A. G.
EMAKUMEEN LIGA

Gernika Bizkaiak hankapean erabili du Zamarat

GERNIKA KESB 82

ZAMARAT 56


Lointek Gernika Bizkaiak egundoko sendotasunez irabazi zion atzo Quesos El Pastor Zamarat taldeari. Aurreneko minutuetatik hasita, bizkaitarrek nahi izan zuten guztia egin zuten, eta gainera errotazio guztia mugitu zuten, datorren astean Perfumerias Avenida eta Spar Gironaren aurkako neurketak gogoan.

Bide batez, IDK Gipuzkoari ere mesede galanta egin zioten gernikarrek, Zamarat uneotan donostiarren aurkari zuzena baita, 1-6ko balantzeaz Emakumeen Endesa Ligako zuloan murgilduta.

Atzerapena eta egurra

Akta digital delakoarekin arazo franko izan ziren eta hargatik ordu laurden berandutu zen partidaren hasiera, Zamaraten kalterako. Akordatzerako Gernika Bizkaia 10-0 aurreratik zen eta Gaztelakoek hutsartea eskatu arren, partziala 19-2raino luzatu zuten bizkaitarrek.

Atsedenaldira 42-24 iritsi ostean, Gernika Bizkaiaren aldea 35 punturaino zabaldu zen, 70-35, hain zuzen. Azken minutuetan erlaxatuagatik, hankapean ibili zuen Zamarat taldea une oro.