bat agerrarazteko nobela bat idatzi nahi. Pertsonaia bat nahi nuen, baina ezin nuen despolitizatu, bestalde. Oreka lortzea zen gakoa.

Argi nuen, halaber, ETAko kidea izan den pertsonaia baten gainean kosta egiten diren alderdiak landuko nituela: bere sentimenduak, minak, beldurrak, maitasunak, egunerokotasun kartzelarioa…

Une batean itota sentitzen hasi da. «Sei urte joan dira baina bizitza oso batek ihes egin balio bezala iruditu zaio», diozu. Eta Tupak sufritzen du…

Bai, noski. Suposatzen dut hori preso guztiek sentitzen dutela. Gauza bat da zuk ideal batzuk izatea eta horien alde borroka egitea, eta hori sentituta ere, pentsatzea hor egon behar duzula. Baina jakina, kanpoan bizitzak aurrera jarraitzen du. Erabaki behar denean, dena delakoa, A ala B, behin aukeratuta bestearekiko hutsunea edo falta hori sentitzen bada, pentsa kartzelan. Eta han ere bizipen ederrak daude. Hori ez nuen alde batera utzi nahi, baina kanpoan gelditzen den guztia galtzen duzu, eta hori… ez dut uste hori sumatzen ez duen presorik dagoenik.

Eleberriaren egitura oso bizia da. Tartekatu dituzu oraina (Xabier) eta iragana (amatxi).

Hasieran zalantza egin nuen hiru kontakizun egiteaz. Alegia, abueli, Julia ama eta semea. Batetik pisu handiagoa izango zuenez Xabierrek, ez zen orekatua egongo eta oso-oso ezberdinak izan behar ziren bai estiloan, baita beren arteko loturan. Gehiago interesatzen zitzaidan belaunaldiak eta kontakizunak gurutzatzea. Uste nuen irakurleari begira ere liburua hobeto ailegatuko zela, eta hobeto transmitituko zela nik nahi nuena: belaunaldien arteko transmisioak eta transmisiorik ezak. Guk zein gutxi dakigun gure aitatxi-amatxiei buruz, gurasoei buruz. Zeinen gutxi dakigun baina zenbat lotzen gaituen.

Atalak oso laburrak dira, bizpahiru orri. Uxuen zaude, kartzelan zaude, Julia amaren koadernoan zaude…

Hala atera zait. Ondorio bat izan da. Kontuak biltzen hasi nintzenean, Uxuekoak, espetxeetakoak eta abar, gure buruan memoria gordetzeko modu horrekin jolastu nahi nuen. Zerbait jan edo usaintzen duzu eta ekartzen dizu oroitzapen bat, eta horiek dira gelditzen direnak. Zer gelditu da pertsona horren buruan? Bizitza oso bat bizi izan duzu eta oroitzapen batzuk soilik gelditzen zaizkizu. Eta gutxitzen doaz. Zergatik gelditu dira iltzatuagoak batzuk eta ez besteak?

Pilar Juriori heldu nahi diot. Zure amatxi da. Nola josi duzu bere istorioa?

Berak ez zekien idazten ari nintzenik. Bere etxean bizi izan naiz urte luzez eta kontu batzuk entzunda nizkion, eta horietatik hasi nintzen tiraka. Hurrengo egunean beste batzuk galdetzen nizkion, baita aurrekoak ere ziurtatzeko berdin kontatzen zituen edo ez, izenak errepikatzen ziren edo ez… eta oso bitxia da, zeren elkarrekin bizi izan arren gauza batzuk ezagutu ditut memoria galtzen hasi denean, ez lehenago. Batetik, ez dituelako kontatu eta, bestetik, nik ez diodalako galdetu.

Liburuak utzi dizun irakaspen handienetako bat izan da?

Niretzat bai, halako istorioen zalea naiz. Kanpoko hainbat gauza ikasi baino lehen etxekoa ezagutuko bagenu, hobe. Askotan, gero hilda daudela, enteratzen zara aitatxi edo amatxi ibili zirela ez dakit non… oso gutxi galdetu dugu eta gutxi kontatu digute. Gerraz edo gerraostekoaz, haurtzaroaz… gehienetan ez da asko hitz egiten. Belaunaldi berriek zapaltzen dute aurrekoa. Seme-alabak ditugu eta haiek ere ez dute arreta gehiegirik jartzen, oro har. Beste bolada bat bizi dute. Eta, gainera, hitz egiten dugunean askotan da lezio bat emateko bezala. Aitatxi-amatxiekiko, edo gurasoekiko bizi duguna oso ezberdina da eta hurrengoek berdina egingo dute.

Zer izan da zailagoa: existitzen den pertsona bat lantzea edo fikziozko bat sortzea?

Lehenengoa. Ea, fikzio bat da guztia, baina egia da liburuan agertzen den amatxik nire amatxiren izen-abizenak dituela, eta bere etxea dena, bere etxea zela, Casa Isa. Eta hari fikzio bat egitea… nituen elementuek pisu handia zuten. Eta gertatzen da gauza bat: nolakoa da Uxue herri txikiko etxe handi bateko 18 urte dituen neska bat benetan? Zer pentsatzen du isilik dagoenean? Oso zaila da. Saiatu naiz berak pentsatzen duen bezala pentsatuta izan zitekeen modukoa irudikatzen.

Tupa, berriz, beste gauza bat izan da, guztiz fikzioa, guztiz. Pertsona hori ez da existitzen. Koadroa txuria zegoen eta margotzen joan naiz.

Atal batek Tuparen amaren izena du, Julia. Liburuan nahiko berandu agertzen da. Zergatik?

Hiru belaunaldi dira, eta denak txirikordatzea gehiegi txirikordatzea zen. Tupa dago etengabe, eta aurrena dago amatxi eta ondoren ama. Gainera, Uxue herria behar nuen gainbeheran jarri, behar nuen amatxiren gogoan agertzen den Uxue idealizatu gero ama eta 60ko hamarkada sartzeko.

Uxue herriak indar handia du. Hiltzen ari da.

Amatxi hangoa dut, baina ni Gasteizekoa naiz. Beti izan dut harreman handia herrietako jendearekin. Araban eta Nafarroan, eta iparraldeko barnealdeko herri txikietan gertatzen ari den despopulazioa izugarria da. Eta horrekin batera galtzen doan guztia. Gure amatxi gaztea zenean 1.500 lagun zituen herriak, 200-300 kale etxe zeuden, inork ezin zuen espero hori guztia hondoratuko zenik. Herrian gelditu zirenentzat mingarria izan da, baina nire amatxik ez du inongo minik izan, areago, berak nahi zuen Uxuetik irten. Liburuan agertzen den Pilarrek nahi duena da herritik atera, nahiz eta Uxuekoa izango den betiko.

Eta hizpide ditugun hauetatik izenburua, «Hondarrak».

Bai. Dira etxearenak, Uxuerenak, memoriarenak, transmisioan eta transmisiorik ezean gelditzen zaizkigunak. Umeek gurasoengandik eta aitatxi-amatxiengandik jasotzen dutenetik hondarrak gordetzen dituzte, gatazka bera ere… utopia baten alde borrokatzen zara eta gero egun batean bukatzen da gatazka eta gelditzen direnak dira hondarrak. Hondarrak dira biktimak, hondarrak dira presoak, hondarrak dira ziur asko amets egin dituzunetatik gelditzen direnak gaur egun.

Ateratzen den Tupa ez da 27 urte lehenago sartu zena. Ez da pertsona bera.

Ez, ezta Gasteiz ezta Euskal Herria ere. Ez nuen nahi utzi kalera atera gabe. Tupak bizirik jarraitzen du eta ezin nuen askoz gehiago luzatu, baina bai nahi nuen kanpoko bizitza horrekiko duen talka jaso.

Liburuaren bukaeran eskerrak eman dizkiozu elkarrizketatu dituzun hainbat preso eta preso ohiri, baita Xabier Tupari ere. Zer zor diozu?

Niri lagundu dit nire barreneko gauza horiek ateratzen. Jakina, liburuan agertzen diren asko, bueno, hobeto esanda, denak, badira nire kezkak, ezinegonak, neure buruari azaldu beharrekoak, neure buruari galdetu beharrekoak, eta abar. Baina nik neuk ezin nuen egin, eta Xabierrek, Tupak, eman dit horretarako bidea. Eta esango nuke gainera, nik honekin... gatazkarekikoak Tupak kontatu dituela. Sasoi horretakoak, esan beharrekoak esan ditut honekin.

 

«Gurean, ETAko kideak oso-oso estereotipatuak marraztu dizkigute»

Elkarrizketa ugari egin ditu espetxea ezagutu duten –eta oraindik bertan diren– pertsonekin Xabier Tupa sortu ahal izateko. Espetxeetako gertaerak «benetakoak» dira, hango gorabeherak, pasadizoak, ziegaren dimentsioak, zigorrak eta abarrak. Liburua irakurri duten preso eta preso ohiek ez dute Tuparengan estralurtar bat ikusi. «Tupa errekonozitu dute», dio idazleak. Tentuz egin du hau guztia. Ez zuen akatsik egin nahi.

Zer zailtasun izan ditu pertsonaiak?

Izan daiteke mafiakoa edo militar bat, baina ez dago inongo erreparorik pertsonaia bat sortzeko horrekin. Gurean, maiz, ETAko kideak oso-oso estereotipatuak marraztu dizkigute. Ez dut esaten estereotipo horiek ez daudenik, baina ez dira halakoak bakarrik. Badaude mota gehiago. Adibidez, zenbat aldiz kontatu digute ETAko kide baten euskalduntze prozesua? Horrek ez du esan nahi kenduko diodanik sortu duen mina, ezta hartu duena ere. Eta ez nuen egin nahi. Egongo dira sinopsia irakurrita esango dutenak ez dutela irakurriko, eta errespetagarria da, baina nahiko nuke denek kontakizun zintzoak egitea.

Bukaera aldean biktimaren ahotsa sartu duzu, Joserena. Guardia zibila zen. Sorpresa izan da eta ausarta iruditu zait.

Biktimaren ahotsa da, bai, baina biktimaren ahotsa Tuparen buruan. Ez nintzen ausartuko biktimaren ahotsa zuzenean jartzen. Biktimen lekukotza mordoa irakurri eta ikusi ditut, eta horiek aintzat hartu ditut, baina batez ere interesatzen zitzaidan Tupari nola eragiten dion horrek. Bere militantziagatik parte hartu duen ekintzak eta eragin dituen minak.

Nik ezagutu ditudan ETAko kideak heldu dira ekintzetara bide ideologiko bat egin eta gero, hausnarketa batzuk egin ondoren. Alegia, ez dira psikopatak. Psikopata da nolabait minik ez duena sumatzen. Nik ezagutu ditudanak ez dira horrelakoak. Jakina bizi behar duzula horrekin. Nola egiten duzu hori? Nola ematen diozu ahotsa horri? Niri bide hau okurritu zitzaidan. Pertsonaia bat sortu komunikatzen dena, zeren elkarrekin komunikatzen dira, dialektika bat dute. Pertsona horiek ere badute zeresana. Interpelatu dezagun Tupa baita alde horretatik ere, ezkutatu gabe bestea.

Tupak bere prozesua egiten du, eta bidea ez da erraza. Gauza asko kudeatu behar ditu.

Ez da erraza, baina denok aldatzen goaz bizitzan. Eta Tupa ere bai. Tartean, kudeatu behar du Estatua espetxearen bidez, sortzen duen anabasa guztia, berak pairatu behar duena kartzelako egunerokoan… aldi berean kudeatu behar du familia, bere bizitza pertsonala, egin dituenekiko harreman hori… Nola jokatu, pasa ez balitz bezala? Agian nahi duzu, baina ahotsa hor datorkizu.O.L.

Kanpoko hainbat gauza ikasi baino lehen etxekoa ezagutuko bagenu, hobe. Askotan, hilda daudela jakiten duzu aitatxi eta amatxiz, haien bizitzez. Erabaki behar denean, A ala B, behin aukeratuta bestearekiko hutsunea edo falta sentitzen da. Kanpoan gelditzen dena galtzen duzu kartzelan zaudela.